09/11/2019

Sebastiana Par
Guatemalako kITXE Herrien Kontseiluko kidea

Guatemalako Kitxe Herrien Kontseiluko kidea Euskal Herrian izan da Mugarik Gabe elkartearekin. Bizi den komunitateko alkatea eta gida espirituala da Par.

«Egia bilatzen dugu errudunen ordez, kaltea konpontzea zigorraren partez»
Maider Iantzi Goienetxe
Sebastiana

Sebastiana Par Guatemalako Kitxe Herrien Kontseiluko kidea da. Bizi den komunitateko alkatea eta gida espirituala ere bada. Astebete igaro du Euskal Herrian, Mugarik Gabe elkarteak gonbidatuta. Honat etorri aitzinetik, Kataluniako Gironako IndiFest jaialdian parte hartu zuen.

«Bai herri indigena bai emakume bezala aurrera daramagun borrokaren berri ematea da bisitaren helburua. Maia Kitxe lurraldetik nator, aurre egiten ari garen arazoak azaltzeko asmoz. Politika neoliberal eta kapitalista globalaren ondorio dira arazo horiek. Gure gobernuetan eragiten dute. Ustelkeriak hartuta daude», hasi zaigu azaltzen.

Patxadaz mintzo da, kontatzen ari dena benetan larria izan arren. «Enpresa transnazionalak iristen dira gure lurretara. Ez dute ulertzen ama lurra sakratua dela, gure bizitzaren eta energiaren parte. Pertsonok energiaz ere osatuak gaude. Eta ama lurra gure iraupenaren parte ere bada. Eta iristen diren transnazionalen aitzinean, izan meatzeak, hidroelektrikoak edo palma afrikarraren landaketa, antolatzen ari gara».

97 lizentzia zura ateratzeko

Transnazional horiek ikaragarri eragiten diete bertako biztanleei. Kitxe herrietan egur-enpresak dira gehienbat. 97 lizentzia daude onartuta zuhaitzak moztu eta zura ateratzeko. Basoak suntsitzen ari dira eta horrek lehorteak ekartzen ditu, bertze kalte batzuen artean. Giza eskubideen urraketa handiak daude. Buruzagiak kriminalizatzen dituzte egiten duten lanagatik. Hilketak, desagerpenak eta liderren aurkako prozesu judizialak sufritzen dituzte komunitateek, lurraren eta bizitzaren alde egiteagatik. «Nazioko eta nazioarteko legeak egon arren, ez dago errespeturik, ez dago bermerik dagoen ustelkeriagatik. Gobernuak lizentziak ematen ditu herriei galdetu gabe».

Alternatiba

Alternatiba zein den galdetuta, hala erantzun du Guatemalako kitxe herrien defendatzaileak: «Lehenik eta behin, antolaketa. Legeak nola aprobetxatu aztertu behar dugu, baita nazioarteko hitzarmenak ere. 169 ituna, adibidez. Gure eskubideak babesteko, justizia soziala exijitzeko, enpresek herri indigenen eta orokorrean pertsonen eskubideen aldeko legeak errespeta ditzaten».

Parren ustez, kontsultak mekanismo bat dira, eta harreman instituzionalak eta nazioartekoak ere garrantzitsuak dira. «Bizi dugun egoera honetaz jakitun izan behar du jende gehiagok. Bertze lurraldeetako jendearen burua eta bihotza ernatu behar ditugu, kontsumismoari ez laguntzeko, kontsumitzen dugun neurrian natura eta bizitza kaltetzen dugulako. Mundu osoan sufritzen ari garen klima aldaketa da horren erakusle».

Ardura maila ezberdinak

Nola artikulatu borroka ezberdinak bizitzaren eta planetaren alde? Ardura maila desberdinak bereizten ditu Kitxe Herrien Kontseiluko kideak. «Alde batetik, norbanakoaren jarrera dago, bizimodua aldatzeko prest al gauden, gu ere kontsumitzaileak baikara». Bertzetik, maila kolektiboa dago. «Familian, komunitatean, inguru sozialean, jarrera aktiboa izan behar dugu eta ez indiferentziaz jokatu». Hirugarrenik, «tokiko gobernuen konpromiso politikoa ezinbertzekoa da enpresek legeak errespeta ditzaten».

Gida espiritualaren funtzioa

Gida espiritual gisa egiten duen lana nolakoa den jakin nahi izan dugu. «Nire egunerokotasuna da, nire bizitza. Gida espiritual bezala eskertu eta eskaini egiten dugu, errituen bidez. Euria, ura, basoak, ume baten jaiotza, ezkontza bat… Aunitz izan daitezke motiboak. Osatzearen partea ere badugu. Energiarekin egiten dugu, psikologikoki lagunduz, emozioak ulertuz, orekatuz, edota uraren, dantzaren edo isiltasunaren bidez sendatuz».

«Naturaren izaera sakratua ikusten dugu. Bizia du eta errespetatu eta defendatu egin behar da. Elkar lotutako izakiak gara, ez isolatuak. Bizitzaren sarearen parte gara. Ura, airea, eguzkia, zuhaitzak behar ditugu eta, beraz, zaindu egin behar ditugu. Natura kutsatzen badugu, gure burua kaltetzen dugu», azaldu du.

Naturarekiko lotura galtzen

Gurean gertatzen den bezala, kitxe herrietan ere naturarekiko lotura hori galtzen ari direla agertu du Sebastiana Parrek. «Kolonizazio prozesu bat izan genuen, non ideologia bat inposatu ziguten. Ez zuten urrea soilik eraman, jakintza ere eraman zuten. Liburuak erre zituzten, errituak debekatu… Hortik etorri da erresistentziaren parte bat ere».

Azaldu duenez, biztanleriaren zati bat erabat sartua dago erresistentzia prozesu horretan. Bertze zati batek mentalitate erlijiosoagoa du eta naturatik aldetzen doa. «Familia aunitzek bere kosmobisioa ulertzen dute. Batzuetan mezara joaten dira, baina milpa [artoaren uzta] errespetatzen dute».

Alkatetzan, gatazkak konpontzen ditu. Kasuak lantzen ditu justiziaren sistema maia aplikatuz. «Jendeak salaketa jartzen du, batzuetan, milpa bati eraso diotelako. Badira inposatu diren bertze erlijio batzuk, baina ez dira balio eta printzipioak galdu. Ura baloratzen dute; erritu maia bat egiten da beti uraren jaiotza agurtzeko. Elikadura mantentzen da, hizkuntza, jantziak… Badira jatorrizko elementuak bizitzen direnak», kontatu du.

Justizia sistema maia

Gatazkak konpontzeko justizia sistema maia nolakoa den galdetu diogu. «Egia bilatzen dugu, bertze sisteman bezala errudunak bilatu ordez. Kaltea konpontzea bilatzen dugu, zigorraren partez. Harmonia bilatzen dugu, gatazka ulertzea, zergatik sortzen den, eta minak sendatzea ere bai. Umeak ere barne hartzen ditugu minak sendatze horretan. Elkarrizketan oinarritzen gara, adostasunean, akordioetan, bitartekaritzan».

«Salaketa bat jaso orduko hasten gara aztertzen eta ez gara gelditzen amaitu arte. Eguneko 24 orduetan egiten dugu lan. Asanbladaren bidez egiten dugu. Kasua larria bada, komunitate guztiak parte hartzen du erabakietan. Kasu arinagoak guk hartzen ditugu pribatuan», azaldu du Sebastiana Parrek.

Nabarmendu duenez, bera bizi den departamentuan alkatetza indigenak lan ona egin du. Bidea ireki dute eta elkarrizketa hasi justizia organismoarekin, lan egiten utz diezaieten. «Arrazismoa eta diskriminazioa direla-eta, pentsatzen dute komunitateetako alkateok soilik gatazka txikiak konpontzeko garela gai, baina hilketa eta estortsio kasuak ere konpondu ditu departamentuko alkatetzak».

Gidariaren adibidea

Kaltea konpontzen dute, edo, ezin bada, kalte-ordain bat ezartzen dute. Adibidez, behin gidari batek gizon bat harrapatu zuen eta gizon hori hil egin zen. Polizia etorri zen, gidaria atxilotu zuen eta espetxera eraman behar zuen. Baina komunitateak alkatetza indigenari deitu zion eta honek kasuaren ardura hartu zuen.

«Poliziak ez zuen kasua utzi nahi, ez zela indigenen eskumena zioen, baina komunitateak asanblada egin zuen hildakoaren familiarekin eta aukerak aztertzen hasi ziren: gidaria kartzelara joaten bada lana galduko du. Hala bere familiak galduko du eta zendutakoaren sendiak ere bai».

«Ezin da bizitza bat itzuli, baina bai kalte-ordain bat ezarri edo bizitzari lotutako neurri bat bilatu, ditugun beharrei erantzunen diena –azaldu du Sebastiana Parrek–. Gidariak lanean jarraitzea eta irabazitako diruaren zati bat hildakoaren sendiari ematea adostu genuen. Hileta ordaintzea ere bai. Hala, gidariak bere familiaren elikatzeko, osasunerako eta heziketarako eskubideak betetzen ditu, baita hildakoaren familiarenak ere».

Alkatetza indigenak kontrolatzen du gidaria. Honek konpromiso bat sinatzen du hilabetero hildakoaren familiari ordainduko diola erranez, umeek 18 urte bete arte.

«Bertze aukera gizona kartzelara joan, isun bat ordaindu [epailearen eta Ministerio Publikoaren mesedetan] eta ibilgailua kentzea zen. Hala, bera gaizki geldituko zen, eta bi familia babesik gabe utziko lituzkete. Ez zen inolako kalte-ordainik izanen».

Beraz, 169 hitzarmenari helduta, adostasunaren bidetik konpondu zuten gatazka.

PROFILA Gida espiritual bezala eskertze eta eskaintzak egiten ditu Sebastiana Parrek, eta jendeari osatzen laguntzen dio. Horrez gain, alkatetzan gatazkak konpontzen ditu justiziaren sistema maia aplikatuz.