Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Ausaz

Duela urte batzuk aplikazio bat sortzeko ideia bikaina otu zitzaidan. Tamalez ez nuen, Jeff Bezosek bezala, ez garaje suburbanorik, ez eta gurasoen 240.000 dolarrik ere ez eta negozio-eredurik ere, dena esan beharra dago. Ideia, ez harrigarriki, ezerezean geratu zen. Egunaren arabera, aplikazioak izena zuen “Ausaz” edo “Random Walk” –nire euskaltzaletasunaren irmotasuna nahi baino ahulagoa den seinale–, baina sakoneko ideia bera zen: paseo aleatorioak.

Random walk kontzeptua existitu existitzen da: ausazko urratsak egitearen ondorioz ateratzen den ibilbidearen formalizazio matematikoa da. Adibidez, likido edo gas batetik bidaiatzen ari den molekula baten bidea, edo animalia batek janari bila egiten duena. “Ausaz” aplikazioa, bide beretik, hiriak –gertukoak, urrunagokoak– helburu jakinik gabe deskubritzeko gonbita zen, ia-ia aleatorioki, ausaz. Hiri-turismoak auzo eta kale zehatz batzuetara bultzatzen gaitu sistematikoki, eta “Random Walk” aplikazioak leku itxuraz interesik gabekoak bisitatzeko balioko luke. Posible al da turismoa deszentralizatzea?

Aplikazioaren interfazeak galdera batzuk egingo lizkioke erabiltzaileari, esaterako, «Zenbat denborako paseoa egin nahi duzu?» edo «Garraio publikoa ala bizikleta erabili nahi duzu» edo «Zer zailtasun mailako ibilaldia egin nahi duzu?». Erantzunen arabera ibilbide bat proposatuko lioke, ausaz, bai eta ahots ederrez deskribatukoa ere, autoetako GPS nabigatzaileek nola: «Hartu 13. autobusa X geltokian». Handik hamabost minutura, agian, «jaitsi hurrengo geltokian» agintzeko, eta, ondoren, «bidegurutzean hartu gora doan kalea» edo «elizara iristean hartu bidezidorra»... Zilegi litzateke, noski, aplikazioari kasu zipitzik ez egitea, eta, horrek, berez, sariren bat mereziko lukeela uste dut, baina esan dizuet ez nuela negozio-eredurik.

Funtsean, «Pokemon Go» hura bezala baina Pokemonik gabe. Total, ze nezesidade. Hiriak bisitatzen ditudanean maiz egiten dut: planoa begiratu, intuizioz inguru bat aukeratu eta hara joan, aurreiritzi handiegirik gabe. Begiratu nahi duenarentzat bada beti zerbait eta interes turistikodun tokietan baino jende dezente gutxiago izan ohi da. Baiki, abantaila handi bat covid19-aren garaiotan.

Hau guztia diot bi arrazoirengatik. Lehenengoa, bistakoa dena, ez dagoela inongo aplikazioren beharrik paseo (sasi-) aleatorioak emateko. Bigarrena, aurreratu egin zaizkidala eta aplikazio hori izan badela: “Randonautica” izena du eta, nire harridurarako, modan omen dago “Tiktok” aplikazioaren erabiltzaileen artean –hau ere azal diezadala norbaitek faborez– . Aplikazioak bere inguruko koordenatu sorta bat ematen dio erabiltzaileari, antza denez bene-benetan aleatorioa, eta bertaratzeko eskatzen dio, ondoren argazkiak eta hausnarketak parteka ditzan.

Aplikazioa jaitsi dut eta proba egin dut. Klase ertain-altuko auzo batera bidali nau, etxebizitzak eta bulegoak. Auzoak sarrera bakarra du, librea baina topatzen zaila, pertsona arrotzak nahi ez balituzte bezala. Ez dakit zortea izan dudan, kontuan hartuta “randonauta” batek –hala omen dute izena– gorpu-zatiak aurkitu zituela maleta batean, plastikotan bilduta. Gutxiagorekin konformatzen naiz ni, adibidez, inbento honen negozio-eredua deszifratzen hasteko pista soil batekin. Adiago egon nadin, hurrengo batean. •