30/05/2020

MILIOIKA LAGUN SALBU EKAITZA HASI AURRETIK
Jose Angel Oria
0530_indiaikusmira

«Amphan» izena jarri zioten aurreko astean Indiako Mendebaldeko Bengala estatua eta Bangladesh astindu zituen ekaitza bortitzari, zikloiari. Hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera, 106 hildako eragin zituen fenomeno meteorologikoak, kasu gehienetan eroritako zuhaitzek harrapatuta. Hala ere, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak zoriondu egin ditu bi herrialde horietako agintariak, erreskate ekipoak eta komunitateak, azken urteotan egindako prebentzio lanari esker milioika pertsona salbu jarri baitzituzten ekaitza iritsi aurretik. Indiak dituen sateliteei esker, bi herrialdeen arteko mugaren inguruan bizi diren hiru milioi lagun eremu arriskutsuenetik ateratzea lortu zuten, bazter haietan hain ohikoak diren hondamendi tragikoagoak saihestuta. Tankerako zikloi batek 9.000 pertsona hil zituen 1999an Mendebaldeko Bengalaren ondoan dagoen Odisha estatuan. Satyaki Sanyalen irudi ikusgarria Kalkuta hirian maiatzaren 21ean hartutakoa da. joseangel.oria@gaur8.info