Juantxo EGAÑA

Izen ugariko plaza 1930eko hamarkadako Bilbon

Bilboko Laguntzaileen Plazak II. Karlistaldian (1872-1876) karlisten setioan hiria defenditu zuten Laguntzaile Konpainien oroitzapenari zor dio. Institutuko Plaza txikia zenari izen hori ipintzeko proposamena El Sitio elkarteak egin zuen 1925ean, Primo de Riveraren diktaduran. 1937an Nafarroako Brigadak izena eman zioten, Bilbo hartu zuten Armada frankistako unitateen omenez. Gaur egun Miguel Unamuno Plaza da. Argazkia joan den mendeko 30eko hamarkadan egindakoa da eta bertan azoka txiki bat ageri da, egun Erriberako Merkatua den Plaza Zaharrekoaren ordezkoa eta bertan zegoen Institutua eraitsi ondoren geratu zen lekuan egunero ipintzen zutena. Eskaileretan gora Begoñara igotzen zen, eta eskuinaldean den eraikina Lezamako trenbide zaharrarena zen. Egun Arkeologia Museoa dago bertan. Argazkiaren egilea German Elorza izan zen (Gasteiz,1910 - Bilbo, 1983). 1932an hasi zen argazkigintza profesionalaren munduan, gurasoekin Bilbora aldatu zenean. Han, On Diego Lopez de Haroko kale nagusiko Casa Lux-en lanean hasi zen Manuel Torcidaren eskutik. Luze gabe, bere kabuz jarraitu zuen bere lanbidean eta berriemaile hasi zen Prensa Gráfica taldeko egunkarientzat, hala nola tokiko zenbait kazetarentzat. Haren trebezia eta begirada fotografikoagatik kontratatu zuten Bilboko “La Tarde” egunkarian, eta, frankistak Bilbora sartu ondoren, “Hierro” arratsaldeko egunkari falangistan. 1974an Athleticen eta Gijongo Sportingen arteko partidu batean lanean ari zela izan zuen istripuak argazki-kazetaritza uztera behartu zuen. Haren argazki funtsa Euskadiko Artxibo Historikoan dago.