04/01/2020

Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
Urrian hasi da...

Urriaren lehenetik, ehunka dira hildako gazte manifestariak Iraken. Ustelkeriaren amaiera, lana eta osasuna eskatzen dituzte. Urriaren bigarrenetik, protestak orokortu ziren Ekuadorren, gobernuaren dekretu ekonomikoen aurka. Urriaren seigarrenetik, Txilen ikasleak kalera atera ziren, eta, protestak orokortzean, larrialdi egoera ezarri zuen gobernuak. Kolonbiako herritarrek azaroaren 21ean egin zuten geldialdi nazionala. FARCekin bake akordioak sinatu zirenetik, militante ezkertiarren hilketek etenik gabe jarraitu dute. Aurretik, irailean, esklaboek askatutako lehen herrialdea izatea oraindik ordaintzen ari den Haitin ere protestak orokortu ziren.

Elite eskuindarren aldeko politika interbentzionista bere gordintasun osoan ageri da berriro. Azkena, Bolivian. Orain gutxi, Paraguain, Hondurasen, Venezuelan... Eta hirugarren mundu gerra ere abiatua dago, guk ez ikusiarena egin arren, Ekialde Hurbilean. Zein kasu gutxi egiten diegun kurduen borrokari eta, batez ere, beraien pentsamendu eta proposamen iraultzaileei.

Espainian, jendea harrituta eskuin frankistaren konplexuen bukaerarekin. Komunikabide guztietan leku egin diete eta, lehen eskuin muturreko alderdi erraldoi bat zegoen tokian, orain bi daude. Borroka guneak ondo definitu dituzte gainera: iraganeko errepresioaren memoria, askatasun sexuala eta emakumezkoen gorputzak. Beraienak omen dira horiek guztiak, gure gorputzak eta gure memoria. Kontuak kontu, euskal herritarron eta katalanen botoengatik ez balitz, eskuin muturreko gehiengoa lukete Espainian.

Euskal oasiaren ideia arrazista eta sinplista hori ere zalantzan jarri da. Lehendakariari sineste aldera, pentsatu beharko genuke sare klientelar mafioso bat zegoela konturatu ez zen alderdiko buruzagia, ziurrenik ez dela pertsonarik egokiena gobernu bat gidatzeko. Egungo Jaurlaritzan ustelkeria sare izugarri bat balego, berak ez luke jakingo. Tontoarena egiten zuela uste genuen, bere artzapezpiku diskurtso jasanezin horrekin, baina agian ez zen plantak egiten ari...

Bizkaiaz nahiago ez hitz egin. Oraingoz, Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan gehiago gara gure burua ezkerrekotzat dugun boz emaileak, eskuinari botoa eman diotenak baino. Ez da arazoaren mamia eztabaidatzea Podemos, EH Bildu edo PSOE ezkerrekoak diren edo ez. Denborarik ez dugu galtzeko. Kontua da boz emaile horiek guztiek beren botoa eskuinaren aurkakotzat ulertzen dutela, kontraesanak kontraesan.

Mobilizazio aldi berri bat ari da hedatzen munduan zehar eta hona ere iritsiko da. Pentsioen auziak piztu du sugarra. Ez dute nahi herrialde hobea beraientzat, beren seme alaba eta bilobentzat baizik! Gu txarrago biziko garen mantra neoliberal horri aurre egin behar zaio. Beste gauza bat da pentsatzea Estatu orojakile ahaltsua berriro aldarrikatzeak, gure behar eta eskubideen berme bakar bezala, etorkizunik ote duen. Corbyni behintzat ez diote kasu handirik egin ingeles herritarrek. Gurea ere badugu erruaren zati handia, Syrizarekin ahaztu ginenean bezala, ez dugulako Corbyn gure egin, herrien Europa solidarioaren ametsean. Nahiago izan dugu greziarren traizio neoliberalaz eta Eskoziaren independentziaz hitz egin. Guretzat kalte.

Mundu mailako gatazkan behar dugu kokatu gure burua. Gogoratzen nola abesten zituzten gu baino nagusiagoek Violeta Parraren eta Carlos Pueblaren abestiak? Pentsatzeak, jakiteak, kontinente ezberdinetan dagozkien eskubideen alde mobilizatzen ari direla herritarrak, sentiarazi behar digu berriro bizipoz iraultzaile eta internazionalista bat. •