Ander Gortazar Balerdi – @andergortazar
Arkitektoa

Irteera opari dendatik

Banksyk, 2010eko «Exit Through the Gift Shop» filmean, artearen eta merkatuaren arteko harreman gatazkatsua jorratu zuen izenburu aski premonitorioarekin: «Irteera opari dendatik». Bada esaten duenik opari dendak museoaren beste edozein aretoren moduan ulertu behar direla, kasik epilogo lez. Interesgarria litzateke museoen handitze proiektuak hartu, neurtu, eta ikustea zenbat metro karratu berri eskaini zaizkien erakusketa aretoei eta zenbat opari dendei. «Museoetako opari denda onenak», ranking dezente dago Interneten.

Museoen handitze proiektuak ere badira, bere horretan, artearen eta merkatuaren arteko tentsio eta kontraesanen isla. Alde batetik, arte produkzioak eta erosketek gora egin ahala, logikoa da museoen erakusketa azalera ere handitzea; bestetik, badirudi museoak ere sartu direla merkataritza guneek ondo islatzen duten logika garaikide horretan, zeinak obsoleto bihurtzen zaituen “X” urtean behin itxuraldatu ezean. Berritu ala hil.

Egiari zor, Europako museo handiak etengabe handitu dira haien sorreraz geroztik. Eraikin-hegal berriak sortuz egin dute hori historikoki, simetria lortuz batzuetan, simetria hautsiz bestetan, betiere lengoaia klasikoa erabiliz (horregatik, gure begirada garaikide tranpatitik, eraikinen fase klasiko guztiak batasun baten moduan ulertzen ditugu maiz). Azken mende erdian aldatu da dena, lengoaia berrien eta zaharren arteko kontrastea handiagoa delako, eta museoen handitze proiektuen tipologiak ere biderkatu egin direlako: eraikin satelite bidez handitu diren museoak (El Prado museoaren Los Jerónimos eraikina, Rafael Moneo, 2007), hegal xume garaikideak gehitu dituztenak (British Museum museoko kontserbazio eta erakusketa hegala, Rogers Stirk Harbour, 2014), lurpean handitu direnak (Louvre museoko sarrera-piramidea, Ieoh Ming Pei, 1989), eraikin zaharberritu batera lekualdatu direnak (Tate Modern, Herzog & de Meuron, 2000)…

Azkenaldian, baina, estrategia formal bat boladan dagoela dirudi: jatorrizko eraikina eklipsatzeraino oihu egitea. Herzog & de Meuronek euren diseinu propioa neutralizatu dute New Tate Modern eraikinaren bidez, handitze proposamenarekin OMAk Sanaaren New Museum indargabetuko duela dirudi, eta Dresdeneko historia militarraren museoan Libeskindek izotz-labankada batez hausten du jatorrizko eraikin klasikoa, «hemen nago ni, egin iezadazue kasu» esanez bezala. Intuizioa: ez ote diren handitze proiektu efektista hauek iraungitze data hurbilena dutenak.

Irudipen hori izan dut Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lehiaketaren proiektu irabazlea ikusi dudanean. Aurreko handitze proiektua diseinatu zuen arkitektoarekin (Luis Maria Uriarterekin) lan egiteak ematen dion legitimitate estrarekin, Norman Foster britainiarrak jatorrizko sarrera nagusia berreskuratu eta pieza harrigarriki arin bat proposatzen du egungo museoaren gainean. «Errespetuz», argitu dute, excusatio non petita-ka ia. Esango nuke museoak berak ez duela lehiaketaren formatuarekin asmatu, baina, tira, hori beste sagardotegi bat da.

Edonola ere, Foster eta Uriarteren proiektua ikusgai dago Arte Ederren Museoan bertan beste bost proiektu finalistekin batera (Sanaa, Nieto y Sobejano, BIG, Snohetta eta Moneo), urriaren 6ra arte. Irteera, gaur-gaurkoz, opari dendatik pasa beharrik gabe. •