Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

«SEA WATCH 4», ELKARTASUNAREN SINBOLOA

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) eta Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeak elkarrekin itsasoratuko dira, Mediterraneoko olatuen artean pertsonak etengabe hiltzen jarraitzea eragoztea xede. Uneotan ez dago erreskate ontzirik bertan eta, koronabirusaren aitzakiapean, Europak «erreskate lanak erabat mugatu» dituela salatu dute bi erakundeek. «Ezin dugu onartu indarreko politika arrazisten eta axolagabeen ondorioz etengabe pertsonak hiltzea. Gure esku dagoen guztia egingo dugu hori ekiditeko», ohartarazi du Oliver Behn MSFko Operazio buruak. Datorren egunetan, «Sea Watch 4» ontzia itsasoratuko da. Otsailean, Alemaniako Eliza Protestanteak, beste batzuen artean, bultzatutako United4Rescue koalizioak eta Sea Watchek ikerketa ozeanografikoak egiteko erabiltzen zen «Poseidon» ontzia erosi eta erreskate lanak egiteko egokitu zuten. «Sea Watch 4» izena eman diote. «Elkartasunaren sinboloa da. Gizarte zibilak Europari bidaltzen dion mezua ere bada: hamaika oztopo jartzen badizkigute ere, ez ditugu erreskateak albo batera utziko», berretsi du Behnek. Lotsagarritzat jo du etorkinak atxilotu eta torturatuak izan ohi diren Libiara bidaltzea berriro. Ainara Lertxundi