Iñaki Soto

Mahai gainean dagoena eta futbolin azpiko hautsak

Koronabirusaren krisiaren dimentsioaz jabetzeko hitz egiten dugun aditu guztien ustez, gakoetako bat dugun informazioaren ondorioz hartu beharko genituzkeen erabakien eta jendartearen gehiengoa onartzeko prest dagoen informazioaren arteko talkan dago. Printzipio orokor gisa, jendeari ezin omen zaio digeritu edo onartu dezakeen baino informazio gehiago eman. Hori egin ahal izateko beste kultura politiko bat behar da. Adituen ustez, orain ez da alor horretan esperimentuak egiteko garai aproposa. Agian, arrazoia dute.

Printzipio horren arabera, ezin zaio jendeari zuzenean eta besterik gabe esan, ziur asko, gehienok apirila etxean pasako dugula. Agian, baita maiatza ere. Ezin zaio argitu kaleratzea partziala, mailakatua, baldintzatua eta zaintzapean izango dela, alegia, buruan duten «askatasunaren festak» ez dirudiela ideia ona. Ezin zaio esan, adibidez, hezkuntzan zenbait ziklotan errepikapen orokorraren hipotesia mahai gainean dagoela. Ezetz esateko bada ere. Berdin industria sektore osoen errekonbertsioarekin, zenbait arduradun entzunda auzia pertsiana altxatu edo jaistea dela dirudien arren. Dena ez bada, gauzak asko aldatuko dira. Adibidez, osasungintzan, erditzeetatik hasi eta helduen zainketaraino, gauzak aldatu beharko dira. Ezin omen zaio jendeari esan, baina ingurura begiratzen badu konturatuko da, osasun sistemaren iraupen testa orain atzeratzen ari diren proba eta ebakuntza guztiei ekitean izango dela. Jakina, baldin eta koronabirusak bigarren olatu bat ez baldin badakar.

Gauza horietatik batzuk gertatuko dira, beste zenbait ez, baina guztiak daude arduradunen mahaien gainean eta jendartearen begi bistatik kanpo. Agian, horrela izan behar du. Halere, horrela izan ez dadin zerbait egin beharko genuke. Bestela, esperimentuetarako garaiak ez direla dioten berdinek arratoi gisa tratatuko gaituzte beti.

Uneotan, taktika horren arazoetako bat aldaketen abiadura da. Agian ezin dira gauzak zuzenean esan, baina erabakiak garaiz hartu behar dira. Horrekin batera, datu ofizialak zalantzagarriak dira eta, ondorioz, ez dira kalkuluak egiteko baliagarriak. Estrategiaren parte izan daiteke: izua kontrolik gabe zabaltzeko arriskuagatik ez dira datu errealak ematen. Horrela bada, izan bedi, baina ez dezatela aldiro esan gardentasun osoz ari direla. Gu arduratsu jokatzeko prest gaude, baina ez gaude hemen besteen propaganda arduragabea banatzeko.

Orain egin behar dena, hemendik hiru hilabetera egin beharko dena egiteko orain egin behar dena, eta hemendik bi urtera egin behar dena egin ahal izateko orain egin behar dena oso gauza desberdinak dira. Guztiak, ordea, orain egin behar dira. Plano desberdin horiek aurrera atera ahal izateko, maila, epe eta ikuspuntu desberdinetatik ariko diren lantaldeak beharko dira. Hemen dimentsio arazo bat dugu, gure egitura gehienak txikiegiak direlako, sakabanatuegiak daudelako eta itxiegiak direlako. Ondorioz, premiak, logistika eta auzi estrategikoak jende berdinaren esku geratzen dira maiz.

Itxialdian, gaitasunak eta autonomia hezi daitezkeela erakusten ari dira etxeko txikienak. Jendarte gisa hortik ikasi beharko genuke, datozen krisietarako. Orain jende guztiak mahai gainean dagoena jasateko gaitasunik ez duela egia izan daiteke. Nagusiek –jauntxoek, esan nahi da– ez dezatela ahuldade hori jendea futbolinaren azpitik pasarazteko duten gogoarekin nahastu. •