Iñaki Sanz-Azkue

«ATTONA» MAXIMOREN BIHOTZEKO MAPAK

Mapa guztiak ez dira berdinak. Ez ingurunea ezberdina delako bakarrik, baizik eta mapa egiten duen pertsona bakoitzak ez duelako modu berean ikusten bere ingurua. «Attona» Maximo oraindik ere natura irakurtzen zuten pertsonen belaunaldikoa zen, inguratzen zuen paisaia begiratzeko modu berezia zuena; eta hala islatzen dute 80ko hamarkadan bere etxeko egongelan marraztu zituen mapek.

Euskal gizartearen hiritartzearekin batera etorri da naturari loturiko ahozko transmisioaren etena, eta bidean galdu dira paisaia kulturalaren parte ziren leku-izenak, kondairak eta nork jakin zenbat ondare. Maximok apustu propioa egin zuen, eta bere herriko, Hondarribiko, hainbat mapa marraztu zituen, inork eskatu gabe.

Ondarea maite duen edozein pertsonarentzat, altxorrez beteriko planoak dira. Izan ere, attona Maximoren bihotzeko mapak ondarearen gordailu ederrak dira, baina ez hori bakarrik: aurkikuntza berri eta eder bat egiteko tresna ezin hobea ere suertatzen ari dira.

Maximo Sagarzazu Ugarte Hondarribian jaio zen, Larramendi-Enea baserrian, 1912an. Hainbat arrazoi direla medio, txikia zenetik Maximok betebehar garrantzitsua bete zuen etxean: aitonaren jakintza guztia jasotzearena. Orduak igaro zituen bere aitonarekin XX. mende hasierako Hondarribitik barrena, gora eta behera, herriko eta mendiko bazter txikienetik hasi eta txoko guztietako leku-izen, kontakizun eta jakin beharreko guztiak ezagutzen. Aitaren eta Maximo baino bi belaunaldi lehenago jaiotako bere aitonaren istorioek betetzen zituzten bere eguneko ordu asko, eta, elkarrekin igarotako une horiei esker, duela 200 urteko historia haien jabe bihurtu zuen bere burua. Eta ondo gorde zituen denak. Nola gorde, gainera!

80ko hamarkadan, ordea, Maximok nabaritu zuen jada bere begien aurrean ikusten zuen Hondarribia ez zela bere txikitako herria. Euskal Herri osoan, eta are gehiago Hondarribian, herriko paisaia aldatzen ari zen, eta gizartea hiritartzen. Eta bere inguruneari, naturari loturik bizi izan zen herriak bizitza begiratzeko betaurrekoak aldatu zituen. Belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho igarotako ondareak ez zuen lekurik testuinguru berri hartan. Maximok urteetan jasotako jakintzak berarekin desagertzeko arriskua zuen, eta horren jakitun zen. Ondare oso bat zuen buruan, eta gehiegizko zama zen guztia berarekin galduko zela jakitea. Hori horrela, pausua ematea pentsatu eta mapak marrazten hasi zen Maximo: bere bihotzeko mapak.

Mimoz eta zehaztasun ikaragarriaz 17 plano ezberdin egin zituen. 80ko hamarkadan, aitonarekin ezagutu zuen XX. mende hasierako Hondarribia zuen buruan, eta hala marraztu zituen mapak: eskuz, baina bihotzarekin. Hori gutxi ez, eta Maximok 15-20 koaderno inguru ere idatzi zituen, Hondarribiko auzo guztietako baserriak banan-banan hartu, eta horien historia eta istorioak kontatuz. Ez edozein modura gainera: prosa eta bertsoak partekatu zituen hori egiteko.

Natura irakurtzen duten begiak

Prosa eta bertsorik ez. Hitzak, alabaina, badira Maximok marrazturiko mapetan: hitzak eta marrazkiak. Baina, zer da attona Maximoren mapak horren bereziak egiten dituen hori?

Hartu, irakurle, minutu erdi irakurtzen jarraitu aurretik, eta hausnartu: zure herriko planoa egin beharko bazenu, zer marraztuko zenuke? Zer da zure begiek ikusten dutena? Zer da zure buruak gordetzen duena?

Maximok egindako planoek begirada ezberdin bat dute. Natura irakurtzen duten begiekin egindakoak dira. Fokua herrian, eraikuntzetan eta errepideetan baino, paisaian jartzen dutenak. Bera bizi zen ingurunearekin lotura estua zuten belaunaldikoek zuten begirada bera zuen. Natura zegoen erdigunean.

Egungo hiritar baten ikuspuntutik oso zaila suertatzen da herriko erdigunetik kanpo dagoena marraztea. Dena baita belarra edo basoa ezberdintzen ez dakiten begientzat. Txori guztiak dira “txori”, eta paisaia gizakiak bizitzeko duen atze-oihala.

Natura irakurtzen zuten begiek, ordea, beste modu batera ikusten zituzten gauzak. Ezberdintzen zituzten landareak, basoak, arrantzatzeko arroka onak, eta iratzea eta otea mozteko gune aproposak. Naturatik ateratzen zituzten bizirauteko baliabide asko, eta, horretarako, ezinbestekoa zen ingurunea ondo ezagutzea: irakurtzea.

Ikaragarrizko informazio pila bilduta

Hala, ez da harritzekoa egun Maximoren mapa hartzen duen edonork txundituta begiratzea hark egindako lanari. “Lupa”-rekin begiratutako paisaia marraztu zuen: bizi oso bat herri batera murriztuta zegoen. Maximoren mundua plano bakarrean erakusten zuen.

Planoen artean batzuk Hondarribia osokoak dira. Besteak, berriz, herriko eremu batekoak baino ez. Baina guztiek ezaugarri bereizgarri bat dute: ikaragarrizko informazioa. Maximok buruz egin zituen denak. Banan-banan marraztu zituen herriko etxe eta baserri guztiak. Horietako gehienak euren izenarekin, eta horietara iristeko bide, bire xiorrak, gurdibiriak, erri biriak eta bide-gurutzeak ezberdinduz. Bertan ikus daitezke ere herriko harrobiak zirenak, baserri bakoitzaren gobara-itturriyak eta herriko erreka guztien ibilbideak marraztuak, horien iturburu edo Maximok jartzen duen moduan, ur-begiekin. Iturriak, arrazkak, desagerturiko putzuak… denak daude ezberdinduak eta zeuden lekuan jarriak.

Edozeinen begietara, ordea, beste gauza askok ere deitzen dute arreta. Esaterako, Jaizkibel mendia eta Jaizubiako paduretako eremu ezberdinei buruz ematen duen informazioak. Deigarria da mapan zehar aurki daitekeen leku-izen edo toponimo kopurua. Jaizkibelgo kostako lerroa jarraituz soilik, itsasoari begira dauden arrokak bakarrik kontuan izanik, 150 leku-izenetik gora kokatzen ditu, bakoitza dagokion tokian, eta askotan dagokion arrokan bertan. Mendian barrena eta baserri eremuan sartuta, izen kopurua laukoiztu egiten da erraz: kontaezinak dira bertan agertzen diren toponimoak. Baina hori gutxi balitz, itsas labarreko gune batzuetan marearen arabera arrokak maila ezberdinetan marrazten ditu euren izenekin. Alegia, marea goran ala beheran izan, ikusten diren arrokak ezberdinak dira, eta beraz, toponimoak itsaso barruan geratzen dira. Eta horietan, itsasertzeko arroka horien izenetan, badira sarri errepikatzen diren hitzak: arri, xabal, altua eta plantaña, esaterako. Baina, plantaña? Zer da plantaña?

Natura irakurtzen dutenen hiztegia

Plantaña edo plantaina lurretik itsasora sartzen den harri orrazea da. Normalean aldapaduna. Izan ere, natura irakurtzen zuten begiek, hitzak jartzen zizkieten paisaian agertzen ziren elementu ezberdinei, eta nola ez, bertako animalia eta landareei. Deigarria da oso, Maximok zenbat landare izen izendatzen dituen mapan. Guztiak, noski, Hondarribiko euskaran duten izenarekin: Itxeberri-goiko txiostua (huntza), Martitxeko kaudanak (gurbitzak), zaziya (sasia), otsolarra (?), Irukantoiko zeskak (lezka), baxa-kañabela (Phragmites-ak), sabi-belarra (Fucus generoko alga klase bat)... baina, hori gutxi balitz, Jaizkibelen bertan ustiatzeko erabiltzen zituzten guneak izendatzen ditu: Farolako piñegiya, Domingotxoneko gastañegiya, Esteusko zagardiya, Esteusko oyana, Ixaneko belar-sorua, iratze tokiyak edota otea jasotzeko guneak ere, “otaskarako onak” zirenak. Baina behin lupa jarrita, mapa ikusten duenak luparen maila ere ikus dezake oteei begiratuta. Izan ere, Maximorentzat ote guztiak ez ziren berdinak, eta oteen barruan ere ote espezie ezberdinak eta horiek aurki zitezkeen lekuak kokatzen eta aipatzen ditu: ote suriya eta ote beltxa. Alegia, Ulex europaeus eta Ulex minor. Egun, bilatuko bagenu, kostata aurkituko genuke Hondarribian (eta Euskal Herriko herri gehienetan) bi oteak ezberdintzen dituen pertsonarik, eta gazteen artean, otea bera ezagutzen duenik aurkituz gero, gaitz erdi!

Izan ere, aurretik esan bezala, natura ezagutzeak etxerako gaztainak, iratzea, otea, belarra... nondik hartu jakiteko aukera ematen zuen, eta hori belaunaldiz belaunaldi erakusten zen. Eta gauza bera gertatzen zen animaliekin ere. Sabi-belarra jaten duen arraina (“salpa” izenekoa) da sabia eta sabiak zeuden Jaizkibelgo arroken eremuak sabi-arri du izena. Eta planoetan izendatzen dira ere, esaterako, kardiñeruak iragotzen ziren lekuak (karnabak pasatzen ziren tokia) edota uzo-aundiyak ikus zitezkeenak eta sube tokiyak. Baita, txirla-txuriya, karramarruak, almeja tokiyak, tretxo tokiyak... edota Hendaiako hareatzetan txingeruak eta zariari tiraka ibiltzen zirenak, euren marrazki eta guzti.

Aurkikuntza ederra mapari esker

Maximo Sagarzazuren mapak, beraz, herriko paisaiak urte gutxian izan duen aldaketa ikusteko neurgailu aparta dira, eta era berean, gizarte baten begirada islatzen duten plano ederrak, egungo ezagutzarekin edozein herritarrek nekez egingo lituzkeenak. Izan ere, Maximoren mapak, igarotako gizarte eta bizimodu baten marrazkiz eta hitzez eginiko kontakizuna dira.

Maximok buruan zuen guztia ez da mapan islatzen, eta bere bilobek ere hala adierazi digute. Hondarribiko mapa egin zenean Juan San Martinek elkarrizketatua izan zen, eta sekulako informazioa eman zion herriko leku-izenak bertan kokatzeko. Attona Maximo, alabaina, joan zen. 1999. urtean hil zen. Plano moduan utzi zuen ondareak, ordea, oraindik ere ezustekoak emateko asmoa du.

Eta horren adibide da duela gutxi berak buruturiko lanari esker egindako aurkikuntza: mapei esker, errotarriak egiteko erabilitako harrobi zaharra aurkitu da lehen aldiz Jaizkibelen. Errotarriak egiteko harrobiek zituzten berezitasunak kontuan izanda, aurkikuntza ederra da mendiarentzat, eta are gehiago Hondarribiko herriarentzat. Errotarriak egiteko harrobiak ez baitira edozein harrobi, eta ez baitira edozein lekutan aurkitzen. Harri guztiek ez baitute balio errotarriak egiteko, ezta leku guztiek ere. Errotarriak erroten ardatza ziren, eta errotak iragandako gizarte bateko elementu garrantzitsuak; errotarriak, beraz, mimoz eta ondo pentsatuta egin beharrekoak ziren.

1802ko Madozen dokumentu batek aipatzen du Jaizkibelgo harriak errotarriak egiteko aproposak direla, eta bertan egiten zirela. Geroztik ere XIX. mendeko dokumentu ezberdinetan aurkitu zen aipu bera, ziur asko 1802kotik jasotakoa. Baina errotarriak egiten ziren harrobien arrastorik ez zen ezagutzen egundaino Hondarribian. Hondarribiko zaharrenek ere ez zuten sekula entzun inoiz errotarri harrobirik bertan izan zenik, ahozkotasunean informazioa ere galdu egiten baita denborarekin, eta hala esperantza guztiak galduak ziren hori aurkitzeko.

Maximoren planoek, ordea, berriro ere piztu zuten garra. Izan ere, bere mapetako hirutan garbi agertzen da “errotarri” izeneko arroka. Maximok bere aitonatik jaso zuela informazioa jakinda, XIX. mendera egingo genuke salto. Eta hor, mende hasieran aipatzen dira errotarri harrobiak dokumentu zaharretan. Eta non aipatzen ditu Maximok “errotarri” leku-izenak? Non eta marearteko gunean, Euskal Herriko leku gutxitan bezala, itsasotik barrena errotarriak barkuz ateratzeko guneetan. Baina mapez gain, ordea, aurretik Maximori leku-izenei buruz egindako elkarrizketa batean ere berak egindako aipamena aurkitu zen: «Bi omen dira [“errotarri” leku-izenaz ari da]. Arrixabal eta Askoandi artean kokatua bata, eta, bestea, Errotazain eta Iruarrita artean».

Pista horiekin guztiekin errotarrien harrobia bilatzeko lehen laginketa adostu zen, eta hala Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Castro aditua, Yoseba Alonso, Ramon Muñoz Maximoren familiaren ordezkari moduan, eta lauok abiatu ginen Jaizkibelera duela hilabete eskas. Eta hantxe, Maximok adierazten zituen leku-izenetatik gertu aurkitu zen egundaino aurkitu den errotarri harrobia izandakoaren lehen arrastoa: egiten hasi, baina bukatu gabe zegoela hautsitako errotarria topatu genuen.

Europa mailako errotarrien harrobiak biltzen dituen proiektuaren barnean, 996. harrobia da Jaizkibelgoa. Maparen arrastoak jarraituz, ordea, oso litekeena da oraindik ere harrobi gehiago aurkitzea Jaizkibelgo arroken artean.

Lerro hauek erabili ditzagun, beraz, Maximok bizitzan zehar jaso ez zuen omenalditxoa jaso dezan. Inork baliorik ematen ez zion garaian, ondareari eman beharreko balioa eta garrantzia ematen asmatu zuelako. Eta nola ez, ondare hori guztia etorkizunera igarotzea nahi izan zuelako: atzetik aurrera bidea eginez, kardiñeruek Jaizkibelgo zelaiak iragotzen dituzten bezala.