Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Bizitzako sorpresa atseginak

Oraindik asko dira Londresen Euskal Herrikoa naizela esaten diedanean, ea katalana hitz egiten dudan galdetzen didatenak. Ez da orokorrean ezjakintzat kontsideratuko nuen jendea, guztiz kontrakoa, perspektiba zabalekoak dira, erreferentzia askokoak eta gehienak Euskal Herrian behin baino gehiagotan izandakoak. Baina, agidanez badago hor blokeo mental moduko bat, edo desinteres bat ziurrenik, Bartzelona katalanarekin eta Donostia sukaldaritzarekin baino haratago asoziaziorik egiten ahalbidetzen ez diena.

Haien sentsibilizazioa oraindik gehiago ahultzen duena ordea, nire alabari hitzen bat edo beste gaztelaniaz luzatzen diodanean eta ulertzen ez duela ohartzen direnean azaltzen duten harridura da. Nire arrazoiak azaltzean, ulertzen dutela egiten esaten didaten arren, haien aurpegiko eszeptikotasunak garbi ondorioztatzen du ez direla azaleko hausnarketa urratzen ere hasi. Alegia, gaztelania da munduan hiztun gehien dituen hizkuntzetako bat. Hori da, zalantzarik gabe, une horretan buruan darabilten pentsamendua.

Gure Euskal Herri txiki partikularra osatu dugu auzoan; Donostiako familia bat ehun metrora bizi da, bi seme-alabekin haiek ere, eta, auzoan dauden hogei bat eskoletatik, kasualitatez leku berdina aukeratu dugu gure haurrentzat; nirekin Lizeoan ikasitako lagun bat eta bere familiak ere auzo bera aukeratu dute Londresen bizitzeko (elkarren pista galdua geneukan urteetan zehar eta kasualitatez aireportuan topo egin genuen behin); ia astebururo joaten garen kafe-etxearen ondoko dendan ondarrutar batek euskara “ezberdina” egiten duela ohartu da nire alaba; eta, bada beste familia bat ere haiek euskaraz hitz egin ez arren, haien seme-alabek hitz egin dezaten interesa dutenak.

Gogoko ditut kasualitateak eta bizitzak ekartzen dituen sorpresak…

Lael Wertenbaker amerikar kazetaria ezaguna egin zen batez ere Hitlerren garaiko Alemaniatik albisteak zabaltzeagatik, garaiko propagandak “emakume arriskutsutzat” izendatua, bere kazetaritza eraginkorra New Yorkeko “Time” egunkarian argitaratu zuten.

Hemingwayri buruz batzuetan esan ohi da bera izan zela Euskal Herriari buruz munduan zehar albisteak zabaldu zituen lehenengoa. Wertenbakerrek idatzitako eta duela gutxi berrargitaratu den “Death of a man” izenburuko liburuan dioen bezala, ez zen Hemingway izan ordea, beraiek –Wertenbaker eta bere senarra– izan ziren lehenengoak. Are gehiago, hainbeste gustatu zitzaien Euskal Herria, Ziburun bizi izan zirela hainbat urteetan zehar. Orson Welles film zuzendaria laguna zuen Wertenbakerrek eta hark Euskal Herriari buruz egin zuen dokumental batean elkarrizketatzen zuen eta han egiten zituen Ziburu eta Euskal Herriari buruzko hainbat hausnarketa.

Wertenbaker emakume aparta izan zen, historian leku sonatuagoa merezi duena zalantzarik gabe. Baina horri buruz beste batean idatziko dut. Orson Wellesen dokumental hartan azaltzen zen lau urteko neska lotsati bat, Wertenbakerren alaba, bere lagunekin Ziburuko plazan jolasean. Neska hori da Londresko nire “Euskal Herri partikular” horretako azken gehigarria. Bere haurtzaroko urte haiek hain urrats sakona utzi zioten, hirurogei urtetik gora zituela hasi zela euskara ikasten. Eta, nola ikasi ere…Gogoko ditut kasualitateak eta bizitzak ekartzen dituen sorpresak... •