30/05/2020

Fortunato Agirre, lehen euskal udalen batzarreko buru

1931ko ekainaren 14an Euskal Udalen Batzarra bildu zen Lizarran. Eusko Ikaskuntzak egindako Euskal Estatutua onartu zuten euskal udal gehienak izan ziren bertan. Egun horretan 4.000 auto, autobus eta tren berezi baino gehiago joan ziren Nafarroako udalerrira. 12:00etan herriko kaleetan izan zen desfilearen ondoren, batzarra hasi zen antzokian, Fortunato Agirre Lizarrako Udaleko zinegotzia buru zela. Han irakurri eta onartu zen estatutu proiektua. Arratsaldean, jendez mukuru betetako zezen plazan, Fortunato Agirrek berak hasiera eman zion mitina egin zen. Besteak beste, hitz hauek esan zituen: «Gaur goizean Euskal Herriko udalen batzarrean aho batez hartutako erabakiak aldarrikatzera etorri gara ekitaldi honetara. Inoiz ez dut ohore nabarmenagorik amestu lehen Euskal Udal Batzarreko buru izatea baino, herri honetako benetako ordezkariak baitira, eta Euskal Herriak bere etorkizuna gidatzeko borondatearen adierazpen subiranoa...». Mitin hartan Getxoko alkate Jose Antonio Agirrek ere hartu zuen parte txalo beroen artean. Julian Elorza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eman zion mitinari amaiera «Viva Navarra!» eta «Gora Euskadi!» oihukatuz. Irudian, Fortunato Agirre egun hartan Lizarrako zezen plazan publikoari mintzatzen. Fortunato Agirre, EAJko Napar Buru Batzarreko kidea, Lizarrako alkate hautatu zuten 1933an. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren, 1936ko irailaren 29an matxinatuek atxilotu eta hil egin zuten Taxoare inguruan.