Juantxo EGAÑA

Caparrosoko errota, Argaren ur-bazterrean

Julio Altadill | Iruñeko Udal Artxiboa
Julio Altadill | Iruñeko Udal Artxiboa

Caparrosoko errota Magdalena auzoan kokatuta zegoen, Arga ibaiaren ur-bazterrean, eta, idatzi batzuetan jasotzen denez, XI. mendekoa da. Garai hartan San Migeleko errota esaten zitzaion eta Magdalenako legenardunen erietxeko jabetza zen. Errota bezala funtzionatu zuen XIX. mendearen erdialdera arte. Gerora, Baionatik etorritako bi industrialarik burdinola bihurtu zuten. XIX. mendearen amaieran, errota zentral elektriko bilakatu zuten. Garai hartan eraiki zuten egunotan oraindik ikus daitekeen tximinia. XX. mendean, zentralaren ondoko eraikin batean, garbitegi publikoa eraiki zuten. Goian ageri den argazkia 1903. urtekoa da. Julio Altadillek egindakoa da, militar ohia, historiagilea eta argazkilari zaletua. Toledon jaioa, txikitatik Iruñean bizi izan zen. Bere argazkietan paisaiak jaso zituen nagusiki, baita senideen eta lagunen erretratuak ere. Bere argazkiekin, besteren artean, “La Avalancha”, “La Voz de Navarra” eta “Euskal-Erria” aldizkariekin kolaboratu zuen Altadillek.