04/01/2020

Zuñiga, nekazari eta ikazkin herria

Artikulua ilustratzen duen irudia txundigarri bezain atsekabegarria da. CHE Ebroko Ur Konfederazioaren artxiboetan dagoen argazkia da, Manuel Lorenzo Pardo bertako ingeniari izan zenaren enkargua. 1930ean egin zuten, Zuñigan, Nafarroako Lizarrako merindadean dauden Berrotza eta Lana ibarrei lotutako udalerrian. Zuñiga herri harresitua zen, eta sartzeko bi atari zituen, herritarrek goikoa eta behekoa esaten zietenak. Irudian ageri dena, gaur egun ez dagoena, behekoa da; haren ezkerretara, Udaletxea, antzina eskola izan zena, eta eskuinetara kartzela zegoen, argazkia egin zutenerako suntsitua. Arkuaren atzean 40ko hamarkada arte kale nagusia izan zena ageri da, harriztatuta. Arku horretatik oso hurbil zegoen herriko garbitegia. Urte haietan, nekazaritza zen ekonomiaren euskarria, labore-uzta eta mendiko lana, batez ere txondorretakoa. Montxo Armendariz zinema zuzendariaren “Tasio” filma Anastasio Otxoa Zuñigako herritar eta ikazkinaren bizitzan oinarrituta dago.