18/07/2020

Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria
Bueltan da zentzu berria

Hala jakintsu berria, nola zuhurtzi berria. Ingelerazko «wise» hitzak aldaera horiek izan baititzake euskaraz, eta, egunotan zerua zeharkatzen duen kometa ikusgarria, «Neowise» bezala ezagutzen baita, hitz jolasari bide emanez. Jatorrizko hitz jolasa, dena den, NASAk asteroideak ehizatzeko sorturiko proiektuaren izenean datza; “Wide-field Infrared Survey Explorer” berria da pasa den martxoan C/2020 F3 kometa antzeman zuen teleskopioa, “Neowise” izenez bataiatu dutelarik berau.

Izena gorabehera, kometaren interesa bere tamainan eta jatorrian dago. Oorteko Hodeitik datorrenez, Eguzki Sistemari bide eman zion nebulosaren informazio iturri da Neowise kometa, bere sorrerako material prozesatu gabea duelako. Dena dela, gaueko zeruaz gozatzen dugunontzat, bere tamaina da garrantzitsuena, biko magnitudeaz 1997ko Hale-Bopp mitikoa baina ikusgarriagoa izaten ari baita 6.800 urte pasa arte berriz pasako ez den kometa.

Artikulu hau irakurgai denerako (hilak 18) kometaren egun argitsuenak pasatuta izango dira, ipar-ekialdeko ortzi mugan ikusgarri izan delarik egunsentiaren aurretik. Dena dela, aste honen hasieratik ere, iluntzean ikus dezakegu ipar-mendebaldean, Hartz Nagusiaren azpialdean, egunez egun gero eta gorago, baina gero eta dirdira txikiagoarekin. Uztailaren 23an Lurretik gertuen pasako den arren, hilaren 3an Eguzkiaren periheliotik pasa zenetik gutxitzen ari da bere dirdira, hark eragiten baitu arroka izoztuaren materialak sublimatu eta isats ikusgarria sortzea. Lerrook idaztean oraindik ikusteke badut ere, begi bistaz ikusgarri hilaren amaiera arte izango omen da. Baina jakina, prismatiko edo teleskopiorik eskura izanez gero, esperientzia politagoa izango da. Zeruari begira jarri garela, ilundutakoan Jupiter eta Saturno izango ditugu ikusgai hego-ekialdean, gau osoan presente izango direlarik. Martitz apur bat beranduago aterako da ekialdetik, 01:30ak aldera, eta Artizarra ere ikusgarri izango da, zonalde berean, 04:30etatik aurrera, gutxi gorabehera.

Esan bezala, aste pare batean agur esango digu Neowisek, berriz ere 9000. urtean itzultzeko, halakorik noizbait izango bada. Izan ere, azkenengoz Lurra bisitatu zuenean ez baitzuen inork K.a. 4800. urtea bezala ezagutzen garai hura. Ez Niloren ertzean finkatzen hasi ziren talde nomadek, ez Europa mendebaldean nekazaritzan hasi zirenek, ezta Asian arroza eta Erdialdeko Amerikan artoa landatzen hasi zirenek. Mesopotamia eta Indian gurpila garatzen ari zirenek ere ez zuten pentsatuko zeruan ikusten zuten kometa hori berriz itzultzean asmakizun haren garrantziaz mintzatuko ginenik oraindik, ezta guretzat oraindik misterio bat izango zirenik garaian hastapenetan ziren Stonedge moduko eraikuntza megalitikoak. Are gutxiago jakingo zuten nekazaritza jarduerak zabalduko zuen komertzioak gizateria osoa esklabo bihurtzeko bide emango zuenik, beharrak desirekin nahastuz eta bizitzak kapitalaren mendean jarriko zituen zikloari hasiera emanez. Gaur ez dugu etorkizun urrunak aurreikusteko gaitasun handiagorik, baina, agian, Neowisek ekarriko digu jakintzan eta zuhurtzian oinarrituriko zentzu berri baten aroa. •