Miren Azkarate Badiola

Forondatik Prateko aireportura

Lerro hauek Kataluniako procés auziaren epaiaren biharamunean idazten ditut. Espainiako Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkie lurralde hartako politikari eta mugimendu zibileko hainbat kideri. Ez, tamalez ez dut sorpresaz hartu albistea, Euskal Herrian batzuk oso ezagunak ditugulako Audientzia Nazionalak eta Estatu espainiarrak berak eragindako injustiziak. Urrutira joan gabe duela egun gutxi Altsasuko gazteen epaia jaso genuen eta gaur 36 urte Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta erail zituen Estatuak. Badakigu bai zertarako diren gai.

Orain entzun nahi nituzke nik urte luzez herri honetan aho bete eta puztu-puztu «bonbak edo bozak» edo «biolentziarekin ez da ezer lortuko, bide politiko eta demokratikoetatik bai» esaten zuten horiek guztiak. Ikusten denez, bide batetik eta bestetik, oraingoz, behintzat, emaitza berdina da: kartzela eta errepresioa.

Hala ere, esperantzarako leiho bat badela erakutsi didate katalanek. Begiak komunikabideek eskaintzen dizkiguten irudietan ditut iltzatuta: Prateko aireportua jendez lepo. Hor dago garaipena, herrian. Tsunami hori ezin du Estatu espainiarrak berak ere gelditu, denbora kontua da.

Hunkituta eta sekulako inbidiarekin bizitzen ari naiz ematen ari diren erantzuna, hori hemen ezinezkotzat jotzen baitut. PNVko agintari eta boz emaileak urtean behin Forondako zelaietan bakarrik ikusten ditut “independentzia” oihukatzen, eta horrela ez gara urrutira iritsiko. •