Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexu segurua balio bat da

Sinestezina badirudi ere, gure gizarteak, beldurra galdu dio hiesari (hartutako immunoeskasiaren sindromea). 80ko hamarkadan heriotza-tasa beldurgarria zuen izurritea izan zen; egun, gaixotasun kroniko bihurtu da. Gaixotasunak organismoan zer egiten zuen eta nola transmititzen zen ez jakitetik, birusak nola jokatzen zuen eta gaixotasun ez bilakatzeko tratamendua fabrikatzera iritsi ginen. Eta haratago joan gara. Hala nola, heriotza zigorra izatetik, hiesdunen bizi kalitatea bermatu eta bizi itxaropena luzatzera pasa baikara. Betiere tratamendu egokia betirako jarraituz. Hala ere, estigma handiko auzia da eta sexu bidez transmititzen den gaixotasuna dela sinesten jarraitzen dugu.

Ikuspegi mediku batetik aurrerapauso handiak eman dira, ikuspegi sexologikotik, berriz, batere ez. Hasiera batean, hiesa, gizon gayen artean izugarri hedatu zen. Gertaera hori ezjakintasun sexualetik interpretatu zen eta osasungintza, arrisku praktikez baino, arrisku populazioaz hitz egiten hasi zen. Izan ere, gaixotasuna, babesik gabeko praktika konkretu batzuekin erlazionatu beharrean, sexu orientazio homosexualarekin identifikatu zuen. Gainera, garai hartan, transexualitatea erabat ezezaguna zen eta homosexualitatearekin nahasten zen. Ondorioz, kolektibo horiengan estigma handia ezarri zen.

Garai batean, gaixotasuna kutsakorra zela uste genuen. Egun, badakigu hiesa GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusa) izeneko birusaren bidez transmititzen dela. Baita birusa gaixotasun bihurtzea ekiditeko tratamenduak funtzionatu egiten duela ere. Hots, seropositiboak hiesa garatu gabe bizi ahal direla. Beraz, infekzioa da GIBa eta transmititu egiten da, ez da gaixotasuna eta ez da kutsatzen. Bestalde, sexu bidez transmititzen dela hedatuta dago. Baina birusa duen odola beste baten odolarekin kontaktuan egoteagatik edo edoskitzeagatik ere transmititu daiteke. Eta azken horiek, bistan denez, sexu harremanekin ez dute inolako zerikusirik. Hortaz, beste behin, sexua genitaletara murriztu dugu. Horregatik, GIBa sexu bidez transmititzen den infekzio gisa izendatu baino, genitalen bidez transmititzen den infekzio bezala ezagutu beharko genuke.

Laburtuz, sexua kakazten jarraitzen dugunez, gure lana berau purgatzea da. Horretarako lanabesa sexu heziketa dugu. Arrisku praktikez eta berauez babesteko moduaz hitz egiteaz gain, praktika seguruei buruz ere jardutea. Ugalketara bideratuta ez dauden praktikak kultibatu eta negoziaketarako gaitasunak lantzea, alegia. Funtsean, sexu harremanak desgenitalizatu eta deskoitalizatu. Azken batean, gehienetan, sexu harremanak ditugunean, helburua ez baita ugalketa. Sarketa egin gabe eta genitalak erabili gabe ere gozatu dezakegu. Eta soilik ugalketa saihesten saiatzen bagara, ezingo dugu infekzioen transmisioa ekidin. Infekzioak saihesten baditugu, ordea, ugalketa ere ez da emango.

Bukatzeko, GIBari aurre egiteko, sexua kultibatu beharreko balio gisa ulertzea funtsezkoa da eta ez prebenitu beharreko arrisku bezala. Azken finean, prebenitu beharrekoak edota babesarekin egin beharrekoak, arrisku praktikak baitira. Praktika seguruak bultzatzea, ordea, infekziorik gabeko bizitzak aldarrikatzea ere bada. Baita gozamena bermatzea eta mapa erotikoak zabaltzea ere. Hots, sexu segurua balio bat da. •