Itzea Urkizu Arsuaga

Zergatik niri?

Goizeko zortziak dira, eta bikotekidearen telelan ordutegiarekin batera jaiki naiz gaur, zutabe hau josten saiatzera. Mahaiko ordenagailuan bera, eta unibertsitate garaitik mirakuluz bizirik jarraitzen duen eramangarrian ni. Atseden txiki bat hartu du nigana gerturatzeko, eta hala esan dit: «Ze ondo. Oraindik beste bi aste geratzen zaizkigu, elkarrekin etxean oporretan».

Gure erkidegoko telebista kate publikoak konfinamenduaren hasiera “Aupa Etxebeste!” filmarekin girotu nahi izan bazigun ere, nik neuk behintzat ez dut lortu honi guztiari opor kutsua hartzerik. Haurdun harrapatu nau Covid-19aren olatuak eta, horri nire berezko hipokondria gehituz gero, pentsa liteke egunok erronka psikologiko ederra izaten ari direla. Koronabirusa harrapatzeko beldurra gutxitu zen, itxialdiak haurdunaldi sedentarioegia eragingo ote zidan pentsatzen hasi nintzenean. Gerora heldu dira autoazterketa emozionalak: “Nola jaiki naiz gaur? Egon zaitez pozik, pribilegiatua zara, etxean ondo zaude, lasai, milaka dira zu baino egoera makurragoan daudenak”. Errusiar mendi bat naiz, lau hormaren artean.

Egiazki, etxebestetarren ibilerak baino gehiago, “The handmaid’s tale” telesail distopikoa ekarri baitit niri gogora, bizitzen ari garenak. Erosketak banaka, polizia eta indar armatuak kalean, leihoetan zelatari-salatariak, arrazakeria filtrorik gabe bortitz eta, lehendik ere bizitzea bizirautea zitzaienak, nola-hala eusten. Surrealismoa, sare sozialez apainduta.

Eta, hala ere, gure balkoiaren pribilegio txikitik, gehiegitan pentsatzen ari naiz: “Zergatik niri?”. Gehiegitan akordatu naiz erditzeari diodan beldurrarekin, eta hark pandemiarekin bat egiteko balizko aukerekin. Gehiegitan egotzi diot neure buruari, pentsatu baietz baina egin ezetz: ez ditudala amaituko itxialdi hasieran irakurtzekoen zerrendan jarri nituen liburu guztiak. Ezta horretarako ere. Kaka.

Lagun erdi terapeuta batek ederki azaldu zidan, sabaia esku ahurrarekin ukitzen saiatzen ari nintzela, etengabe; 1,63 metrotatik, ezinezko bat. Baina pasatu dugu konfinamenduaren ustezko ekuatorea, sortu ditugu etxeko gelen arteko errutinak eta, hori gutxi balitz, elur giroari begira nago leihotik, manta bat izter gainean. Tamaina hartzen hasi ote naiz honi? Akaso bai, etxeko oporraldiaren ideia goxo horretatik. Ez nioke larrialdi egoerari erromantizismotik begiratu nahi, baina, onar dezagun, honetatik airoso irteteko, ongi etorriak direla helduleku guztiak. Hilabetez –edo– etxean egon behar izateak badituelako gauza zoragarriak ere: bikotekide, pisukide nahiz senideekin otordu guztiak egin ahal izatea, edo egunero bortxatzen genituen lurrak arnas betean ikustea, gu itota gauden bitartean.

Akaso karma izan da hau guztia ekarri diguna; edo, beharbada, bestelako interes globalak. Baina paradigma produktiboetatik afektiboetara behingoz pasatzeko aukera dugu; hainbeste egin beharrean, gehiago egotekoa. Itxita egoteko hormarik ere ez dutenei laguntzen saiatzekoa; distantziatik bada ere, elkar zaintzen ikastekoa. Bizitza, benetan, erdigunean jartzekoa. •