Amaia Nausia Pimoulier

Gaurko inkisizioaren «adiskidetuak»

Alfonso de Salazar y Frias, inkisidorea, 1610eko Logroñoko Fede Autoaren ondoren iritsi zen euskal lurraldeetara. Asmo ezberdinak zituen gure mendietara iritsi zenean, baina nagusiena sorginkeriaren mitoarekin amaitzea zen. Ez zen sorginen inguruan zalantzak zituen lehena, ez bakarra. Baztan eta Bortzirietako lau lagunetik bat, hau da, 1.271 lagun, sorginkeriarengatik susmagarritzat jo zituztenean askok pentsatu zuten ez ote zen dena agintarien gehiegikeria eta asmakizuna.

Salazar y Friasek aitzindariak izan zituen, ez bakarrik Zugarramurdiko auzian. Mende erdi lehenago Zaraitzu bailarako alkateak susmo berdinak adierazi zituen, eta, Salazarren garaietara itzuliz, Antonio de Venegasek, Iruñeko apezpikuak, Inkisidore Nagusiari bidalitako gutunean hala adierazi zion: «que en este negocio de las brujas hay grande fraude y engaño... y que mucho de lo que publican es nacido todo de la demasiada diligencia que los comisarios de la Inquisición han hecho». «Demasiada diligencia» hori torturei buruz hitz egiteko modu ez zuzen bat baino ez zen. Jakina zen sorginkeriarengatik salatuak izan zirenen aitorpen gehienak, edo guztiak, tortura prozesu gogor eta luzeen ondorioz lortu zirela. Hego Euskal Herrian milaka susmagarri egon ziren mende bakar batean, ehunka zigortu. Zigor motak desberdinak ziren, heriotza, kasu larrienetan, baina beste batzuetan lurraldetik kanporatuak izatea edo familia osoaren ondareen galera.

Azkeneko makroepaiketekin laurehun urte atzera egin dugu. Gaur egungo Euskal Herrian, garaiko Baztan edo Bortzirietan sorginkeriarekin gertatzen zen bezala, ia familia guztietan edo lagun talde guztietan “dena da ETA” leloaren pean Estatuaren zigorra modu batean edo bestean jasan dutenak ezagutzen ditugu. Zigorrek kasu batzuetan heriotzaraino eraman dituzte batzuk, beste askok gaztaroaren urte onenak galdu dituzte kartzelan, ondarea eta bizimodua galdu dituztenak ere badira. Berriro ere, XVII. mendeko inkisidoreak bailiran, sistema judizialaren indar guztiarekin baliatu dira 47ek nolabaiteko zigorra jaso dezaten.

Egia da askok arnasa hartu genuela jakin genuenean bi taldekideren sakrifizioari esker beste 45ek ez zutela kartzelan egun bat gehiago emanen. Baina lasaitasunak berehala ezinegonari utzi zion lekua beste motako zigorrak ezagutu genituenean. Mekanismoa garai batean Inkisizioak Catalina de Aranibarrekin erabili zuen bera izan da, beldurra. Berak zuzenean azaldu zion Salazar y Friasi gertatutakoa; «habiendo procedido los jurados y justicia con prisiones, vejaciones y molestias contra ésta so color de imputarle ser bruja y pretendido que lo confesase, retorciéndole el pescuezo hasta casi hacerla morir, por evadir las dichas molestias sin otro fundamento alguno vino ésta a confesar lo era sin haberlo sido jamás … y en la Inquisición de Logroño en virtud de sus confesiones fue absuelta y reconciliada».

Kasu honetan Estatuarekin adiskidetasuna “bai” xume batekin lortu dute. Baina “bai” horrek ekarriko dizkien galera guztiak lotsagarriak dira bere burua zuzenbidezko estatutzat jotzen duen Espainia bezalako lurralde batentzat. •