Maider Iantzi Goienetxe

Uneak

Paradisua ongi dago... bulegoan edo fabrikan zaudenean, edo kaleko obren zaratan. Ilusio gisa. Baina zer gertatzen da benetan paradisuan zaudenean? Nahi duzuna lortzen duzunean? Sagarrari ausikia. Gauza batek, edo pertsona batek, den ona izanda ere, neurriz kanpo betekadara eramaten zaituelako. Aspertzera. Bizigarria behar duzu.

Uneak dira. Batzuetan, dena bere lekuan jartzen da; edo kasik, beti dagoelako piezaren bat faltan, soberan edo indarka sartua, baina puzzlea gutti gorabehera osatua ikusten duzu. Bertzetan, beldurrak agertzen dira. Pentsamenduak maratoilari hutsak baitira, baita lo zaudenean ere. Oraintxe ondoan dituzu, gobernatuta, baina konturatu orduko lasterka ateratzen zaizkizu eta ezin izaten diezu jarraitu. Sarri sobera aitzineratzen zaizkizu eta alferrikako makina bat sufrimendu eragiten dizute.

Dena kontrolatu nahiak azkartzen dizkizu pentsamenduak, baina ezin duzu dena kontrolatu, eta eskerrak. Horixe da bizigarria.

Uneak dira. Denetarikoak dituzu. Zain egotekoak, iniziatiba hartzekoak, bertzeei laguntzekoak eta mimatzen uztekoak. Saiatzekoak. Ekinaren ekinez lortu ezin nuela uste nuen zerbait lortu nueneko momentu hori etortzen zait burura. Betetasun hori. Kideekin konpartituz eta nire buruarekin bakarrik ere ospatuz.

Garrantzitsua bidea dela ez da topiko bat. Energia positiboa transmititzen dizuten bidelagunekin, pasioz, aitzinera! •