Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Mapak (III) eta datuak

Marrarik ez, informaziorik gabe». Ez zuen hain modu epikoan esan, baina modu horretara egin zuen burrunba nire buruan, Eusko Jaurlaritzaren iragarki famatu hura parafraseatuz bezala. UEUk eta Gislan-ek antolatutako “Geomatika eta Inteligentzia Espaziala 2019” jardunaldian gertatu zen, eta mapei buruz ari ginen. Mapak eta datuak.

Eraldaketa fase batean gaude. Arkitekturan, ordenagailuz lagundutako diseinuaren (CAD) heriotza motelaren lekuko ari gara izaten datuz beteriko 3D modeloen (BIM) mesedetan. Diseinu erremintak aldatzeak berezkoa du proiektatzeko moduaren aldaketa bat (ez dena per se txarra), baina trantsizio aroek badute beste ezaugarri zalantzagarri bat: nork kontrolatzen du nor, erabiltzaileak teknologia ala teknologiak erabiltzailea? Sintomatikoa iruditu zitzaidan Ibon Salaberria arkitekto eta irakasleari irakurri niona: «Eskolako imajinazio lehorteari BIM sukarrak azken kolpea emango dio. Azken oasiak ere desagertuko dira efizientziaren eta efikaziaren izenean».

Geografiaren eta lurralde antolamenduaren arloan ere beste horrenbeste. Badirudi bereak egin duela delineatzailearen figurak, eta informazio espaziala edo geografikoa prozesatu eta parametro ezberdinen arabera ustiatzeko gaitasunak ordezkatuko duela pixkanaka. GIS teknologiak (Geografia Informazioko Sistemak) ahalbideratzen du hori, eta haren erabileraren hamaika adibide ezagutzeko aukera izan genuen duela astebete Gasteizko Ingeniaritza Eskolan egin zen jardunaldian: Durangoko lur-erabileren artifizializazioaren eboluzioaren azterketa, Tolosako uholde arriskuen analisi espaziala, Nafarroan EuroVelo bizikleta ibilbideak diseinatu eta garatzeko tresna edota GeoEuskadi bisorearen berrikuntzen aurkezpena, besteak beste.

Optimismo-txute bat da punta-puntako gaiak kalitatez eta euskaraz jorratu ahal izatea, baina Ibon Salaberriaren profezia zetorkidan burura behin eta berriz. Egia da: GIS tresnek errealitatea aztertzeko, irudikatzeko eta interpretatzeko hamaika bide ireki dituzte eta diziplina gero eta gehiagok partekatzen duten oinarri teknologiko bati forma eman diote: GPS datuen integrazioa, metadatuak, errealitate handitua eta birtuala, Big Data delakoa, programazio-lengoaien bidezko aplikazio pertsonalizatuak, eta abar luze eta liluragarri bat.

Nire kezka ez dator, beraz, azterketaren aldetik, diseinuaren aldetik baizik. Eta «Salaberria hipotesia» egia balitz? Ingurune teknologiko gero eta konplexuago bat, non denbora errealean milaka datu gurutza daitezkeen, non marra bakoitzak informazio-pakete bat esleitua duen… diseinatzailearentzat zer da hori, bultzada ala balazta? Dr. Jekyll esnatzen naizenean, pentsatzen dut diseinatzaileak teknologia aurrerapenen atzetik arrastaka goazela maiz, eta badugula hor zer hobetua; Mr. Hyde esnatzen naizenean, ordea, iruditzen zait diseinu-prozesuari garrantzia gutxi ematen zaiola oro har eta horrek derrigor duela isla teknologiaren munduan hartzen diren erabakietan. Manifestu pendiente bat, beraz, erreminta egon dadin gure esanetara eta ez alderantziz. •