Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

BELDURRAK TIRA EGITEN DU LURRERANTZ

Batzuk hankak airean bezala sentitzen gara, lurra ukitu nahi eta ezin. Beste batzuk lurrera erorita, lurretik altxatu nahi eta ezin. Koronabirusak sortu duen krisi hau hain da zabala, hainbeste ertz dauzka... Batzuek batzuetan punta batzuen ziztada sentitzen dugu; beste batzuek beste batzuetan beste ezten baten zorrotza. Inork ez dauka oso garbi zer gertatu zen atzo eta zer etorriko den bihar. Baina datuak, atzo ulertezinak eta gaur beldurgarriak zaizkigun datuak, latzak dira. Herritarren %5ek baino gutxiagok pasatu omen dute koronabirusa. Talde immunitateak %60ko datua eskatzen du. Urruti beraz, oso urruti. Eta %5eko immunitatea ia 2.000 hildako kostatu da. Garestiegi. Eta lehen olatuak segidakoa ekarriko omen du eta hileta oharrak begiratzen segituko omen dugu, koronabirusak zulatutako bizitzen kontzientzia hartzeko.

Beldurra ez da bidaide ona, baina lurrerantz tira egiten digu arinkeriekin haizatzen garenean. Amagoia Mujika Telleria