30/05/2020

Reportage
infraganti
ELZBIETA PODOLAK

Ia lau hamarkada daramatza Euskal Herrian eta bizitza osoa musikari lotuta. Azken urteak Nafarroan eman ditu, «ametsetako etxean», baina senarraren heriotzak ametsa zapuztu zion iaz. Edonola ere, bizi berri batek arinduko dio mina, berak mañeruarrei bere musikaz itxialdia arintzen dien bezala. Elzbieta Podolak. Txirulari profesionala.

Xabier Izaga Gonzalez
0530_elbieta1

Martxoaren 15ean eskaini zuen Mañeruko lehen txirula kontzertua eta joan den astean berrogeita hamargarrena. Horrela goxatu die itxialdia Elzbieta Podolak flautista profesionalak mañeruarrei. Ia egunero kontzertu txiki bat eskaintzen du 21:10ean puntuan Zirauki kaleko bere etxeko leihotik. Hogei minutuz, lau zatitan, konpositore klasikoen zenbait pieza, musika garaikidea, herri musika... «Konposizio txikiak izaten dira, dantzak, minuetak, sonata zatiak…». Eta ez da erraza, a capella jota. Lan handia egin du kontzertuak prestatzeko.

Askotariko musika

Errepertorio zabala du, konpositore barrokoetatik garaikideetara: Cuperin, Bach, Mozart, Beethoven, Schubert, Chopin, Txaikovski, Debussy, Sorozabal, Iradierren eta beste askoren musikarekin batera, kontzertuaren atal batean The Beatles, Benito Lertxundi edo Mikel Laboa entzuteko aukera izaten da, baita herri musika eta haurrentzako euskal abestiak ere, azken horiek oso gogokoak baititu. Kontzertua baino lehen, abestien hitzak bidaltzen dizkio bere publikoari, hark ere parte hartzeko.

Egunero jo izan du, euri egunetan izan ezik, hezetasuna dela-eta ezin baitu txirula atera, oso kontuz ibiltzeko moduko tresna baita. Kontzertuak egiten jarraitzeko asmoa du, baina noizbait moztu egin beharko duela uste du: «Konfinamenduaren fase irekiago batera igaro garenez, ez dut jendea aspertu nahi», azaldu du. Zaila du bizilagunak aspertzea, ordea, hasieratik harrera ezin hobea izan baitu haren musikak.

Ezlbietak ez du sumatu musika klasikoarekiko uzkurtasunik. «Mañeru herri txikia da, 400 biztanle ditu, eta hemen badago abesbatza bat, gehienbat jende nagusiak osatua, eta oso ondo egiten dute. Baina gazte batzuek ere izena ematen dute eta jendeak, oro har, gustuko du musika».

Zeharkako txirula ez da maisutasunez erabiltzen duen musika tresna bakarra. Ahotsa da bestea. Donostiako Orfeoiko kide da Elzbieta aspaldi luzetik, «eta oso harro nago horretaz». Ia bizitza osoko musika prestakuntza du musikari poloniarrak. Bere herrialdean hasi zen umetan, eta zentzua duenetik musikari lotuta bizi izan da: haur eskolan, lehen hezkuntzan, Polonian musikan jardungo dutenek egiten duten musika lizeoan eta unibertsitate ikasketetan, hemezortzi urteko prestakuntza arautu eta zorrotza. «Esfortzu handiko urte asko dira», azaldu du, baina baita esfortzu horrek bere fruituak eman zituela ere.

Zeharkako txirula baino lehen, biolina jotzen hasi zen, ikasturtea amaitu baino lehen hil egin zen irakasle edadetu batekin. Eskolako zuzendaritzak orduan Elzbietaren gurasoei txirula ikasteko leku bat zegoela esan zien.«Jakina, ikasleei zeregin bat bilatu egin beharra zeukaten, tresna bat. Eta niri zeharkako txirula tokatu zitzaidan», dio. Hemezortzi urte horiek igarota, musikarako afizioa profesio bilakatu zitzaion. Poloniako Irrati Telebistako Orkestran jo zuen, harik eta 1979an «maleta batekin eta bi urteko neskato batekin», senarra zena eta bera Mexikora joan ziren arte. Senarra ere musikaria zen, kontrabaxu-jotzailea, hain zuzen. Lau urte eta erdi eman zituzten Mexikoko hainbat orkestratan jotzen.

Euskal Herrira

Mexikotik Poloniara itzuli ziren, eta luze gabe Elzbietaren senarrak Euskadiko Orkestran plaza bat eskuratu zuen oposizio bidez. 1983. urtea zen. Eta Euskal Herrira etorri ziren. Lehenbizi, Donostiara; ondoren, Ziburun bizi izan ziren, baina Donostiarekiko loturari eutsita. «Horregatik jarraitzen dut nik Donostiako Orfeoian». Bertako kontrabaxu solista izan zen ia berrogei urtez. Senarra Euskadiko Orkestrako kontrabaxu solista izan zen ia berrogei urtez.

Elzbietak, besteak beste, Barakaldo, Donostia eta Gasteizko kontserbatorioetan eman ditu eskolak, baita Euskal Herriko musika eskola askotan, Gasteizko Udal Musika Bandarekin eta Ertzaintzaren Bandarekin kolaboratu izan du, Herriz Herri ekimenean parte hartu zuen Amadeus taldearekin lehenengo eta bost emakumek osatutako Lauaxeta taldearekin gero. Gogoan du hainbat musikari profesionalek bere senarrak bultzatuta osatu zuten taldea ere, eta Irunen haren omenez Gure Ametsa abesbatzarekin egindako kontzertuak.

Izan ere, duela hiru urte, senarrak erretreta hartu eta, hark oso gogoko baitzuen Nafarroa, ilusioz beterik joan ziren Mañerura. Beren ametsetako etxea erosi zuten bertan. Eta duela urtebete alargundu egin zen Elzbieta. «Horrenbeste lan egin ondoren… dena zapuztu zen», dio hunkituta.

Baina tristura sakon horren ondoren, poz handia ere agertu da bat-batean Elzbieta Podolaren bizitzara. Heriotzaren ondoren, bizi berria. Haren semeak eta errainak ume bat izango dute laster. Lau belaunaldi batuko dira etxean. Izan ere, Elzbietaren ama ere Mañerun dago uneotan, konfinamendua dela-eta ez baitu Poloniara itzultzerik izan. Seme horrez gainera, Varsovian bizi den alaba bat ere badu Elzbietak.

Bizilagunei esker onez

Herrira iritsi zirenean mañeruarrek egin zieten harrera eta haien portaera nabarmendu du: «Bikain portatu dira beti gurekin. Hasieran ez geneukan behar handirik, baina senarra gaixotu zenean, izugarri lagundu didate. Jende zoragarria da». Horregatik dio kontzertuok nolabait laguntza hori eskertzeko modua direla: «Zer eman ahal diet nik? Bada, ondoen egiten dakidana, nire interpretazioa, nire musika, musika klasikora hurbiltzeko saioak. Eta badirudi pozik daudela».

Kontzertuon ideia Julio Iriarte alboko bizilagunaren «txantxa» batetik sortu zen. Eta etxe horretara iritsi zireneko egunak gogoratu ditu: «Etxe berria zen, hutsik zegoen, eta Juliok, ezagutu gabe, nondik etorri ginen arduratu gabe, kafea hartzera edo bazkaltzera gonbidatzen gintuen». Martxoan, komunitateko Whatsapp taldearen bidez, bere musika oparitzeko proposamena egin zion Iriartek, GAUR8ri berretsi dionez. Elzbietak eta bere familiak herrira iritsi ziren unetik egin zituzten adiskidetasunak. Kontzertutxoen hasierari dagokionez, zenbait jende etxeko balkoian tresnaren bat jotzen agertzen zen bideoak ikusi ondoren, «Whatsapp bidez Elzbietari proposamena egitea bururatu zitzaidan. Elzbietak berehala esan zuen baietz». Zenbait egunetan auzokoren bati eskaintzen dio kontzertua; esate baterako, martxoaren 17an Iriarteren aitari, hain zuzen, egun hartan Covid-19ak eraman baitzuen. Jaiotza, ezkontza edo urtebetetze eskaintzak ere egiten ditu.

Musikak asko lagundu dio Elzbietari, baita senarra hil zenetik igaro dituen une latzetan ere. «Musika dena da. Bizitzako garai guztietan lagun izaten dugu, jaiotzen garenetik hil arte. Orduan ere ezkilak entzuten dira eta gero musika eder batekin agurtzen gaituzte», dio.

Eta musika «itxialdi triste» honen parte izan da. Denbora ahalik ondoena pasatzen eta elkarri adore ematen laguntzeko. «Orain familiekin-eta galdutako denbora berreskuratu beharra dago. Beste modu batez bizi izan, ez horren presaka…». •

Ia egunero kontzertu txiki bat eskaintzen du etxeko leihotik. Hogei minutuz, lau zatitan, konpositore klasikoen zenbait pieza, musika garaikidea, herri musika...

«Bizilagunak bikain portatu dira gurekin, asko lagundu digute. Hasieran ez geneukan behar handirik, baina gero, senarra gaixotu zenean, izugarri lagundu didate. Jende zoragarria da»