Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Exijentziaren arriskuak, mamuak eta tranpak

Belaunaldi geroz eta zorrotzagoak gara. Guraso bezala izugarria da gure seme-alabekiko dugun exijentzia, geroz eta handiagoa. Baita bezero moduan ere. Gure seme-alabak berdintasunean, lehiakortasunetik libre, talde lanetan hezi nahi omen ditugu, baina, errealitatean, ez gara gure lehiakortasunaz ohartu ere egiten.

Kirol arloan izugarria da ematen den eromena. Futbolean gure semea edo alaba nahi dugu ondoen aritzea, pilotan guk esaten diegun eran jokatzea nahi dugu irabazteko... Irabaztea da garrantzitsuena, baina askotan pentsatzen dut, norentzat? Aitarentzat, amarentzat ala umearentzat? Eta zeini begira? Akaso haurraren guraso hari kalte egiteko da garrantzitsua irabaztea? Iparra galtzen ari gara.

Gurasoen arteko lehiakortasunak itsutu egiten gaitu eta ikaragarria da nola iluntzen eta konplikatzen diren harremanak frontoietan, futbol zelaietan, saskibaloi partiduetan… Exijentzia hori ez da bakarrik arlo akademikoan edo kirolean ematen, gure seme-alabak bereziak izatea nahi dugunean ere ematen da; esaterako, emozioen kudeaketa beren kasa konpondu behar dutela eskatzen diegunean. Hitz gutxitan esanda: haurren prozesuak ulertzen ez ditugunean, zorrotzak bihurtzen gara, haien erritmoak errespetatu gabe. Beraien izaerak aldatu nahi ditugu. Gainera, ahalik eta azkarren, prozesuak bizkortuz.

Haurrak eta gazteak, burutik baino, tripetatik ari gara hezten; alegia, emozioetatik, zentzua eta sena armairuko tiradera ezkutuan utziz. Eta buruak aginduta askotan guraso eskoletara, xaman, “iluminatu”, osteopata edo psikologoarengana joaten gara, haiek errezeta magikoa edukiko balute bezala… Burua galduta Jainko berrien bila. Hark esango du eskolaz aldatzeko, hau eta hura hartzeko… Baina guk, ama/aita roletik, zer uste dugu dela hobea gure haurrentzat? Bikote edota familia bezala zein arau eta limite jarriko dizkiogu?

Gauza bera eskolan. Batxilergoan, zenbat antsietate eta krisi noten inguruan; zein pisutsua den edozertan bikain izatera behartuta egotea. Sarri Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleak ere exijentzia horretan erotzen dira, eta, ondorioz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako haurrak blokeatuta gelditzen dira konfiantzaren teoriatik exijentziaren teoriara pasata.

Eta eskolaz ari garela, guraso eta irakasleen arteko harremana aztertzeak badu interesa. Nola harremantzen gara gure haurren tutoreekin? Elkarlanetik, exijentziatik, hurbiltasunetik, tripetatik, burutik? Zer eskatzen diogu ikastola edo eskolari?

Exijentzia lagun ona da tamainan laguntzen zaituenean zeure lanean egunetik egunera profesional hobea izaten, baina tentuz ibili behar dugu kontra ere etor daiteke-eta, esaterako, egun osoa gainean duzulako bizitzen uzten ez dizunean. Buru gainean gillotina handi bat edukiko bazenu bezala… Hil ala bizi kirolean, hil ala bizi ikasketetan… lagunekin!

Exijentzia zaila da lantzen, zeren eta zorrotza denak askotan ez ditu bere exijentziak halakotzat jotzen. Zorrotzak diren gurasoak horrela diote: «Hala izan da beti, pautak behar ditugu haurrak hazteko, are, pauta zehatzak; nik ez diot eskatzen horrelako notak ateratzea…». Burutik tripetako ibilbidea egin dezagun! •