Antton Izagirre

Ez gaude lasai

Pandemia honen erasoaren jopuntuan geundela ohartarazi gintuztenetik, ardura, kezka, ezinegona eta beldurra oso presente izan ditugu; baina guztiaren gainetik, gerta daitekeenaren gaineko ziurgabetasuna, gaixotasunaren bilakaerari buruzkoa, ekonomiaren hondoratzearen eta geuk eta ingurukoek jasango dugunaren baitakoa. Gizartearen moldaera eta nondik norakoa baldintzatzen ari den garapenari eragiten dion ezjakintasuna dago.

Zientzialarien izenean erabakiak hartu omen zituztenek hiru hilabeteko itxialdira behartu gintuzten, guk sinetsi eta zintzo bete genuen. Etxetik ateratzea baimenduta, maskara jartzera behartu gaituzte eta zintzo betetzen ari gara.

Baina ibilbide honetan ez gaude lasai. Harriduraz hartzen genuen eskuindarrek «libertad, libertad» oihukatuz itxialdia haustea. Ezagunak egin ziren Madrilen eskuindar aberaskumeen oldartzeak. Edo nazioartean, AEBetako edo Brasilgo buruzagi politikoek, esaterako, gaixotasuna gutxietsiz, gehiengoaren ordena zalantzan jartzen zutenean. Ez gaude lasai, askatasuna eskuindarren ikurtzat utzita.

Azken egun hauetan, gure pentsaeratik gertuago ditugun lagunengandik «libertad, libertad» oihukatuz Donostiako Bulebarrera gerturatu eta maskara erabiltzera behartzearen aurka egiteko gonbidapena jaso dugu, eta horrek ere ez gaitu lasaitu. Alderaketa horrek, jarrera horien aitzinean, norbere interes, balio eta baldintza soziokulturalen alde diharduten eragile hiztunak daudela ikusarazi digu. Alde ala aurka jarri? Hor gure dilema. Horrelakoetan, babesgune edo jokaleku neutral modura, zientziari egiten diogu erreferentzia auziak askatu nahi ditugunean, maskararen erabileraren aldekoek eta aurkakoek ere bai.

Zientziaz ala magiaz ari zaizkigu? Zientziak, kausalitateak, ebidentziak eskatzen ditu; magiak, aldiz, gertaerak sinbolo bilakatzen ditu. Maskararen erabilerak birusaren erasoaren aurkako ebidentzia ala askatasunaren aurkako sinboloa den zalantzak sortu dizkigu. Askatasuna, indibiduala ala kolektiboa da? Bien arteko muga oso lausoa izanik, tartean jarrita, lasai egoteko motibo handirik ez dugu. •