Beñat Gaztelumendi
Bertsolariak

Galernak

Ez dakit hondartzan etzan naizen edo hondartzak etzan nauen. Baina hementxe nago, eguzkipeko xigorgailuan. Toalla bat jarri dut harearen eta nire arteko babesgarri, hondar alerik gorputzera itsatsi ez dakidan, badaezpada ere. Urratu berria da goiza eta nire inguruan pilatzen ari da jendea. Hemen, harearen eta uraren arteko eremu mutu honetan, zalantzan nago nire buruarengandik inoiz baino gertuago edo urrunago ote nagoen. Ez baitakit zein den fikzioetan fikzioena: udan munduaren pause botoia sakatzea edo udatik udarako hilabeteetan azeleragailua zanpatzea. Egunkaria zabaldu eta albisteak irakurtzeari ekin diodan arren, olatuen joan-etorrian dabiltza pentsamenduak ere, albistetik albistera jauzika.

Egunkariek ere beren gorputzik finduenak erakusten dizkiote abuztuko eguzkiari. Kapak kendu eta kendu aritzen dira, ia biluzik geratu arte. Eta albisteak ere halaxe etortzen dira askotan. Uztailetik hona, ia egunero ekarri digute eraso matxisten berri. Eta batzuetan, udari eman nahi izaten diogun bestelakotasun erabateko honetan, badirudi urtaro kontuak direla: festen eta gaueko ibileren albo-kalteak, normalak ez diren hilabete hauetan gertatzen diren gauza anormalak, urteko gainerako egunetatik kanpoko zerbait. Testuingurua desagertu egiten da oporraldiek hustutako egunkari-orrietan, gertakaria gertakariaren gainean, testuingurutik, mundutik kanpo, Euskal Herrian hainbeste irakurtzen diren egunkarietako “sucesos” ataletan bezala. Dena bestelako, ezohiko eta salbuespen moduan aurkeztua. “Indarkeria matxista” deitutako kontzeptu abstraktu, lanbro eta ukiezin horren eta egunkariek dakartzaten gertakarien artean loturarik ez balego bezala. Gertakari bakoitza bisturiarekin zabaltzen digute: nola izan zen, zenbat izan ziren, nolakoak ziren, kamerek zer jaso zuten eta lekuko izutuek zer esan zioten kazetariari. Eta ondoren gertaeraren ezohikotasuna azpimarratuko duen zerbaiti helduko zaio, ohikotik urrunduko duen hari-muturrari tira. Eta garrantzitsu beharko ez luketen datuak ezinbestekotzat aurkezten dira. Eta, ahal dela, erasotzaileak “besteak” badira hobe: izan daitezela arrazaz “besteak”, bizi-ereduz “besteak”, portaeraz “besteak”: arabiarrak, okupak, kalean bizi direnak, gauez ibiltzen direnak, lanik ez dutenak, “euskaldun jatorrak” ez direnak, “besteak”. Eta “bestetasun” hori arakatzeari ekingo dio kazetariaren begi klinikoak, gupidarik gabe marraztuko du “bestea” bihurtzen duen ezaugarri hori eta azkenean “bestetasun” hori bihurtzen da erasotzailearen ezaugarri erabakigarri. Ez, esate baterako, gizon izatea. Ez baita beste gizonok bezalakoa, “bestea” baita.

Eta gure hondartzako etzanaldian, lasai hartzen dugu arnasa. Ez gara gu. Uda da, abuztuko iluntzeetako galernek egunkarietan pilatutako biolentziak baino gehiago aztoratzen gaituzten garaia. •