Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ZEIN KOLORETAKOAK

Ez dakigu zein koloretakoak geratuko garen azkenean. Ez dakigu sustoaren kolore larriarekin edo erabat laxatu denaren argitasunarekin geratuko garen hau guztia pasatzen denean. Ez dakigu hau guztia pasatuko ote den. Ez dakigu seguru hau guztia zer den. Badakigu gorriak pasatzen ari direla lagun asko, bihotzak eta poltsikoak zulatuta. Askatasunak lehen ere ez zituen kolore biziak eta orain kolorgetuago ote dagoen. Hori sumatzen dugu. Dena galdera, dena zalantza, dena zulo. Bitartean naturaren koloreak ahalik lasaien gozatzea aukera bat da. Horrek ez ditu bihotzeko eta poltsikoetako zuloak erabat estaltzen, baina une batez ahantzarazten lagundu dezake. Eta gero gerokoak. Badugu lana zein koloretakoak izan nahi dugun erabakitzen eta horretan eragiten. Amagoia Mujika Telleria