Dabid LAZKANOITURBURU
analisia

«Ezintasun» espainola

Berriro hauteskundeak deitzeak politika espainolaren «arduragabekeria» eta «ezintasuna» agerian utzi dituen mezua nagusitu da. Auzia sakonagoa da eta Estatuaren krisi existentziala eta ezkerraren kainismoa ditu oinarri besteak beste

Amaitu da apirilaren 28ko hauteskundeetan hasi zen telesaila, baina hurrengoa hastear da jada. Izan ere, bost hilabeteren bueltan, azaroaren 10erako hauteskundeak iragarri dituzte, 2015etik laugarrenak, iazko gobernu aldaketa albo batera utzita. Harridura eta haserrea dira nagusi, edo harridura nagusi izatea erabaki dute elikatzen gaituzten hainbat komunikabide eta “tertulistok”.

Politikarien arduragabekeria agerian geratu omen da, euren lana akordioetara heltzea baita antza. Edozein akordiotara iristea ahal da politikarien lana? Ez dut uste eta nik neuk behintzat ez nuke horrelakorik nahi. Horretan datza «lotsa» eta «arduragabekeria» ahotan darabiltzaten askoren lehen gehiegikeria. Akordio zehatz baten, eta ez edozein akordioaren, alde zeudelako kexu diren batzuk, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioa, hain zuzen ere.

Zilegi bai, baina...

Zilegi da aipatu akordioa nahi izatea, dudarik gabe. Ni ere uztaileko negoziaketen porrotaren ondoren irailean Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok gidatzen duten mugimenduak amore emango zuelakoan nengoen, gobernu koalizioa lortzen ez bazuten ere, azken unean Pedro Sanchez presidenteari babesa emango ziotelakoan. Oker nengoen –beste behin ere–, baina ez naiz bakarra. Hori bai, askok uste genuen Podemosentzat hiru ministerio “txiki” eskuratu baino interesgarriagoa zela Parlamentuan PSOE estu lotzea.

Kontuak kontu, azkenean uztailean onartu ez zuen akordioa ontzat emateko prest ere agertu da irailean Iglesias, eman ez den negoziaketa batean baina. Kalkulu okerra egin du. Sanchezek koalizio gobernu bat hitzartzeko garaia iragana dela esan eta berean jarraitu du. Bejondeiela batari eta besteari!

Nork daki zer gertatuko zen, Portugalen bezala, Unidas Podemosek Legebiltzarrerako akordio baten alde egin izan balu. Izan ere, Iberiar penintsularen ekialdeko herrialdean, Alderdi Sozialistak (PS) du gobernua eta Alderdi Komunistak (PCP) eta Bloco ezkerreko alderdiak Parlamentuan babesa ematen diote. Inkesten arabera, egoera horrek batez ere Antonio Costa lehen ministro sozialistari egingo dio mesede aurki izango diren hauteskundeei begira. Hori bai, Gobernuak zenbait murrizketa sozialen aurka egin duen heinean, Portugalgo herritar arruntak ere irabazten atera direla esan daiteke. Eta hori ere ez da gutxi.

Hipotesiak hipotesi, baina, beste galdera bat geratzen da airean: «Onartuko al luke Sanchez presidente espainolak baldintza horietan karguan jarraitzea Podemosek amore eman izan balu?». Iglesiasek behintzat ez du nahi izan. 2011ko “haserretuen” mugimendutik jaio eta 2015ean eta 2016an PSOEri sorpasso-a emango ziola amestu zuen Podemos ahultzen ari da eta, koalizioa eratu zutenetik geratzen den buruzagi bakarrak, Iglesiasek, bera ezean bereak gobernuan sartzea behar-beharrezkoa zuen. Are gehiago kontuan hartuta Iñigo Errejon Podemoseko buruzagi ohiak Manuela Carmena Madrilgo alkate ohiarekin eratu duen Mas Madrid plataforma Estatu espainiarreko hiriburuan sendotu egin dela, Podemos beraren kalterako. Sendotu egin da eta, gainera, iturri batzuen arabera, Madriletik at hedatzeko asmoa ere badu.

Ezkerraren patua

Egoera hori baliatuta, Pedro Sanchez PSOEko agintariak sekula ez duela Podemosekin akordioetara iritsi nahi izan diote askok. Baina apirilaren 28ko emaitzek –Sanchezek emaitza hobeak espero zituen baina Iglesiasek eutsi egin zion telebistako eztabaidetan burua altxatu ostean– eta eskuinaren mehatxuaren aurka egindako kanpainak nolabait behartu zuten presidentea ezkerreko alderdien arteko akordioa defendatzera.

Jarraian, maiatzaren 26ko hauteskundeetan (lokalak, autonomikoak eta europarrak), Unidas Podemosek emaitza kaskarrak izan zituen eta horrek Sanchez zentrora hurbiltzera bultzatu zuen. Bestalde, egia da ere ezkerraren patu existentziala indar ezberdinen artean akordiorik ez lortzea dela, izen eta esentzien borrokan amiltzen delako beti, zein den ezkertiarrago erabaki nahian. Egia da, halaber, espazio politiko bera eskuratzeko lehiakideak diren alderdiek ez dutela gobernu akordio bat bera ere Europa osoan.

«Borgen» telesaila

Ildo horretan, askotan aipatu izan da hilabeteotan “Borgen” telesaila, Danimarkan gobernu koalizio bat osatzeko negoziaketak ardatz dituen fikzioa, Espainiak arlo horretan omen dituen gabeziak azpimarratzeko. Danimarka ez da Espainia, baina bada beste zerbait ere: bikingoen herrian aspalditik bizi den alderdi aniztasunak ez du zerikusirik Ebrotik behera nagusi izan den bipartidismoarekin, are gutxiago apirileko hauteskundeetan nagusitu zen frentismoarekin (ezkerra faxisten aurka batzuentzat, konstituzionalistak “Espainia Handia” desegiteko prest daudenen aurka besteentzat).

Arlo batean, ordea, baliogarri izan daiteke konparaketa. Izan ere, bozen osteko negoziaketen porrota krisi sakonago baten baitan kokatzen dute batzuek, bipartidismoaren krisian hain zuzen. Horien ustez, alderdi nagusiek, PSOE tartean, ez dute onartu egoera politikoa zeharo aldatu dela eta atzera egin nahiko lukete, nola edo hala. Horrek azalduko luke Sanchezen noraeza azken hilabeteotan. Noraeza edo agian ustezko noraezaren azpian ezkutatzen den plangintza kalkulatu oso bat: Ivan Redondo donostiarraren aholku demoskopikoek lagunduta, PSOEren asmoa bipartidismoa berpiztea litzateke, Podemos eta Ciudadanos satelite huts bihurtuz.

Ezkerreko botoen gehiengoa ziurtatuta duelakoan, «zentroa» eta «moderazioa» aldarrikatzeari ekin dio presidente espainolak azken egunotan. Albert Rivera Ciudadanoseko buruak eskuinera egin duen bidaia baliatu nahi du azaroaren 10ean emaitza hobeak lortu eta bere posizioa indartzeko legealdi berri baten atarian (PPren abstentzio arduratsua behartzeko adina).

Riverak aste honetan bertan luzatu dion proposamena –Nafarroako gobernua bertan behera uztea, Katalunian 155a nola ezarri adostea eta zergak ez igotzea–, Ciudadanoseko buruzagiaren urduritasunaren seinale litzateke. Izan ere, Katalunian unionismoa defendatzeko sortu zen eta PPri sorpasso-a emango ziola amestu zuen alderdia helburu horretatik oso urruti geratu zen azken hauteskundeetan. Ametsa bete ez eta inkestetan beherako joera du, gainera, barne krisi bete-betean den alderdiak. Azken batean, PSOEk Ciudadanosi behin eta berriz Sanchezek presidente gisa jarraitzeko abstenitzeko egindako eskaera tranpa hutsa baino ez da izan. Tranpa eta datozen hauteskunde osterako gonbita, Riverari edo agian bere oinordekoari.

Katalunia

Dudarik gabe, eta asteon bertan Arnaldo Otegik azaldu duen moduan, Kataluniaren auzia dago Sanchezen erabakiaren atzetik. Podemosek baino gehiago kezkatzen zuen ERCren eta Bilduren menpe hastea legegintzaldia. Kataluniako auziak zerikusi handia izan du gertatutako guztian eta auzi berak gidatuko ditu, seguruenik, datozen hauteskundeen osteko negoziaketak ere. Are gehiago procés-aren sententzia hauteskunde kanpainan bertan kaleratuko dela kontuan hartuta.

Sanchezek hautua egin eta arriskuak hartzea erabaki du. Abstentzioak, errelatoaren lehian irabazlea zein den (nor izan da hauteskundeak deitzearen erantzulea?) eta egoera ekonomikoak (krisi zantzuak datoz Alemaniatik) zerikusia izango dute emaitzetan. Arduragabekeria politikoa ez delako hasten eta agortzen hauteskunde deialdi batean. Askoz urrunago doa, baita geografikoki ere.