Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa

Orgasmoez

Egutegia hartu eta egun guztiek dute ospatzeko konturen bat; santuak direla, hizkuntza, festak, haurrak, emakumeak, jaiotzak, heriotzak... baita orgasmoak ere. Abuztuaren 8an, orgasmo femeninoaren eguna ospatzen da, 2007az geroztik hala izendatu dute Hego Amerika eta munduko beste lurralde batzuek. Orgasmoak... harreman erotikoen sumuna, puntu gorena, klimaxa, eztanda. Harreman erotikoen helburua? Plazeraren maila handiena?

Azken urteetan gehiago entzuten da aludunen orgasmoen inguruan; klitoria izendatzen da, eiakulazioaz hitz egin, guk ere prostata badugula, orgasmo maskulino eta femeninoen arteko arrakalaz, Satisfayer-az... Izendatzen den guztia, existitzen da. Horrek ez du esanahi izendatzen ez dena existitzen ez denik. Existitu eta gertatzen da, ez gara orgasmoak dituzten lehenak, baina guk nola bizi dugun une hori eta orain dela 50 urteko batek... aldea dago. Ohikoena da izendatzen ez den hori moralki zikina izatea, txarra, beldurgarria, gaizki ikusia. Badakigu aludunen plazera hala ikusita egon dela historian zehar, ez genuen baimenik gozatzeko, geure burua ezagutzeko, plazeretara jolasteko. Hedonismoak eta emakumeak ez dute harreman erraza izan, beste esparru askotan bezala. Hobe emakumeak eginbeharretara lotuta egotea eta ez gorputzen arteko kitziketara.

Hitz egitea izugarrizko pausoa izan da eta nondik hitz egiten den ere badu bere pisua. Zein parametrotatik ari gara hitz egiten? Askotan iruditzen zait parametro maskulinoetatik abiatzen garela, ez ditugula sustraiak aldatzen, moldatu egiten garela. Denborak eta maiztasunak garrantzia izaten jarraitzen dute, zenbat eta orgasmo gehiago izan hobea izango balitz bezala. Hala da? Zalantzak ditut. Orgasmoak izatea bihurtzen bada helburu bakar eta nagusia, zer gertatzen da lortzen ez badut? Ez dut plazerik izan? Nire maitalearekin izan dudan topaketa ez da ona izan? Gorputz guztien aniztasuna ahazten dugu, genitaletan jartzen dugu atentzio osoa, betebeharrak handitzen ditugu eta badakigu erotika eta betebeharrak ez direla ondo konpontzen. Honek ez du esan nahi orgasmoak izatea ez denik une garrantzitsua, baina garrantzitsuena orgasmoak izatea dela esatea, beste gai bat da.

Helburu zehatzak eta orokorrak izateak baditu bere arriskuak. Helburuak aldatzea agian baliagarriagoa izan daiteke. Noiz hasi eta amaitzen da plazeren jolasa? Orgasmora iristen garenean? Eiakulazio bat izaten dugunean? Parametro hauek min handia egin dute gorputzetan, frustrazio asko sortzen baitute. Alde batetik, gorputz jakin batzuk hartzen dituelako kontuan eta beste batzuk ez; bestetik, gorputzeko atal batek hartzen duelako garrantzi handiena (genitalek), beste guztiak gutxietsiz, muga jakin bat dutelako topaketa guztiek, gaitasunak jartzen dira jokoan; orgasmoak izateko gaitasuna.

Eta sentitzen dut, baina mundu guztiak ez ditu orgasmoak izaten eta, agian, batzuek ez dute izan nahi ere. Denetik dagoelako eta bakoitzak bere modu bakar eta errepikaezinean bizi dugulako garen hau. Agian jolastea da helburua, elkar topatzea, geure buruarekin eta bestearekin disfrutatzea, gorputzak eskaintzen dizkigun sentsazioak bizitzea. Ez da helburu makala, ezta? •