>Ezkutatu dituzten datuak

Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiaren gaineko albiste ugari argitaratu dituzte azken egunotan, astearte eguerdian, Txema Matanzas abokatuarekin batera, Sarek antolatu zuen solasaldi batean parte hartu zuelako EHUren Gasteizko campusean.

Alderdi unionistak, Gobernu espainoleko ordezkariak eta Estatuko hedabide askok behin eta berriz nabarmendu dute ETAk Miñoien buru Jesus Velaskoren eta Gasteizko Udaltzaingoaren arduradun Eugenio Lazaroren aurka egin zituen ekintzetan parte hartzeagatik zigortu zutela Lopez de Abetxuko.

Oso gutxik esan dute Lopez de Abetxuko joan den urteko uztailean irten zela aske, kartzelan 31 urte eman ondoren. Bere espetxealdian, gaixotasun larri bati aurre egin behar izan zion. Are gehiago, 2014an Arabako hiriburuko Udalak euskal presoa espetxetik ateratzeko eskatu zuen, EAJren, PSEren eta Bilduren botoekin, arrazoi humanitarioengatik.

Eta gutxiagok gogorarazi dute Lopez de Abetxuko GALen jomugan egon zela, 1984ko abenduaren 11n haren autoan bonba bat jarri baitzuen. Asteazkenean bete ziren 35 urte atentatu hartatik. «Hurrengoan Abetxukok ez du horrenbesteko zorterik izango», esan zuen ekintza bere gain hartu zuen gizonak. Atentatuan Juan Jose Iradi Lizarazu zauritu zen.

Igor Goikolea kazetari gasteiztarrak Twitterreko hari batean jaso ditu datu guztiok.

>Feminista txiletarren performancea, Euskal Herrian...

Aurrera begira, errenkadatan eta ahots sendoz, hainbat herritako dozenaka mila emakumek errepikatu dute “El violador eres tú” abestia.

Azaroaren 20an, Txileko Valparaisoko kaleetan aurkeztu zuten, sare sozialetan biral bihurtu zen eta bost egun geroago Santiagon abestu zuten, Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko manifestazioen baitan.

Bi egunen buruan, Londres, Bogota, Buenos Aires edo Mexiko Hirian antzeztu zuten abestia, eta Euskal Herriko zenbait herritan ere antzezten hasi ziren; esate baterako, joan den azaroaren 6an Donostiako Konstituzio plazan .

>... eta Baztan-Bidasoan euskaratu egin dute

Txileko LasTesis kolektibo feministako emakume batzuek sortutako koreografia feminista munduan lau haizetara zabaldu da, baita Euskal Herrira ere. Donostiatik eta beste zenbait lekutatik pasatu ondoren, Baztan-Bidasoako feministek euskaratu egin dute “Un violador en tu camino” aldarria, eta Beran dantzatu eta abestu dute performancea.

Begiak estalita, ahotsa ozen eta pausoak sendo, Txilekoak ez ezik dagoeneko munduko hainbat tokitako plaza eta kaleak ere bete dituen performance feministaren letra euskarara ekarri dute Beran. Baztan-Bidasoako feministek elkartasuna adierazi nahi izan diete emakume txiletarrei, eta performancea egin dute Berako Herriko Plazan. Ekintza bideoan grabatu dute.

>«564» abestuko du Zabalak, 246 ohe hutsak gogoan

Hertzainak taldeak “Amets prefabrikatuak” diskoan “564” abestia kaleratu eta 30 urtera, haren letra gaur egungo isla ere bada. «Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde», Otxandioko plazan arituko da Josu Zabala abenduaren 24an eta herritarrei gerturatzeko deia egin die, «kanta hau behingoz historiara» pasatzeko desioarekin.

«Magikoa izan zen Bilboko Kafe Antzokian Hertzainak taldeko kideek ‘564’ kantua jo zuten unea». Errepikatu egin nahi dute eta horretarako Josu Zabala Otxandion egongo da abenduaren 24an kantatzeko prest.

«Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde bete dezagun plaza kantuz», nabarmendu dute sare sozialen bitartez. Aldarri hori eginen dute bertaratzen diren guztiek, Josu Zabala gidari dutela. «Ea azken aldia den eta kanta hau historiara pasa dezakegun», azpimarratu zuen Otxandio bertako musikariak.

>Jaiotza independentista bat eta beste 2.400

Xabier Santxotena eskultoreak Artziniegan duen tailer-museoak jaiotzen erakusketa bat hartuko du, 21. aldiz. 2.400tik gora dira guztira, mundu osotik eramanak eta artista baztandarraren emazte Teresa Lafraguak bilduak. «Pixkana biltzen ditu, erosi dituenak, bidali edo ekarri dizkiotenak, denetarik...», azaldu dio NAIZi Artziniegako alkate Joseba Vivancok. Jaiotzetako batzuk Udalaren sarreran ikusgai daude, tartean multzo deigarri bat, irudi guztiak, ardietatik Errege Magoetaraino, Jesus haurra, Ama Birjina eta San Jose barne, Kataluniako esteladarekin apainduta dituena. Hori bai, ohiko caganer-aren irudiaren falta nabari da.