Juantxo EGAÑA

1912. urteko baserrietako gogortasuna

Jesus Etxebarria/ Etxebarria Mugertza sendia
Jesus Etxebarria/ Etxebarria Mugertza sendia

Goian ageri den argazkia Errigoitiko (Bizkaia) baserri batean egina da, 1912. urtean. Argazkiak zorrotz islatzen du duela mende bat baserrietan bizimodua zein gogorra zen eta nolako pobrezian bizi ziren. Egilea Jesus Etxebarria (1882-1962) argazkilaritza zalea izan zen, Bilbon familia burges baten magalean sortua. Bere aitak garraio enpresa bat zeukan. Etxebarria 21 urte zituela Banco de Bilbaon hasi zen lanean, 1903. urtean. EAJko militantea zen eta 1911. urtean ELA/STV sindikatuaren sortzaileetako bat izan zen. 1937. urtean, frankistak Bilbora sartu zirenean, errepresaliatua izan zen Jesus Etxebarria. Esanda bezala, argazkilaritza zalea zen eta bere lanetatik nabarmentzekoak dira irudi estereoskopikoak, Alemaniako eta Estatu frantseseko hainbat lehiaketetara aurkeztu zituenak. 1916. urtean Kataluniako prentsan agertutako artikulu batean honako hau nabarmendu zuten Etxebarriari buruz: «Argiaren eta paisaiaren maitalea eta argazkilaritza estereoskopikoaren aldeko kartsua, bere ekoizpen guztietan jasotzen du miniaturaren nortasuna. Primeran biltzen ditu kontenplazio atsegineko giro batean, edertasunez eta poesiaz betetako giroan».