joseangel.oria@gaur8.info
IRAK

Irakiarren Urriko Iraultzak barre egiten die buruzagi erlijioso zein politikoei

«Klasismoa suntsitu», «heriotza bazterketei» eta «zaharkitutako tradizioei ez» bezalako esaldiak oihukatuta, Irakeko gizon eta emakumeak elkarrekin dabiltza herrialdeko makina bat hiritan ustelkeriaren aurkako protestaldiak egiten. Buruzagi politiko zein erlijiosoei burla egiten diete lotsarik gabe.

Buruzagi politiko zein erlijiosoei burla egiten diete lotsarik gabe eta beren hautagai propioa dute, Mohamed Allawi farmazialaria: «Herriak aginduz gero, onartu egingo dut hautagai izatea».

Beste leku gehienetan baino garestiago ordaintzen dute irakiarrek kalera agintarien aurkako protesta egitera irtetea: iazko urritik hona 550 hildako eta 30.000 zauritu, berri agentziek egin dituzten kalkuluen arabera. Hala ere, manifestariei galdetuz gero, gauza batzuk aldatzen hasiak direla erantzuten dute, nahiz eta jakin egungo Gobernua hankaz gora botatzeko indarrik ez dutela, oraingoz behintzat.

Ali izeneko manifestaria aho zabalik geratu zen bere lagun batek Bagdad hiriburuko Tahrir plazan ezagutu zuen manifestari bati ezkontzeko eskatu zionean. Beste guztien aurrean egin zion proposamena, lotsarik gabe, Urriko Iraultza hasi arte herrialdean imajinatu ere ezin zitekeena.

Protesta mugimenduak bosgarren hilabetea betetzen du gaur bertan eta, analisten arabera, ez du aldaketa garrantzitsurik eragingo politika ofizialean. Manifestari eta begirale batzuek, aldiz, kontrakoa diote: hain kontserbadorea den gizartean zenbait oztopo sozial erorarazi dituztelakoan daude. Aldaketa sozial sakon horrek etorkizunean eragingo lituzke aldaketa politikoak, irakurketa optimistenen arabera. Bagdadeko protestaldi batzuen ondoren, begirale batzuek idatzi dute «klase sozialak senidetuta» ikusi izan dituztela.

Ali Jreibit manifestariak 28 urte ditu eta berak dio horrelakorik ez duela inoiz ikusi. Gobernuaren dimisioa behartuta «gol bat sartu dugu, besterik ez», kargua utzi duen lehen ministroaren ordez «sistemaren aldeko beste gizonen bat» jarriko dutelako politikariek. «Baina gizarte bezala begiratuz gero, gauza asko lortu ditugu elkarrekin otoitz, dantza edo negar eginda, ‘klasismoa suntsitu’, ‘heriotza bazterketei’ eta ‘zaharkitutako tradizioei ez’ bezalako leloak oihukatuta», adierazi die kazetariei manifestari gazteak.

Gazteak, koman

Sare sozialak «iraultza bektore» dira herritarren %60k 25 urte bete gabe dituzten gizartean. «Tahrir plazari esker berriz amets egiten hasi gara», zioen erabiltzaile batek. Eta amets egitea eskubidetzat dute ikasleek, hiriburuko medikuek zein auzo aberatsenetako manifestariek; tuk-tuk hiru gurpileko ibilgailuen gidariek zein hegoaldeko nekazaritza eremuetako etxeko andreek.

«Gazteak urte askotan koman egon balira bezala da», esan die AFPko kazetariei Ahmed al-Hadad Bagdadeko 32 urteko manifestariak. «Duela gutxi ikasi dugu bizirik jarraitzea ez dela nahikoa, gizarte zibil batean bizitza duin bat izatea litekeena dela, oztopo sozialik gabe, alderdi erlijiosoek ezarritako taburik gabe», erantsi du.

Sare sozialetan oraindik ere kalean egin ezin daitekeena egitera ausartzen dira herritar asko. Garai bateko irudiak gogora ekartzeko esaterako: hiriburuko neska gazteak gonamotzak jantzita edo Basora hiriko kabaretak. Aurreko belaunaldiek ezagutu zituzten irudiak dira horiek.

Oroitzapenok oso urruti geratu dira. Azken hamarkadan irudi horiek desagertu egin dira, indar erlijiosoek, milizia xiitek eta talde jihadistek gora egiten zuten bitartean.

Gizonekin eztabaidan

Diwaniya milioi erdi biztanle dituen hirian tradizioa izan da beti nagusi, zaharrek ezarritako arauak jaun eta jabe. Baina egungo matxinadan zerbait aldatu egin da. Hayam Shayaa 50 urteko emakumeak onartzen du ez zuela inoiz pentsatu gizon batzuekin politikaz edo musikaz hitz egiteko kanpin dendatan elkartuko zenik. «Bat-batean, dena aldatu egin da», esan du zapi tradizional beltza jantzita daraman manifestariak. Berak oso garbi dauka lortu dena «herrialde zibil eta garatuaren alde borrokatzeagatik hil dituzten 550 irakiarrei esker» lortu dela. «Manifestariek ez dute onartzen herrialde atzeratu eta erreakzionario batean jarraitzea».

Ideia horiek kontrako herritar asko dituzte ordea: sistema-gizonak, Jainkoaren inguruan antolatutako alderdi politikoak zein talde armatuak. Eta sareetan ere ageri dira horien aldeko mezuak: «Martirien odola lizunkeriarengatik isuri da. Axolagabetasuna da», zioen erabiltzaile kontserbadore batek.

Moqtada Sadr buruzagi xiitak ez ditu begi onez ikusten egungo protestaldiak. Iraken sekulako eragina duen klerikoak gizonek alde batetik eta emakumeek bestetik protesta egitea eskatu du. Manifestariei leporatu die alkohola edan izana, drogatzea eta lizunkeria bultzatzea.

Baina protesta egitera irteten diren herritarrek ez diote jaramon handirik egiten klerikoari, eta manifestariei denbora askoan kalean jaun eta jabe izan diren Sadren miliziak ere orain ez zaizkie hain beldurgarriak iruditzen. Are gutxiago beste kleriko eta milizianoen diskurtsoak eta mehatxuak.

Klerikoen zeregina

Beldurra atzean utzita, orain herritarren arteko eztabaidak egiten dira agintarien aurka antolatutako kanpalekuetan. Etnia eta erlijioaren arabera emandako postuen banaketa sistemari buruz aritzen dira ezbaian, eraiki beharreko gizarte berrian klerikoek izan beharko luketen zereginaz, politikari bihurtu diren milizianoen inguruan eta, jakina, Iran aldameneko herrialdeak Iraken duen eragin handiari buruz.

Orain aste batzuk, Adnane Derjal futbolari profesional ohiak «konfesionalismoa eta erregionalismoa» bere kiroletik desagerrarazteko eskatu zuen. «Gazteek lortu nahi dute geure belaunaldiak inoiz eskuratu ez zuena», esplikatu du Jaled Hamza 60 urtetik gorako Bagdadeko ikerketa zentro bateko zuzendariak.

Atzerabiderik ez

Hogei urte bete berriak dituen Heba manifestariarentzat, Irak atzerabiderik gabeko puntu batera iritsi da. «Protesta egiten ibiltzeak gauza onak eta txarrak bereizten ikastera behartu gintuen», esan zion AFPko kazetariari. Bere iritziz, gaur egun gazteek oso garbi dute zer nahi duten: munduan petrolio gehien duen herrialdeetako bat izan arren herritarren %20 pobrezian bizi diren lekuan, bizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzen dute.

Bagdad hiriburuko protestaldietan gutxitan egiten du kale Mohamed al Ajil herritarrak. Bere ustez, une honetan «irakiarren beharrak asetzea helburu duen proiektu baten inguruan bat egitea» da garrantzitsuena. Badaki horretarako «urteak» beharko direla oraindik ere, «gauza guztiak ezin baitira aldatu egun batetik bestera».

Kurduak ere, haserre

Hego Kurdistanen ere egiten ari dira ustelkeriaren aurkako mobilizazioak. Gaur zortzi milaka lagun elkartu ziren Sulaimaniya eskualde autonomoko hiriburuan zerbitzu publiko hobeak exijitzeko. Belaunaldi Berria izeneko mugimenduak deitu zuen manifestazioa. Manifestariek diote bizi baldintzak gero eta okerragoak direla kurduen probintzian. Shaswar Abdulwahid mugimenduko buruak esan zuenez, «azken 29 urteotan agintariak eskualdea era egokian kudeatzeko gauza ez dira izan. Manifestazioekin, itxaropena itzultzen diegu gazteei». Inguruan zegoen pankarta batean “Langabeziaren arazoa konpon ezazue” irakur zitekeen. “Zerbitzu publikoak orain”, beste batean.

Belaunaldi Berria 2018an sortu zuten, herritarrek pilatu duten haserrearen eraginez. Irakeko beste lekuetan baino hobeto bizi ziren kurduak, baina Estatu Islamikoaren eraginez krisi ekonomikoa iritsi zaie beraiei ere. Iraken mendean dagoen Hego Kurdistanen sei milioi lagun bizi dira. Familien %36 hilean 400 dolarrekin bizi dira.

 

Alaa al-Rikaby botikaria, manifestarien hautagaia

Beren hautagai propioa dute ustelkeriaren aurkako manifestariek, Alaa al-Rikaby farmazialaria. «Herriak aginduz gero, onartu egingo dut hautagai izatea», adierazi zien kazetariei hilaren 16an. Egun hartako mobilizazioan, Karbala xiiten hiri santuan ehunka lagunek eraman zuten farmazialariaren erretratua, Nasiriya hiriko protestaldietan nabarmendu den gizonarena alegia. Izan ere, hiri hori izan zen egungo politikarien aurkako mugimenduari hasiera eman ziona. Manifestariek agintean ikusi nahi duten gizona burusoila eta biboteduna da. Duela gutxi kontsulta bat antolatu zuen manifestarien artean, lehen ministro izateko hautagaia izan behar duen ala ez erabakitzeko. Twitter sare sozialean milaka jarraitzaile ditu eta bertan argitara ematen dituen bideoak oso arrakastatsuak izaten dira. «Postu honek ez dauka inolako baliorik niretzat, ez da harrapakin bat, baina sekulako erantzukizun moduan ikusten dut», adierazi zuen. Nasiriyako kanpalekuan su eman zioten bere dendari.

 

Zenbat milioi ministerio baten truke?

Historian lehen aldiz, Irakeko Justizia Administrazioa ustelkeria kasu bat ikertzen ari da, ofizialki bederen. Saddam Husseinen ondorengo Irakeko epaileek erabaki behar dute ea egia ote den ministro batzuek dirutza ordaindu zutela beren kargua lortzeko. Hussein presidente ohia bere kargutik kendu zutenetik gobernu berriak sortu diren bakoitzean (lau exekutibo, oraingoz), tankerako zurrumurruak zabaldu izan dira, baina ikerketa ofizialik egin gabe.

Ibrahim al Sumeidi Mohamed Allawi egungo lehen ministroaren ondoko zutabegileak eskaini zuen zetorkigunaren lehenengo pista: sare sozialetan jakinarazi zuen alderdi politiko batek 30 milioi dolar ordaindu zituela ministerio bat lortzeagatik.

Bidea zabaldu ondoren, Kazem al Sayadi Allawiren kontrakoak datu gehiago eman zituen: «Petrolio Ministerioak 7,7 milioi euro balio ditu. Nork erosi nahi du? Postuak salgai daude».

Orduan ikusi zitzaion Justizia Administrazioari inoiz ikusi ez zitzaion jarrera arduratsua: Sumeidiri galdeketa egin zion eta Sayadiren immunitate parlamentarioa kentzeko eskatu zion Parlamentuari, berari ere galdeketa egin ahal izateko (ordurako bere mezua ezabatuta zuen Nuri al Maliki lehen ministro ohiaren aldeko politikariak).

Adel Abdul-Mahdi zen lehen ministro Urriko Iraultzari Nasiriyan hasiera eman ziotenean. Azaroaren 29an kargua utzi beharra izan zuen, protesten eraginez, eta geroztik Mallawi dago lehen ministro karguan.

Aste honetan bertan aurkeztu behar zuen behin-behineko lehen ministroak bere gobernu proposamena, Parlamentuak argi berdea eman diezaion, baina astelehenean bertan Mohamed al Halbusi Parlamentuko presidenteak jakinarazi zuen ostegunean egitekoa zen bilerara joateko asmorik ez zuela, Allawi orain pertsonarik egokiena ez delakoan.