04/01/2020

Joana Garmendia
Nire egia

Iritzi eta usteen anabasa honetan, azken muturreko joerarik ere bada: entzun dugu, behin baino gehiagotan, norbait bere egiaz hizketan. Erraz zabaldu den joera dela esango nuke

Errelatoen aro honetan, nork bere iritzia izateko eskubidea santutu egin dugu kasik. Gure iritzi propioa izateko eskubidea dugu, hori hala da, eta baita hori adieraztekoa ere. Baina iritzi guztiak ez dira berdinak, ez dute denek berdin balio. Iritzi batzuk zuzenagoak dira besteak baino; zure iritzia izan dezakezu honetaz eta hartaz, jakina, baina oker egon zaitezke irizten duzun horretan. Eta iritzi zuzenek eta okerrek ez dute balio bera.

Neurgarri, behagarri edo aztergarri den zerbaiten inguruan, iritziek ez dute gehiegi inporta. Gauzak horrela edo honela dira, inork horri buruz pentsatzen duena gorabehera. Ur azukredunak ez du minbizia sendatzen, Eguzkiak ez du Lurraren inguruan bira egiten, hegazkinetako 13. lerroko aulkietan esertzen direnak ez dira maizago hiltzen. Pentsa, uste edo iritz dezakezu kontrara, baina egia hori da.

Egiari gehien hurbiltzen zaion iritzia da, beti, zuzenena: ontzian zenbat babarrun ale dagoen asmatu nahi badugu, zuk esan dezakezu 250 edo gutxiago daudela, eta nik iritz diezaioket askozaz ere gehiago direla. Inork ezin digu kendu gure iritziari eusteko eskubidea, ezta hori burugogor aldarrikatzekoa ere. Baina, ontziko aleak kontatzen baditugu, biotako bat soilik egon daiteke zuzen. Eta, orduan, bai, orduan bion iritziak ez dira berdin balekoak. Iritziak, nornahik izan ditzake, ezagutzen duenari edo ez duenari buruz; egia, bat da. Eta egiari batere hurbiltzen ez zaizkion iritziak, are egiarekiko erabat axolagabe direnak, balio handirik gabeko iritziak dira.

Interesgarriagoa da, nik uste, auzia, itxuraz neurgarri, behagarri edo aztergarri ez diren kontuez ari garenean. Adibidez, ez garenean errealitate objektiboari buruz ari, baizik eta errealitate horrekiko ditugun uste subjektiboei buruz. Gustuei buruz, esate baterako. Edo balio etikoei eta estetikoei buruz. Norbaiti asko gustatuko zaio babarrunen zaporea, eta beste norbaitek, aldiz, gorrotatu egingo du. Baten bati irudituko zaio egokia, bidezkoa eta ona dela haur bati, tartean behin, zaplazteko bat ematea; beste bati, seguru, gaitzesgarria, okerra eta txarra irudituko zaio jokaera bera. Bati ederra eta atsegina egingo zaio Laboaren musika; besteari, akaso, zaila edo itsusia irudituko zaio. Eta, horrelakoetan, eztabaida ez da babarrun-aleak kontatzearekin amaituko.

Hala eta guztiz ere, nork bere-bereak dituen uste horiei buruz ari garenean ere, aldamenekoa konbentzitzen saiatzen gara. Eta esaten dugu babarrunak goxoak direla, indarkeria, batzuetan, zilegi dela, edo Laboaren musika ederra dela. Bada zerbait sinetsarazten diguna jaki, jokabide edo musika horretan badela elementuren bat horiek on edo txar egiten dituena, gure sentipenez harago. Eta horretaz konbentzitu nahi ditugu ingurukoak, zail baita ulertzea guri eder, on edo legezko iruditzen zaiguna besteren bati bestela iruditzea.

Iritzi eta usteen anabasa honetan, azken muturreko joerarik ere bada: entzun dugu, behin baino gehiagotan, norbait bere egiaz hizketan. Erraz zabaldu den joera dela esango nuke. Zuri gauzak horrela izan direla irudituko zaizu, baina nire egia bestelakoa da. Ontzian dauden babarrun-aleei buruzko egia propiorik eduki ahal banu bezala. Zure egia, behaketaren, azterketaren eta neurketaren bidez atzeman den egiaren pareko izan baliteke bezala. Babarrunei zure egiak bost axolako balie bezala.

Ondo arraroa da gero jende postmoderno hau. •