Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Lurraren lurrina

Gauotako zeruaren iluna Pertseidek eta apika tximistek ere harramazkatu dutenerako, konturatu naiz astun xamar ibili naizela udan zeruari begiratzeko gonbita egiten. Astroei begi bistaz, prismatikoz edo teleskopioz begiratzea gero eta frikikeria handiagoa dela iruditzen ari zait, askori nahikoa baitzaio –edota nahiago baitu– Googlek eskaintzen dion lehen argazkia begiratzea bere astronomia jakin-mina asetzeko. Are, “askoz hobeto ikusten da horrela!” entzun behar izango dut, errealitatea pantaila baten bidez hautematen dela onartu dugun garai ankerrotan... Aski da, bada! Pantailek fagozitatutako ikus-entzunak alboratu eta usaimenari lotuko natzaio gaur, dastamen eta ukimenarekin batera, halako “askatasun analogikoko” eremu batean kokatzen baita oraindik errealitatea hautemateko zentzumen hori.

Izan ere, uda usain bereziz jositako garaia da. Beroak lagunduta, lurrinak –eta kiratsak– biziago hedatzen dira airean, eta, gainera, ezohiko lurralde, klima eta jakiez inguratzeko egunak ere izan ohi dira egunok, gure sudurrari besta handia eskainiz. Izan liteke ere, oporrak herrira –el pueblo, alegia– itzultzeko baliatzea, eta halakoetan lurrinek haurtzarora eramateko gaitasuna ere izaten dute. Usainek memoria kutxak zabaltzeko giltza gisa funtzionatzen dute, eta, niri bederen, haurtzaroko bizipozak eta lasaitasunak hartzen dizkidate barrenak lurrin jakinek sudurra hartzen duten une berean. Udako lurrin gozo eta bereizgarrietako bat atzokoan igarri genuen, mahaiaren bueltan ginela, lurralde lehor hartan ekaitzak lehertu zuenean. Gutako baten azalpenei esker dakit orain lurrin hari “petrikor” deritzala.

Bai, lur bustiaren lurrinaz ari naiz, euriaren aurreko lehorraldia gero eta luzeagoa izan, orduan eta nabarmenagoa den lurrin gozo horretaz. “Petrikor” deitzen zaio, 1964an bi ikertzaile australiarrek horrela proposatu zutenetik. Izena jarri, eta 50 konposatuz osaturiko lurrin konplexu horren eragile nagusietako bat identifikatu zuten; lehorraldian hainbat landarek jariatzen duten olioa (zeinak, halaber, haziak ernaltzea ekiditen duen ikertzaileek frogatu zutenez). Olio hori arroka buztintsuetan finkatu eta lehen euri tantek jotzen dutenean, aerosol gisa aireratzen da beste substantzia askorekin batera. Substantzia horietako bat da petrikorraren bigarren eragile nagusia: geosmina. Grezieratik zehazki “lurraren lurrina” gisa itzultzen da Streptomyces coelicolor bakteria deskonposatzaileak hondakin gisa uzten duen konposatu alkoholiko lurrunkorra. Giza sudurra, beste hainbeste animaliena bezala, oso sentikorra da geosminarekiko, logikoa denez, uraren xerka aritzeko balio baitu (bidenabar, horregatik egiten zaigu hain atsegina). Gameluek, adibidez, kilometrotara sumatzen ahal dute geosmina, oasietarako bidea erraztuz. Azkenik, distantzia luzeetara igartzen den lurrin bat ozonoarena dugu, jarduera elektrikoak bideratuta, “usaina eraman” egiten baitu bere jatorri greziarrak adierazten duenez, garbitasun usain bereizgarri horrekin ekaitza lehertzear dela adieraziz.

Petrikorra ezin da laborategian sintetizatu eta, esan bezala, Whatsapp bidez ere ezin zaigu sudurreratu. Naturaz inguratu, begiak itxi eta musuzapia istant batez kentzea besterik ez dugu behar lurraren lurrinez gozatzeko. Ez dadila hori ere frikikeria bat bihurtu! •