Xabier Izaga Gonzalez
Interview
Alazne beltran de lubiano eta miren esnaola
Judimendiko gazte asanblada

«Ikusi dugu hau ez zela posible izango auzo bat aretoaren aurka lerratu izan ez balitz, auzo antolakuntzan oinarritutako borroka bat izan ez balitz»

Alazne Beltran de Lubiano eta Miren Esnaolak azaldu digute Judimendiko Gazte Asanbladaren izenean Gasteizko auzoan irekitako joko aretoaren kontrako borroka. Bi hilabetez itxita egon ostean berriz da zabalik, baina ez daude etsitzeko prest.

Bi urte eta erdi dira Gasteizko Judimendi auzoan joko areto bat zabaldu zutela. Aurtengo udan ateak itxi zituen, aretoko taberna kudeatzeko prest zegoenik aurkitu ez zutelako, antza. Izan ere, aretoa zabaldu zutenetik auzoko Gazte Asanbladak haren aurkako kanpaina bat abiatu ondoren, auzo osoak bere egin zuen borroka hori. Joko aretoa bi hilabetez itxita egon da, baina joan den astetik zabalik dago berriro. Judimendi Gazte Asanbladako kide birekin hitz egin dugu oraindik amaitu ez den borroka horretaz.

Nola eta zergatik hasi zen joko aretoaren aurkako dinamika?

ALAZNE BELTRAN DE LUBIANO: Duela bi urte eta erdi ireki zuten joko aretoa. Jende asko hara joaten hasi zela eta bertan normaltasun osoz kontsumitzen zuela ikusi genuen, tartean gazte asko. Aldi berean, Gasteizen gero eta areto gehiago zabaltzen zituztela. Judimendiko Gazte Asanbladakook auziari heltzea erabaki genuen.

MIREN ESNAOLA: Ez genuen hori normalizatzerik nahi, joko aretoek sortzen duten ludopatia, menpekotasuna, alegia. Horrez gain, beste gauza asko ikusi genituen, bertako tratu kaskarra, edo inguru horretan droga pasatzen zela…

Eta ikerketa bat egin zenuten.

A.B.L: Auzo bizitza hiltzen zuen espazio bat zela sumatzen hasi ginen eta Gazte Asanbladak “Auzoan jokoz kanpo” dinamika abiarazi zuen, zenbait fase izan dituena, eta lehenengoa ikerkuntza izan zen, bai. Alde batetik auzoko bizilagunei galdeketa bat egin genien, jokoaren inguruan, joko aretoa zer iruditzen zitzaien… Beste alde batetik, lokala hobeto ezagutu behar genuen, eta bertan ere egin genuen ikerketa, asteko hainbat egun eta ordutan, zer jende mota sartzen zen, bertan zenbat denbora ematen zuen, nor sartzen zen tabernara eta nor joko aretora, eta abar. Ondoren, hango langile ohi batzuekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta haien lan-baldintzen berri jakin genuen.

M.E.: Uste genuen baino okerragoak zirela jakin genuen, oso kaskarrak, bai ordutegiei, bai soldatei dagokienez, nagusia pertsona eskasa zela, batzuek auzitara jo zutela dirua zor zielako…

Auzoko tabernekin ere arazoren bat omen zegoen.

A.B.L.: Lokal horren ordutegia beste edozeinena baino askoz zabalagoa zen, eta, prezioak, askoz merkeagoak, EAEko joko areto kate handi bateko negozioa izanda, horretarako ahalmena baitauka. Ondoko bi tabernek itxi egin behar izan zuten, lehia horri ezin eutsita.

Txosten bat argitaratu zenuten, ezta?

A.B.L.: Bai, dinamikaren izen bera duena, “Auzoan jokoz kanpo”. Ondoren, bigarren fasea abiarazi genuen, txostenaren sozializazioa, hain zuzen. Horrekin auzoa gai honekin sentsibilizatzea bilatu genuen, metodologia bati jarraituz. Ikastetxeetara eta Adinekoentzako Zentrora joan ginen informazioa ematera… erretirodunen “ibilaldi osasungarriak” egiten genituen, euren dinamikan sartzeko, eta horrek auzoko askotariko lagunekin lan egiteko aukera eman digu.

M.E.: Nik uste dut jendeak arazo horren gainean kontzientzia hartzea lortu dugula, gure dinamika ulertzea, joko aretoak benetan zer eragin duen, baita ludopatiatik haratago ere. Batzuek pentsatu zuten ez zutela areto horretan kontsumitu behar, ez menpekotasunagatik bakarrik, baizik eta baita ezagutzen ez zituzten beste kontu batzuengatik ere.

Zer gehiago egin zenuten dinamika horren barruan?

A.B.L.: Sozializazio eta sentsibilizazio fasearen ondoren konturatu ginen egiten ari ginena azken batean gazteon dinamika zela, baina arazo honek auzo gisa eragiten zigula; egiturazko arazoa izanda, auzo mailako borroka izatera salto egin behar zela. Orduan sortu zen “Judimendik joko aretoari ez” auzo plataforma eta dendekin, tabernekin eta haietara joaten zen jendearekin eta auzo elkartearekin harremanetan jarri ginen. Prentsaurreko batean plataformaren berri eman genuen. Hilabeteko azken ostegunetan kontzentrazioak egiten genituen joko aretoaren parean, eta soinean eramateko txapa batzuk eta lokaletan jartzeko banderatxo batzuk atera genituen. Horrela borroka honetan auzo guztia batera agertzen zen irudia lortu genuen, agerikoago eginez.

M.E.: Ekainean mobilizazio batera deitu genuen. Joko aretoen kontrako Euskal Herriko lehenengo manifestazioa izan zen, hedabideek esan zutenez. Oso potentea izan zen. Horrekin amaiera eman genion ikasturteari.

Taberna kudeatzen zuenak utzi egin zuen.

A.B.L.: Bai. Alde batetik, joko aretoaren, negozioaren jabea dago, eta, bestetik, taberna kudeatzen duena, alokairuan. Jakina, hainbat hilabetetako mobilizazioen eta ekimenen ondoren, nabaritu zuten gero eta jende gutxiago joaten zela. Gu ere konturatu ginen horretaz. Auzoko jai batzuetatik hurrengoetara argi ikusi genuen, zeren, goizeko bostetan edo seietan oraindik zabalik zegoenez, txosnak itxi ondoren jende guztia hara joaten zen, eta, hurrengo urtean, askoz jende gutxiago joan zen.

M.E.: Pintxo-poteetan ere nabaritu zen. Hasieran beteta egoten zen; jakina, oso prezio merkeak zituen. Eta horretan nabaritu dugu sentsibilizazio mailan asko lortu dugula, urte batetik bestera jende pila batek utzi baitio hara joateari; gure borrokara batu da.

Eta, halako batean, itxi egin zuten.

A.B.L.: Manifestazioaren ondoren, udan, lokala itxita topatu genuen. Ez genion gehiegizko garrantzirik eman, baina iraila heldu zen, berriro lanean hasi eta konturatu ginen bazituela bi hilabete itxita. Auzo elkarteko kide batek esan zigun tabernari bat berarekin hitz egitera joan zela, joko aretoko taberna hartzea eskaini ziotela eta gurekin hitz egin nahi zuela.

M.E.: Bazuen dinamikaren berri, eta gurekin akordio batera iritsi nahi zuen. Prezio eta ordutegi normalak jartzeko prest omen zegoen.

A.B.L.: Irailaren erdi aldera prentsaurrekoa egin genuen. Bagenekien azkenean irekiko zutela, baina garaipen txiki bat bezala hartu genuen, eragin sozial nabarmena egon delako, presio soziala, auzo mailako borroka eta antolakuntza egon dira hori gertatu ahal izateko.

Ez zenuten ezer negoziatu?

M.E.: Prentsaurrekoan argi esan genuen arazoa ez direla prezio edo ordutegiak. Harago doa, jokoaren ondorioak dira. Beraz, horren inguruan ez zela ezer adosterik esan genuen.

A.B.L.: Elkarteko lagun horrek esan zigunez, tabernaria prentsaurrekoan egon zen eta atzera egin zuen, ez zuela irekiko esanda.

Eta urriaren 15ean berriro zabaldu zuten.

A.B.L.: Bai, orain hartu dutenek adierazi nahi dute zerbait berria egin dutela, baina badakigu zer den, Premium joko aretoen kateko lokal bera, taberna bezala agertuta benetan dena ezkutatzen badu ere.

M.E.: Nahiz eta aurpegia garbitu nahi izan, lehengo baldintzetan jarraituko dute, ez dakit nori sartu nahi dioten ziria. Hasieratik kontziente ginen oso zaila izango zela Judimendiko joko aretoa ixtea, baina gure ideia, gure zeregin garrantzitsuena sentsibilizazioa zen, mobilizazioa, jendea gerturatzea eta errealitatea ikustea. Bi hilabetean itxita egon da eta hori guretzat garaipen handia da. Joko kate bat da, tartean diru asko dago… bagenekien zeren aurka ari ginen borrokan. Hala ere, izan dugun oihartzuna, baita Euskal Herri mailan ere, gure auzoan adin guztietako jende asko mugitu izana eta jende askok aretora joateari utzi izana lorpen handiak dira.

A.B.L.: Bai, bagenekien besteen kontura aberastu nahi zuen norbait topatuko zutela. Eta nabarmendu beharra dago joko areto hauek legeztatuta daudela, eta gero eta gehiago daudela. Herri mugimenduko kideok aspaldi gabiltza lanean, gero eta dinamika gehiago abiatzen dira, Bilbon, Azpeitian… Kontzientziazio maila bat hartzen ari da gizartea; guk jarraituko dugu, instituzioak interpelatu nahi ditugu.

Izan duzue instituzioekiko harremanik?

A.B.L.: Oraindik ez. Bilboko Eragineko kideek instituzioetara eraman zituzten zenbait eskakizun, bide hori pixka bat jorratu dute.

M.E.: Borroka hau ez da gazte edo herri mugimenduaren ardura bakarrik. Herri mugimendua etxeko lanak egiten ari da, baina instituzioek neurriak eta ardurak hartzen ez badituzte, nahiz eta guk borroka hori plazaratu, kontzientziazio maila igo, arazoak jarraituko du, horregatik eskatzen diegu instituzioei neurriak eta ardurak hartzeko konponbide kolektibo bat eman ahal izateko.

Jokoa legala da, eta apustuak boladan daudela dirudi.

A.B.L.: Bai, gehiegizkoa da, eta telebistan eta leku guztietan iragartzen dituzte, kirol taldeek publizitatzen dituzte... Egia da ETBk esan zuela ez zuela horrelako iragarkirik jarriko, baina futbol partidu bat jartzen baduzu, mezu hori bidaltzen ari zara. Lorpen txiki batzuk izan dira herri mugimenduaren borrokagatik, baina azken urteetan joko aretoak ugaritu egin dira, eta ez da arazo larri gisa sumatzen. Hala ere, horren eragina urteak igarota ikusiko da, beste droga batzuekin gertatu den bezala, benetan dakartzan kalteak aurrerago ikusiko ditugu. Ikastetxeetan egin genuen biran ikusi genuen adin txikiko asko jokatzera sartzen zirela eta diru pila bat galtzen zutela, baina eurek oso modu normalean ikusten zituzten lokal horiek.

Aurrera begira, ezer erabaki duzue?

A.B.L.: Joko aretoa berriro zabaldu baino lehen egin genuen prentsaurrekoan esan genuen guk geure dinamika honi amaiera eman nahi geniola; hala ere, ez genuela borroka hau utziko, eta behar denean hor egongo garela, baina ez dugu horren inguruko erabakirik hartu. Garrantzitsua iruditzen zaigu dinamika honetan dabilen jendearekin saretzea eta aliantzak sortzea, borrokak partekatzea, eta sare hauek josten jarraitzeko deia egin nahi dugu, batez ere antolakuntzaren beharra nabarmenduta. Eta borrokak merezi duela.

Gazte Asanblada izan da borroka honen sortzaile eta eragile nagusia.

A.B.L.: Bai. Bagara borroka honetan aitzindari eta badaukagu ardura bat, ez dugu pentsatu ere egin hau alboratzea. Auzoari begira, garaipen txiki hau baliatu nahi dugu auzo botereaz eta autoantolakuntzaz ere hitz egiteko. Ikusi dugu hau ez zela posible izango auzo bat aretoaren aurka lerratu izan ez balitz, auzo antolakuntzan oinarritutako borroka bat izan ez balitz.

M.E.: Jendea prest dagoela ikusi dugu, eta ezin dugula bat-batean guk sortutako borroka hau utzi. Uste dugu jende asko mugitu dela, adin guztietako jendea, gurekin batera, eta hausnartu egin beharko dugu orain gure posizioa zein izango den, badakigu beharbada ez ditugula azken bi urteotan adina ekimen egingo, baina oso garrantzitsua da “Judimendik joko aretoari ez” dinamikak bizirik irautea, behar denean erantzun bat emateko, eta presentzia izateko, baina Gazte Asanbladak auzoan dauden beste problematika batzuez ere arduratu beharra dauka.

Honekin uztartuta?

M.E.: Bi urtean joko aretoaren dinamikarekin ibili gara, eta unea da Gazte Asanbladak, indar eta fruitu hauek hartuta, auzo boterearen inguruan hitz egin eta bestelako borrokak ere ideia honekin lotu eta elikatzeko. Gazte Asanbladak bere ibilbide propioarekin jarraitu behar du. Jarraitu egingo du auzoan dauden arazoez hitz egiten eta haiei erantzuna ematen, azken hogei urteotan egin duen bezala, aurten baita hogeigarren urteurrena.