18/01/2020

Iker Barandiaran
Entzun hitzak

Zenbateraino erreparatzen diegu entzuten ditugun kantuen mezu edo istorioei? Egun tendentzia da kantuak deskargatu eta pilatzea; eta horrek dakar taldeek eta haien mezuek nortasuna galtzea neurri handian

Musika konposatzea sormen lan zirraragarri eta handia da, sortzaileek eta entzuleok, biok, gozatzen duguna. Musikaren edo hobe esanda kantuaren kontzeptuan hitzak eta mezua egoten dira ia beti barne. Eta horrek guztiak egiten du abestia, emaitza ia bere osotasunean.

Hala ere, zenbateraino erreparatzen diegu entzuten ditugun kantuen mezu edo istorioei? Askori, ingeles hizkuntzan abestuak direlako, ez diegu jaramonik egiten, eta esango nuke neurri handi batean ez dugula haiek irakurtzeko ahalegina egiten. Lehen (aspaldi) ohikoa zen diskoa entzun bitartean berorren liburuxka ikuskatzea. Gaur egun, berriz, lan originalez paso egiten da kasu askotan, tendentzia da kantuak deskargatu eta pilatzea; eta horrek dakar taldeek beraiek eta beraien mezuek nortasuna galtzea neurri handi batean. Nolabait esanda, kontsumitu egiten ditugu kantuok, baina askotan ez dugu askorik sakontzen.

Eta zertaz hitz egiten digute kantu horiek janzten dituzten hitzek edo zer mezu ezkutatzen da doinu eta erritmo horien atzean? Musikariei edo sortzaileei galdetzen badiegu, askotan esan ohi digute pena dela beraiek burmuina astindu eta barruan daramatena hustu ostean jendeak jaramonik ez egitea. Beste batzuek, berriz, ia oharkabean onartuko digute musika horri jarri beharreko ahotsak eta testuak direla, besterik gabe. Badirelako guztien artean hitzei garrantzia handia ematen ez dietenak ere.

Bestalde, bada teoria ia unibertsal bat dioena idazten diren hitz eta istorio guztiak heriotzaren eta maitasunaren, hau da, bizitzaren gainekoak direla. Horren barruan daude ezintasunak, desioak, galerak, ametsak eta beste. Baliteke egia izatea! Baina horren barruan ñabardura eta irakurketa ugari daude. Hala, esaterako, gurea moduko herri zapaldu, borrokalari eta gatazkatsuan asko dira salaketari, aldarrikapenari eta kritikotasunari emandako lerro edo orduak. Trantsizio garaiko bakarlarietatik hasita, 80ko hamarkadan orain baino askoz gehiago, baina badira oraindik ere halako asko. Baina hori neurri batean eraldatuz joan da eta hainbat kasutan mezu zuzen-zuzenak eman beharrean, metaforak eta zeharkako mezuak erabiltzen dira. Hala, zenbait idazle eta kantugilek nahiago izaten dute irakurlearen edo entzulearen eskuetan neurri bateko interpretazioa airean uztea. Horien artean, badira baita ere hitzak idazterakoan idazleen testuak egokitzen dituztenak eta baita ere idazle/poeta/bertsolariengana zuzenean hitzen eske joaten direnak. Azken horien artean bereizi ditzakegu idazleari gaia edo norabidea ematen dietenak, eta bestelakorik gabe musikari jartzeko “hitz dotoreak” behar dituztenak.

Kontuan hartu behar da hitzek musikak bezalaxe taldeari nortasuna eta izana ematen diotela. Aintzat hartu behar da ere kantu bat egiterakoan askotan entzuteko egina dela, edo hala nahiko lukeela behintzat idatzi duen horrek. Hortaz, musikak bezalaxe hitzak ere hainbat alditan errepikatua izateko, entzuleak bere egiteko eta irauteko zerbait izan behar du. Eta zergatik ez, entzunaldi desberdinetan berorren elementu desberdinak deskubritzen joateko aukera eman behar du. Ez al da ba musika, beste gauza asko bezala, bilaketa? Izan ere, kantua osatzen duten musika eta hitzez gain hirugarren adar bat faltan dauka abestiak: entzulea, hain zuzen ere. Horrek ematen dio sorkuntzari zentzua (hala modukoa), balioa, izaera, distira (edo iluntasuna), indarra, hurbiltasuna eta, azken finean, osotasuna; egileari bueltan etorriko zaion hori guztia. •