GAUR8
LEKU LIBREA AL DA INTERNET?

Duela 31 urte askatasun esparru izateko bokazioz jaiotako sareen sarea beti ez da hitz eman zuen bezain askea

Duela 31 urteko martxoaren 12an, Tim Berners-Lee ikertzaile britainiarrak hipertestuak transferitzeko protokoloa deskribatu zuen, urtebete geroago World Wide Web izango zena. Ordutik aurrera, sareen sarerako sarbidea izateak askatasun esparru batean sartzea esan nahi zuen, 2006an Nazio Batuek funtsezko eskubidetzat jo zutena. Hala ere, Internet zentsurarik gabeko plaza publikoa izango zen promesa ez da beti betetzen.

Leku librea al da Internet? Berez promesa horrekin sortu bazen ere, gero eta muga gehiago dauzka eta adierazpen askatasuna babestea dilema garrantzitsua bihurtu da.

Horren erakusgarri dira “itzalaldiak” deiturikoak, hainbat gobernuk aldi baterako egiten dituzten Interneteko mozketak, protestak edo mobilizazio sozialak kontrolatzeko irtenbide gisa. Hori izan zen, hain zuzen ere, martxoaren 15eko Interneteko Zentsuraren Aurkako Munduko Egunaren jaiotzaren arrazoietako bat. Access Nowren txosten baten arabera, 2018an gutxienez 196 blokeo edo “itzalaldi” egon ziren Interneten 25 herrialdetan. Eta etorkizun hurbilerako aurreikuspenak ez dira baikorrak, azken urteetan zentsurak gora egin duela uste baitute adituek.

Horrela islatu du “Freedom on the Net” izeneko txostenak mundu osoko 65 herrialdetan Internetek duen askatasuna aztertu eta gero. Ikerketa horren arabera, bederatzigarren urtez jarraian Interneteko askatasun globalak behera egin du: aztertutako herrialdeetatik 33k galdu dute askatasuna 2018ko ekainetik, eta soilik 16k izan dute hobekuntza garbia. Askatasun rankingaren puntuazioan jaitsierarik handienak Sudanen eta Kazakhstanen izan dira, Brasilek, Bangladeshek eta Zimbabwek jarraituta.

Gobernuaren zentsurak sortzen dituen zailtasunez gain, analistek diote gaur egun Internet beste borroka baten erdian dagoela: adierazpen askatasunerako eskubidea babestu nahi du eta, aldi berean desinformazioari, manipulazioari, gorroto-diskurtsoei, diskriminazioari, intimitatearen urraketari edo plagioei aurre egin behar die. Oreka konplexua.

Adituen esanetan, «Facebook, Twitter edo Instagram bezalako gizarte plataforma handiei edukia mugatzea beste aukerarik ez zaie geratzen, herrialde bakoitzeko legedia eta usadioak eta ohiturak bete nahi badituzte. Baina oso zaila da gehiegikeriarik egin gabe egitea».

Proposamen berriak

Plataforma sozial handien edukietan izandako interbentzionismoari egindako kritikek eta Interneten jatorrira itzultzeko nahiak –sarea adierazpen askatasunerako mugarik ez zegoen espazio gisa eraikitzen zenean– proposamen berriak ekarri dituzte berekin.

Horrela iritsi dira merkatura hamar plataforma baino gehiago, horien artean Mastodon, Twitter bezalako funtzioak dituen microblogging sare sozial bat, dagoeneko mundu osoan 2,2 milioi erabiltzaile dituela baieztatzen duena. Beste aukera bat GAB da, 800.000 erabiltzaile ingururekin, Twitterren antzeko beste sare sozial bat, baina ezin da deskargatu ez Google Playtik ez App Storetik, bere webgunetik baizik. Baimenduta dago ia dena bertan argitaratzea, indarkeria, legez kanpoko pornografia edo erabiltzaileei buruzko informazio konfidentziala bultzatzen duten edukiak izan ezik. Edota berriena, Pichagram, Instagramen antzekoa, baina artistentzat pentsatuta eta zentsurarik gabe. Aukera askeago gisa aurkezten dira, eta, kasu askotan, esplizituki, beste plataformen «zentsuraren aurkako» alternatiba gisa.

Pichagram, Murtziako programatzaile eta ilustratzaile batek sortutako plataforma da. Bertan, beren lanetan biluziak sartzen dituzten artistek Instagram ez den beste espazio bat dute horiek zabaltzeko, plataforma tradizionaletan horrelako edukiak blokeatu egiten baitira, obra artistiko bat pornografiatzat har daitekeenetik bereizten ez delako.