18/01/2020

Reportage
ELKAR ILUSTRAZIO ETA IPUIN LEHIAKETA
Hitzak marraztu eta marrazkiak idatzi, sortzaile berriak xaxatzeko

Mai Egurzak egindako ilustrazioari hitzak zintzilikatu edo Paddy Rekaldek idatzitako ipuina marrazki batean harrapatu. Sortzeko proposamen tentagarriak dira eta haur eta gaztetxoak sortzera animatu nahi dituzte. Elkar Fundazioaren Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak 12. edizioa beteko du aurten hasierako helburuari jarraituz; haur eta gaztetxoek sorkuntza modu aktiboan bizitzea, haiek ere sortzaile bihurtzea. Apirilaren 17ra arte izango da parte hartzeko aukera.

Amagoia Mujika Telleria
0118_elkar3

Sormena eta irakurzaletasuna piztea. Horixe du helburu Elkarrek urtez urte haur eta gaztetxoei begira antolatzen duen Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak. Aurtengoa 12. edizioa izango da eta dagoeneko parte hartzeko epea zabalik dago. Datorren apirilaren 17ra bitartean jasoko dira lanak eta hiru modalitate antolatu dira, adinaren eta sorkuntzaren arabera.

Lehen aukera, ipuin bat ilustratzea da. Paddy Rekaldek idatzitako “Kaioa” ipuina oinarri hartuta osatu behar dute lana. Adinaren arabera, hiru maila daude, haur hezkuntzako laugarren mailatik hasi eta lehen hezkuntzako laugarren mailara arte. Bigarren aukera, ilustrazio bat ipuin bihurtzea. Mai Egurzak egindako ilustrazioan oinarrituta ipuin bat osatu behar dute parte hartzera animatzen direnek. Lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoei eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoei zuzenduta dago aukera hori. Azkenik, komikiaren edo binetaren aukera dago, derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailakoei begira. Kasu horretan, ipuin klasiko bat komiki ala bineta bihurtu beharko dute parte hartzaileek.

Kultura, modu aktiboan

Elkar Fundazioak 2009an jarri zuen martxan Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa. «Gizartearen eta kulturaren etorkizun diren haur eta gazteei zuzendutako ekimenaren alde egin zen, kultura modu hartzaile soilean bizi ordez, haur eta gazteak ere modu aktiboan parte hartu zezaten». Fundaziotik nabarmentzen dutenez, kultur esperientzia beste modu batera bizitzeko apustua izan da hasieratik lehiaketa, haurrek eta gaztetxoek «modu aktibo eta kreatiboan» parte har dezaten, sorkuntza prozesuaren parte senti daitezen eta, bide batez, euskarazko beren unibertsoa aberastu dezaten.

Duela hamar urte baino gehiago egindako apustuak emaitza onak eman ditu. Parte hartze datuak esanguratsuak dira: 2018ko edizioan 9.790 haur eta gaztetxok parte hartu zuten, ilustrazioak eginez gehienak (7.829); iazko edizioan, berriz, 8.785 parte hartzaile izan ziren, ugarienak orduan ere ilustratzaileak (6.312).

Euskal sortzaileentzat ere erakusleiho ederra da. «Lehiaketaz harago, sortzaileen lanak bultzatzeko eta ikusgarritasuna emateko tresna bihurtu da. Milaka eta milaka etxe, ikastola eta kultur guneetara sartu eta bere lekua topatzen jakin izan du, familia, elkarte eta haur eta gazteen egunerokotasunaren parte izanik eta erreferente bihurturik», nabarmendu dute Elkarretik.

Sariak interesgarriak dira; jolas hezitzaileen sortak, Elkar Fundazioaren dendetan erabiltzeko opari txartelak, tabletak, Irrien Lagunen aldizkarirako harpidetzak edota eskolakideekin batera Basque Culinary Center ezagutzeko aukera, besteren artean.

Interesa dutenek, informazio zehatza eta aurtengo ilustrazioa eta ipuina, hemen: postdata.elkar.eus/ilustrazio_eta_ipuin_lehiaketa.

 

Paddy Rekalderen «Kaioa» ipuina

Udazkeneko goiz batean, urtero bezala, kostaldera joan ginen eskolakoak. Karramarro Eguna esaten genion txangoari. Izan ere, egun horretan itsasbazter batera hurbiltzen ginen busez, eta hango kala harritsu batean, harkaitzen arteko putzuetan agertzen zen mundu zoragarria gozatzen genuen: karramarro mota ezberdinak, algak, olagarrotxoren bat, izkirak, itsas-kirikinoak, arraintxoak, anemonak, itsas-izarren bat... Hori

bai, marea behera ezinbestekoa izaten zen halako putzuetara heltzeko. Eta eguna ondo

baino hobeto amaitzeko, eguraldiaren arabera, jakina, bainatu ere egiten ginen. Egun hartan, putzuetan salabardoekin ari ginela, tiroak entzun genituen labarren gaineko zelaietatik. «Uso pasea dago –esan zuen irakasleak– gaur hego haizea dabil... eta

honantz gentozela ehiztariak ikusi ditut inguruotan». Tiro gehiago entzun genituen goizean zehar, hala ere ez genion kasu

gehiagorik egin... kaio hura ikusi genuen arte. «Begira! –esan zuen batek– begira kaio hori!». Eta orduan kaio bat ikusi genuen, hegan baino, jausten...». [jarraitzen du]