Xabier Izaga Gonzalez
HOGEI URTEOTAKO UNEAK

GARAren hainbat lehen orrialde, Gasteizko Hala Bedi tabernako hormetan ikusgai

Gasteizko Hala Bedi tabernako hormak GARAren hainbat lehen orrialderekin apainduta ageri dira joan den astearteaz geroztik. Manu Arakama argazkilariak, «daukagunaren balioa» nabarmentzeko, egunkari honen 20 urteotako zenbait momentu esanguratsu jaso eta espolioaren salaketa erantsi dio bere erakusketari.

Manu Arakama argazkilari gasteiztarrak ezohiko erakusketa bat antolatu du Gasteizko Hala Bedi tabernan. Oraingoan ez ditu bere argazkiak ikusgai jarri, GARAko hainbat lehen orrialde baizik.

Espero izatekoa denez, GARAren lehen zenbakia ere ageri da horman zintzilik. 1999ko urtarrilaren 30eko edizio hark ez zuen lehen orrialde berezirik agertu, beharbada eguneroko jardun normalizatuaren itxura emateko asmoz, uste izatekoa denez, erredakzioan nerbioak airean ibiliko ziren arren. Zenbaki hartako albiste nagusia hautetsien biltzar bati buruzkoa zen. Baina edizio hark eta gaur arteko ia 7.500 zenbakiek argia ikus zezaten beharrezkoa izan zen urte erdiko lan ikaragarria.

“Euskadi Información” egunkariak iragarri zuen herri proiektu berri hura 1998ko uztailaren 31n, eta Arakamak bere erakusketara eraman du zenbaki hura ere: «1998ko uztailaren 15ean, ‘ausartu’ egin ziren, Aznar presidente espainolaren hitzetan. ‘Egin’ itxi zuten, legez kontra itxi ere. Hurrengo egunean kalean zen ‘Euskadi Información’. Hedabide hark eman zuen beste herri proiektu baten eta hura gauzatzeko kanpainaren berri».

Mikel Laboaren heriotzak bete zuen GARAren 2008ko abenduaren 2ko lehen orrialdea. Erakusketan lehen orrialde horren azpian jarritako testuak dioenez, kultura-ondare ikaragarria ez ezik, elkartasun erakusgarri ugari ere utzi zituen euskal abeslari handiak; horietako bat, GARA kalera atera baino bi hilabete lehenago egunkariaren sorrera ekitaldian parte hartu zuenekoa.

Aurtengo greba feminista ere jasota dago Arakamaren erakusketan. Oharrean gogorarazten duenez, egun hartan egunkari honetako emakume guztiek egin zuten greba, baita zaintza lanak egin behar zituzten gizonek ere; hartara, biharamuneko edizioa ez zen argitaratu.

Bi irizpide

Fidel Castro eta Mandelaren heriotzak, ETAren su eten iraunkorra, euskal preso politikoen aldeko mobilizaziorik handiena eta beste zenbait gaik osatzen dute erakusketa, baina ez dago antolatuta informazio arloen arteko orekari eusteko asmoz. Euskal Herriko politika, nazioartea, jendartea, ekonomia edo kultura jorratu ditu azken hogei urteotan egunkari honek eta haren zenbakien bidez herri honen garai horretako historia arakatu liteke. Arakamak, ordea, lekuak horretaraturik, lagin bakan batzuk baino ez ditu aukeratu.

Bi irizpide nagusik gidatu dute laginak hautatu eta eratzeko: gertakariaren garrantziak eta orrialdearen ikusgarritasunak. Beraz, azken hogei urteotako zenbait momentu esanguratsu agertu eta gogoraraztea baino ez da izan asmoa. Horrenbestez, lekuak eta asmo horrek adierazi diote erakusketaren neurria.

«Maiz ez gara konturatzen dugunaren balioaz», nabarmendu du Arakamak, «eta horrelako hedabide bat, handikien interes ekonomiko eta politikoen menpeko informazio unibertso ikaragarri horretatik kanpoko herri tresna izatea zaindu beharreko altxorra da». Botereen kontrola onartzen ez duen hedabidea dela dio, besteek eskaintzen ez duten ikuspuntua ematen diguna, herritarren pausoarekin batera doana.

Erakusketa prestatzen ari zenean, bere ustea berretsi egin zuen egunkari honek espolioaren xehetasunak argitara eman izanak. Izan ere, joan den urriaren 31n, hogei urte bete eta hurrengo egunean, GARAk Auzitegi Nazional espainolak ordainarazi dion zor bidegabearen inguruko negoziazioen berri eman zuen. Egun hartako lehen orrialdea ere ikusgai dago erakusketan, baita zenbaki bereko editoriala ere, egunkariak hiru urteko epean egin beharreko ordainketen gaineko azalpenak ematen dituena. Arakamak orduan bere elkartasuna eta espolioaren salaketa eranstea erabaki zuen. Hartara, GARArekiko elkartasunez obra bana egin zuten artistak eta asmo berarekin Donostian 10.000 lagunen aurrean kontzertu erraldoi bat eskaini zuten dozenaka musika taldeak ere agertzen dira zenbaki banatan.

Natura eta gai sozialak

Natura-zientzietarako zaletasunak eraman zuen Manu Arakama argazkigintzara. Izan ere, natura da bere jardunaren parte handi bat bete duena, baita egin dituen erakusketa askoren gaia ere. Gogoan du 90eko hamarkadan, Foruko barnetegi batean zela, Bizkaiko kostak zeharo erakarri zuela; horren ondorioz, bertako hainbat herrik ere osatu izan dituzte haren erakusketak.

Horiez gain, Gasteizko Alde Zaharreko Auzo Elkarteko presidentea ere badenak gai sozialak eta politikoak ere zabaldu ditu bere kameraren bidez, hala nola immigranteen edo euskal presoen aldeko mobilizazioak, senideen bidaiak… Izan ere, badu elkartasun horren inguruko proiektu bat; liburu mardul bat, hain zuzen ere, 1986tik gaur arteko elkartasun istorio baten gaineko erreportaje grafikoa, «ikuspegi humanoarekin, berez nahikoa karga politikoa du-eta».

Oraingoz, baina, pozik dago Aiztogile kaleko Hala Bedi tabernan hil honetan eta irailean ikusgai egongo den «ekarpen txiki hau» eginda.