25/07/2020

Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
Zenobia

Normalean bi mila pertsonaren lanlekua den eraikinean, normaltasun berri honen itzalean eta lan egiteko modu berriak definituz goazen heinean, ehun bat baino ez gara egon azken bi asteotan bertan. Arraroa egiten da espazioaren handitasuna, baita isiltasuna eta nondik nora joan behar dugun adierazten duten geziz eta seinalez betetako korridoreak ikustea ere. Errudun sentsazio irrazional bat ere izaten dut okerreko geziaren bidetik noan bakoitzean. Bi mural handitan idatzi dagoen eta orainartean oharkabean igaro zaidan testua ikusi dut gaur. «Normala den gauza bakarra garbigailuaren zikloa da», dio batek. Garaiotarako ezin aproposagoa, ironikoki. «Bideak? Gu goazen lekuetan ez dago biderik», dio besteak. Enpresaren ethos-a “Etengabe hobetzean sinesten dugu” esloganak biltzen du bete-betean, askotan hantuste ukitua ere sumatzeraino. Baina, ahalduntze positibo bat inposatzen du, enpresako etikan eta kulturan hain barneratuta dagoen hobetzeko eta erronka berriak gainditzeko nahi horrek.

Normaltasun berri honek, normalean ikusten ez nuen jendea ikusteko ere balio izan dit. Orain denok gaude-eta ordenarik eta egitura finkorik gabe “nahastuta”. Lankide bat gerturatu zait, Euskal Herriko emakume bati buruzko testu bat irakurri duela esan dit eta nirekin gogoratu dela. Asko estimatzen dudan emakumea da, hasieratik atentzioa eman zidan bere posta elektronikoko sinaduran Maya Angelouk esandako aipu bat jartzen zuela («Beti ahal duzun hoberena egin, hobeto dagoen zerbait ikasten duzun arte; eta orduan, hobeto egin»). Emakumeak lidergo postuetan egoteko borrokan dabil beti.

Marga Anduraini buruz ari zen. Baionan jaio zen Andurain 1893. urtean eta benetan aparteko bizitza izan zuen. Britainia Handiko inteligentzia zerbitzuarentzat espioitza lanetan ibili zen, nazien okupazio garaian Parisen opio trafikatzaile lanetan ere bai, eta beste hainbat pasadizo interesgarri ere biltzen ditu bere biografiak. Gaur kontatu nahi nuena honokoa da, ordea: Siriako Palmira hirian hotel bat erosi eta berriztatu zuen, “Zenobia” izenekoa. III. mendean, hiriko agintaria izana zen Zenobia erregina, irudi historiko sendoa, “Erregina borrokalaria” ezizenez ere erreferentziatua hainbat historia liburutan. Hipotesia da, Andurainek Zenobia berpiztu nahi izan zuela bere alter ego moduan.

Bere lehengusu eta lehenengo senarra izan zena baionarra baita ere utzi eta lider beduino batekin ezkondu zen. Islama hartu zuen erlijiotzat eta Mekara sartzen zen lehenengo emakume mendebaldarra izatea lortu nahi zuen. Informazio iturri kontrajarriak badaude ere, gehienek diote ez zuela bere helburua lortu, hainbat agintarik intentzio taktikoa ikusi zutelako Andurainen erlijio aldaketaren atzean. Bere senarra pozoitzea egotzi zioten eta espetxeratu egin zuten Jidda hirian. Frantziako kontsulatuaren interbentzioak atera zuen handik bi hilabeteren buruan eta Zenobiara itzuli zen. Azkenean, han hil zen bakardadean, eta berarekin hil ziren bai hotela eta baita bertako erregina ere.

Kasualitatez, aste honetan bertan Goizalde Landabasok idatzitako zutabe batean Marga Anduraini erreferentzia egiten zion. Eta, oraindik kointzidentzia handiagoa dena, idatzi baterako egiten ari naizen bilaketa lanetan nenbilela, niri ere azaldu zitzaidan emakume hori duela gutxi.

Gogoko dut horrelako kointzidentziak bata bestearen atzetik gertatzen direnean. Oraindik gehiago pozten naiz itzalean gelditu ziren emakumek argitara emateko balio badute. Arazoa da, horrelako kointzidentziak salbuespena direla; horregatik, gehienetan, ezkutuan gelditzen dira emakume horiek guztiak. Eta, ezkutuan egoten jarraituko dute. Horregatik pentsatu dut aipamen hau egiteak gutxi batzuei bederen interesa pizten badie, eta katearekin jarraitzea eragiten badu, ezezagunetik eta ahaztutik gutxiago izango duela Marga Andurainek. Finean hori da-eta askotan helburua, katea osatzen jarraitzea, lehen aipatu dudan errepiderik gabeko leku horietan emakume guztien ahotsa sendoagoa izango den itxaropenean. •