Itzea Urkizu Arsuaga

Baldarrak gara, hala nahi dugunean

Hamaika ikusteko jaioak gara” guztiak berresten dituzte egun berriek, eta benetan horiek guztiak ikusteko jaio ginela pentsatzeko nahikoa arrazoi eskaintzen ditu Twiterreko jario gehiegizkoak; hori du, gizarteari iritzia ematea norbait izatea dela pentsarazteak. Azkenaldian, harrigarria zait denbora-lerroan gure hizkuntzaren eredu estandarrak –euskara batuak– pizten duen ika-mika: ezezagutza baino gorroto handiagotik; gorrotoa baino mespretxu nabarmenagotik; edo, norbere zilborrari begira.

Ez, gurean ez da nobedade hizkuntza balizko tresna politikoen maletan sartzearena. Baina, tira, utz iezadazue asaldatzen, ustez euskararen osasun eta bizirautearen alde ari diren zenbaiten ahotan, batua alboratzen duten adierazpen publikoak irakurtzen ditudanean. Baldarrak gara hala nahi dugunean, alajaina.

Ez dakit noiz izango garen kontziente, batua vs euskalkia dikotomiaren absurdoaz, edo eredu bakoitzaren testuinguruez. Ez dakit zenbateraino dugun gogoan, 2019an badela euskara batua ama-hizkuntza duen euskaldun mordoa. Eta, nazioartearekin hain konektatuta gauden honetan, ez dakit noiz altxatuko dugun begirada, munduko hizkuntza kultu guztiek eredu estandar bat –alegia, batu bat– darabiltela ikusteko.

Zalantza horien guztien artean, ordea, badut irudipen argi bat –bai, ni ere zurrupatu nau iritzia eman beharrak–: letra larriz larria dela, komunikabide publiko nazionalean zenbait dialektok hartzen duten presentzia neurtua, nortasuna markatu nahian-edo; mendea atzera egin nahian. Korrika pasatzen denean euskararen normalizazioaren alde daudela erakutsiz, gero, etorkizuneko euskal hiztun-komunitate potentziala uhinen bestaldean dagoenean, askorentzat arrotz diren formula kolokialak baliatu, eta inkomunikazio egoerak sortzeko.

Baldarrak gara hala nahi dugunean, hala nahiko ez bagenu, arazorik gabe jantziko baikenuke batuaren alkandora, gure euskalkiaren galtzekin batera, konbinazio perfektua osatuz. Irakurri, bestela, Miren Amurizaren “Basa”, eta norberak atera ditzala bere ondorioak. •