Agence France-Presse
AFRIKA

Biafrako Gerra inoiz izan ez balitz bezala jarraitzen dute Nigeriako agintariek

«Herritar guztiek gauza bera nahi zuten, aurrera ateratzea, ez atzera begira jarraitzea». Chika Oduah nigeriar jatorriko estatubatuar kazetariak horrela esplikatu zuen zergatik bere amak inoiz ez zion kontatu haurtzaroan bi urte egin zituela errefuxiatu eremu batean. Biafran War Memories atarian Oduahk jasotako ehunka lekukotasun bildu ditu.

Nigeriako idazle gazteen artean Diekoye Oyeyinka da ezagunenetakoa. Eskolarik onenetan ibilitakoa da, baina bere gelako lagunek bezala, haurtzaroan ez zuen “Biafra” hitza entzun ere egin. 14 urte zituen hitzaren berri izan zuenean. Esanguratsua. Nigeriako historiako kapitulu oso bat, negargarriena, ezkutatu egin zaie egungo umeei.

Oyeyinkari ez zioten Biafra zer den eskolan esplikatu, ikasle-egoitzako logelan baizik. Beste ikasle askok bezala, lurraldearen independentzia eskatzen zuten panfletoak banatzen zituen mutil bati esker izan zuen gatazkaren berri. «Guk ez genekien zer zen Biafra», dio orain 33 urte dituen nigeriarrak.      

Gaztetxoak ez zekien Nigeriak 1960an bere independentzia lortu ondoren, zenbait lurraldek ospa egin nahi izan zutela. Ezta 1967an herrialdeko hego-ekialdean XX. mendeko gatazkarik odoltsuenetako bat hasi zela. 1970ean bukatu zen gerra. Urte haiek dira egungo agintariek armairuan gordeta eduki nahi dituztenak.

Oyeyinka idazleak orduan jakin zuen igbo etniako jeneralek Biafrako Errepublikaren independentzia aldarrikatu zutela 1967ko maiatzaren 30ean. Eta une horretan inoiz ezagutu ez den krudelkeria bertatik bertara ikusi behar izan zuten probintzia horretako herritarrek. Orekarik gabeko gerra izan zen: sekulako armak eta baliabideak alde batean, eta ia esku hutsik borrokatzen ziren soldaduak bestean. Hala ere, «gerra zibila» esaten diote. Nigeriako agintariek propio eragindako goseteak milioi bat hildako utzi zituen. Iturri batzuek diote bi milioi pertsona ere hil zituela jateko ezer ez edukitzeak. Inoiz ez zituzten zenbatu, gosetea eragin zutenei ez zitzaien komeni-eta.

Ezta meza ofizial bat ere

Berrehunen bat milioi biztanle dituen Nigerian agintariek ez dute ezer egin gerra zikin haren mende erdia bete dela gogorarazteko. Ez ekitaldi ofizialik, ez oroigarririk, ez meza ofizial bat… Ezer ez.

Oyeyinka idazleak bere irakurketa egina du: «Gure herrialdeko historia oso basatia izan da. Belaunaldi zaharrek trauma izugarriak pasa behar izan dituzte. Baina sufrimendu hori alfonbrapean gorde dugu, inoiz izan ez balitz bezala. Baina iragana ezagutu gabe, akats berberak egingo ditugu».

«Historia politikoa etengabe errepika ez dadin», “Erraldoiaren mina” eleberria idaztea erabaki zuen Oyeyinkak. Lan historiko zoragarri horrek Afrikako potentzia nagusian 1950etik 2010era gertatutako gorabeheren berri ematen digu eta, bertan, «gerra zibila da gertaerarik garrantzitsuena».

Beste idazle batzuek ere aztertu izan dute Biafrako Gerra, baina lan hori normalean igbo etniako egileek hartu dute. Aipatzekoak dira Chimamanda Ngozi Adichieren “Eguzki erdi horia” eta Chinua Acheberen “Bazen herrialde bat”. «Egun batean, igbo etniako lagun bat haserretu egin zitzaidan. ‘Ezin duzu geure historiari buruz idatzi, geure gatazka da!’. Tankerako traumak sendatzen ez baditugu, Nigeria lehertzear dagoen presio-eltzea izango da», idazle gaztearen ustez.

Enugu Biafrako Errepublikako hiriburu izandako hirian guztiek dute gogoan 1970eko urtarrilean gertatu zena, igboen errendizioa eta Gowon jeneralaren hitzaldi ospetsua. «Ez irabazlerik ez galtzailerik» ez zegoela adierazi zuen agintean zegoen militarrak gerra amaitzean.

Mende erdi geroago, Biafrako zenbait eraikinetan ikusten dira errepublikaren banderak, haizearen eraginez mugitzen direnak segurtasun indarrek suntsitzen dituzten arte, oraindik lurralde hartan jarraitzen baitute.

Belaunaldi berriak

Igboek Nigeriako hirugarren etnia osatzen dute, joruba eta hausen ondoren. Hala ere, agintariek baztertzen dituztelakoan daude, Muhammadu Buhari presidenteak ez dituela modu zuzenean tratatzen.

Pat Utomi irakasleak esplikatzen du 1980an igboek beraiek ahaztuta zutela Biafrako Gerra, baina azken belaunaldiek gogora ekarri dutela: «Egungo gazteria askoz ere ozpinagoa da».

Iazko abuztuan Enuguko aireportua itxi egin zuten, konponketak egin eta apirilean berriz zabaltzeko asmoarekin. Batek baino gehiagok igbo etniaren kontrako erasoa ikusi zuen. Gainera, Lagos hirian etnia horretako biztanleen dendak kaltetu zituzten abenduan. Gerra zibila ezagutu ez zuten gazteentzat independentzia aldarrikatzeko arrazoi berriak dira.