Isidro Esnaola

Europako baliabideak taxuz gastatzea da erronka

Astearte goizean itxi zuten akordioa Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek. Gailur luze horretaz gauza bat behintzat argitu dugu: lau gaupasa baino gehiago ez dutela jasaten Europar Batasuneko liderrek. Hori izan zen Nizako akordioa ixteko behar izan zuten kopurua ere. Gailurren iraupenaren muga horren bueltan dago.

Beste zenbait gauza ere argitu dira Bruselan. Esate baterako, zuzeneko transferentzietan zenbat diru gastatuko duen EBk, eta kredituen poltsa zenbatekoa izango den. Diru kopuru handiez hitz egin dute, baina zerekin alderatzen den, horren araberakoa izango da handia. Eta Europar Batasuneko barne produktu gordinarekin alderatuz gero, %1,3koa besterik ez da. Eta zazpi urtean gastatzeko, huskeria dirudi. Alemaniako merkataritza-balantzaren superabitarekin erkatuz gero, hiru aldiz handiagoa da EBk gastatuko duena. Dirua da, baina ez du hainbesterako ematen. Baskongadetako BPGrekin konparatuz gero, hamar aldiz handiagoa da kopuru hori. Bada dirua, baina ez du ematen hotsandiko hitzak erabiltzeko modukoa denik.

Estatu batzuek dirua jasoko dute Berreskuratzerako Funtsetik, baina Europar Batasuneko emaile garbiak diren estatuek euren ekarpena aurrekontu mankomunera murriztea lortu dute. Horrek ez du preseski Europar Batasunarekiko atxikimendua indartu dela adierazten, kontrakoa baizik. Are gehiago, kontuan hartzen badugu beste estatuen gaineko kontrola estutzeko tresna berri bat asmatu dutela, «larrialdiko balazta» deiturikoa. Funtsean, horrekin estatu batzuek Berreskuratzerako Funtsaren aplikazioa geldiaraz dezakete, estatu horiek uste badute hirugarren batek ez duela agindutakoa betetzen. Mekanismo horrek Komisioari ardura eta indarra kentzen dizkio eta Europar Kontseiluari ematen dio; hau da, egitura mankomunak ahultzen ditu eta estatuek parte hartzen duten egiturak indartuta ateratzen dira. Zantzu guztien arabera, Europar Batasuna sendoago baino ahulduta atera da Bruselako gailurretik. Eta egoera ekonomikoa hobetzen ez bada, baliteke josturak apurtzen hastea.

Euskal Herritik ikusita, edozein dela Europar Batasunaren etorkizuna, momentu honetan Berreskuratzerako Funtsetik baliabide batzuk iritsiko dira –asko ez, ziur aski–, baina iristen diren horiek ahalik eta hobekien erabiltzea erronka garrantzitsua izango da. Orain arte bertako gobernuek ez dute estrategia argirik erakutsi: betiko laguntzak autoa aldatzeko, berdin da elektrikoa izan ala ez; leihoak berritzeko dirulaguntzak, eta abiadura handiko trenaren inbertsioarekin aurrera jarraitzea. Horrela ez da aldaketa kualitatiborik sustatzen. Eta momentu honetan hori da behar duguna. Pandemiak azaleratu egin ditu ekonomiak zituen arazoak eta horiei heldu behar zaie. Alemania beste modu batean ari da. Adibidez, auto elektrikoa erosten dutenek soilik izango dute laguntza. Horrela sustatzen da aldaketa kualitatiboa.

Bertako gobernuek betiko nagikerian murgilduta jarraitzen dute. Batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago, baina orokorrean kezka bakarra da: hemendik aurrera beren klientelismo-sareak nola elikatu. Eta horretarako Europako funtsak baliabideak eskainiko ditu. Justifikazio egokiak eraiki beharko dituzte dirua kobratzeko, baina horrek ez du ezer onik ekarriko. Diru apur horiek taxuz gastatzea da herri gisa dugun erronka. •