Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Gotortuak

G7koen Biarritzeko goi bilerak Zygmunt Baumanen «Bizitza likidoa» irakurtzen harrapatu nau, non atal bat eskaintzen dien hiriari, beldurrari eta segurtasunari. Aipu batekin hasten da: «Erosotasun existentzialaren faltan, gaur egun segurtasunarekin edo haren imitazio batekin konformatzen gara».

Progresoaren ideiaren errepasoa egiten du Baumenek, konstatatuz optimismo erradikalaren adierazpen gorena zena ia-ia kontrakoa bilakatu dela, alegia, itxaropen ezaren, fatalismoaren, ikur. Aldaketen erritmo biziaren bertigoak jota, progresoak beldurra sorrarazten digu: izua hurkoari, izua arrotzari, izua klimari, izua ekonomiari, izua etor daitekeenari. Eta hiria gizartearen emaitza fisikoa den heinean, beldur horiek guztiek badute euren itzulpen urbanoa, forma ezberdinak hartzen dituena.

Hirietan gero eta gehiago ikusten diren SUV (Sport Utility Vehicle) motako ibilgailu todoterrenoak aipatzen ditu Baumanek segurtasun indibidualaren ikur garaikide moduan, kanpoko arriskuez babesten gaituzten «defentsa-kapsulak». Hor ditugu urbanizazio itxiak ere, gated community (“komunitate hesituak”) literatura akademikoan, non garrantzitsuena ez den community, baizik eta gated. Geltokietan tornuak zeharkatu behar ditugu “kanpotik” “barrura” sartzeko, oinezko gune nagusietan bolardoak edo trabagarriak saihestu behar ditugun bitartean. Txinan bezala, aurpegia ezagutzeko teknologiadun kameratara ohituko gara (jada ohitu ez bagara), eta puntadun zutoinak jarriko ditugu arkupeetako zoko-mokoetan, etxerik gabekoek bertan lorik egin ezin izan dezaten.

Hirietan jende ezberdina bizi da elkarren ondoan, soinez soin, eta arrotzen kontzentrazio horrek badu puntu inprebisible bat, espazio publikoak berezkoa duena. Baumanek ekuazio berean lotzen ditu denak: espazio publikoak aniztasuna esan nahi du, aniztasuna inprebisiblea da, eta inprebisiblitateak beti izango du arrisku puntu bat, hondar-arriskua besterik ez bada ere.

Nan Ellinek dio hiriak sortzearen arrazoi nagusia arriskutik babestea zela (horra hor harresiak), baina azken mendean buelta eman zaiola pertzepzio horri, arriskuak hiriaren kanpoan egotetik hiriaren bihotzean egotera igaro balira bezala. Beldurraren arkitektura gero eta agerikoagoa da, eta pixkanaka, arrisku-pertzepzioak aise gainditu ditu aniztasunarena eta inprebisibilitatearena.

Hiri gotortuez hitz egiten dute Baumanek eta Ellinek; bai eta Harveyk, Smithek eta Davisek ere. Lerro hauek idatzi bitartean, hala dago Biarritz, gotortua. Akreditatuek soilik dute baimendua sarrera; itxita daude tren geltokiak, aireportua eta hainbat errepide; itsasoa zatikatua: “debekatua”, “mugatua”, “kontrolatua”. Hainbat autobus linea etenda, poliziak ia erabat hustu du Baiona erdigunea; hesiak zubietan, negarra eragiteko gasa eta ur kanoikadak. G7koen bikoteek (Merkelenak salbu) Ezpeleta idilikoa bisitatu dute segurtasun amerikarrak babesturik: pilota-partida eta txokolate eta piper-dastatzea. Eta zirrikituak ere badiren seinale, Bizi! mugimenduaren banderola bat ikusi dugu fatxada batetik zintzilik: «Macron champion du climat blabla». •