Joana Garmendia

Abstentzio isila

Batzuetan, isilik egotea ezer ez egitea da. Bakarrik gaudenean, askotan, isilik gaude. Beste norbaiti entzuten ari garenean, askotan, isilik entzuten diogu. Beste batzuetan, ordea, isilik egotea zerbait egitea da. Erabaki bat ere izan daiteke, askotan: esan nezake zerbait, baina isilik geratuko naiz. Esan nahi duzuna adieraztea, noiz eta nola, izan daiteke eskubide, pribilegio edo betebehar. Berdin da isilik geratzea.

Isilik geratzea, askotan, ekintza bat da. Ekintza hori oso formalizatua dago zenbait egoeratan. Bikote bat ezkontzen ari denean, bertan daudenei eskatzen zaie, ezer esatekorik badute, esan dezatela; bestela, betiko isiltzeko. Egoera horretan, isilik geratzea ezer esatea bezainbat da zerbait egitea. Poliziak, atxilotzen zaituenean, azaltzen dizu badaukazula isilik geratzea. Gure gizarteetan, batzuetan, minutu batez isilik geratzen gara, isiltasun horrekin zerbait ozen adierazteko.

Isiltasunak badu lekua ohiko komunikazioan ere. Norbaitekin hizketan ari garenean, zerbait adieraz dezakegu isilik geratuta. Elkarrizketa batean, zerbaiten erantzuna ez dakigula adieraz dezakegu, adibidez; edo, jakinda ere, nahiago dugula ez esan. Isilik geratzeko erabakia ahoz gora adieraz dezakegu, nahi izatera: «hobe isiltzen banaiz!», «isildu egingo naiz...», «ez daukat ezer esateko». Keinua ere badu isilik geratzeak: ezpainetan giltza ixtearena egiten dugu, edo ahoa kremaileraz jostearena.

Isiltzea erabakitzeko arrazoi askotarikoak daude. Beldurragatik isiltzen dira asko eta asko. Esan nahiko luketena esateak mesederik egingo ez dielako, beste batzuk. Behartuta isiltzen dira, isilarazten dituzte, gehiegi. Zer esanik ez dutelako. Hitz egiteari alferrikako irizten diotelako. Zer esan, nola esan, ez dakitelako.

Joan den igandean 809.990 pertsona isilik geratu ziren Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Galdetu zitzaien, eta ez zuten erantzun. Horietako batzuei, galdetu bai, baina ez erantzuteko ere ohartarazi zieten. Giltzarrapoa marrazturik duten musukoak, seguru nonbait badirela honezkero. Bat baino gehiago oporretan omen zebilen, ezer esateko urrutiegi, edo erantzuteko nekea hartzeko gozoegi. Batzuk beti geratzen dira isilik. Beste askok, ez zuten zer esanik izango; «hobe isilik», pentsatuko zuen batek baino gehiagok.

Arrazoi asko izan litezke jendearen isiltasuna azal dezaketenak, igandeko abstentzioari eragin diotenak. Baina isiltasun guztiak ez dira berdinak. Igandean, zenbaitek, ezin jakin zenbatek, ezetz esateko erabaki zuen isiltzea. Ezetz, zeri? Hauteskundeetan egiten zaigun galdera bakar horri, ezetz; hauteskundeak noiz eta orain, nola eta horrela, egiteari, ezetz; geneuzkan erantzun mugatu horien baliozkotasunari, ezetz. Edo beti bozkatu izan dutenari berriro bozkatzeari, ezetz.

Arrazoi asko izango zituen jendeak igandean isilik geratzeko. Saiatu behar genuke, orain, arrazoi horiek aletzen, eta joera bakoitzaren pisua neurtzen. Isiltasunak interpretatzen. Baina joka dezagun zintzo. Biharamunean bertan irakurri nion inori isilik geratu ziren guztiak berari baietz esaten ari zirela. Ez bozkatzeko deia egin zuela berak, eta bozkatu ez duten guztiak bere alde konta litezkeen bozkak direla. Abuztuko egun eguzkitsuan hondartzan elkarretaratzea deitu, eta egun horretan hondartzan den oro zure elkarretaratzera bildu dela esatearen pareko da hori. Ez da serioa. Esango nuke hori baino gehiago ere, baina isildu egingo naiz. •