Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Azkeneko esaldia

Autoz Jane Austen idazlea bizi izan zen etxearen ondotik pasatu ginenean, alabaren galdera guztiei erantzuteko gai ez naizen fase horretan sartu naizela ohartu nintzen. Haurrentzat egindako bilduma batean, Jane Austenen bizitza laburtuta kontatzen duen liburua etxean daukagu, eta horrela dakizki idazlearen eta bere bizitzari buruzko hainbat datu. «Etxe honetan hil al zen ‘v’?» galdetu zidanean, Googleri esker jakin nuen bere ahizpa Cassandra ondoan zuela hil zela, Winchesterreko etxe hartan, bai eta agidanez bere azken hitzak «heriotza baino ez dut nahi» izan zirela.

Azken hitzak. Urduritasuna sortzen dit horrek.

Azken hitzen ildotik, Jess Walker amerikar idazleak sortutako pertsonaia batek esaten zuen liburuak bi modutan bukatzen direla, zintzotasunez edo dotorezia handiz. Edozein modutan dela ere, liburu bateko azken esaldiak eta hitzek indar handia dute niretzat. Azken hitzek bultzatzen naute idazle beraren beste lan batzuk erostera; azken hitzek iltzatzen didate pentsamenduan liburuak eragin didan zirrara.

Hasten nituen liburu guztiak bukatzen nituenetakoa nintzen. Orain aldiz, selektiboago bihurtu naiz, denbora gutxiago daukadalako akaso, baina lehenengo kapituluak harrapatzen ez banau, apalera itzultzen da liburua, beste egun batean akaso emango diodan aukera berri baten zain. Horregatik, azken orriraino iristen banaiz, amaierak balio handiagoa du orain niretzat, lortu duelako horra eramatea. Baina, batez ere, irakurlearen irudimenean uzten dituelako ondorengo pentsamendu guztiak, kontrolik gabe, mugarik gabe, egingo dituzten ekintzen inguruan inongo erantzukizunik hartu gabe. Horrek daukan indarra izugarria iruditzen zait.

Margarete Atwooden “The Handmaid’s Tale” liburu ezaguna «Galdera gehiagorik badaukazue?» esanez amaitzen da, nire buruan galderak baino utzi ez zituenean, erantzunak non aurkitu ez nekiela.

Horri bueltaka nenbilela, Irati Jimenezek duela gutxi idatzitako zutabe batekin gogoratu naiz non literaturan hasierek duten garrantziaz ari zen, lehen esaldiarekin maitemintzen garelako hainbatetan. Guztiz ados, baina hasierako maitemintze hori nire kasuan ez da beti leiala, eta aldiz, amaierek lotzen naute idazlearekin harreman luzeago batera.

Orwellen “1984” liburuari erreferentzia eginez, Jimenezek zioen hasierako esaldiak oso bestelako mundu batera eramaten zuela irakurlea, «Apirileko egun hotz bat zen, eta erlojuak hamairuak jotzen ari ziren» idaztean. Baina, liburu bereko azken esaldiak mundu horretan gehiago barneratu ninduen: «He loved Big Brother». Maite zuen Big Brother.

Katixa Agirreren “Amek ez dute” liburuan, «Eta eguna amaitzerako heriotza alboratzen saiatzen naiz» esaldiak ezinegon handiz utzi ninduen, eta horri bueltaka ibili nintzen ondorengo orduetan. Mezu bat bidali nion Agirreri zorionduz. Hori da azken esaldiaren indarra, zerbait egitera bultzatu ninduen.

“Haizeak eraman zuena” liburu ezagunak «finean, bihar beste egun bat da» esanez amaitzen du. Baina ez dakigu bihar zer gertatuko den. Annie Ernauxen “Gertakizuna” liburuan, tren geltokian dago narratzailea eta zerbait gertatuko zitzaiolako itxaropenarekin uzten gaitu. Baina benetan zer gertatu zitzaion jakiteko beste norabait jo behar dugu.

Harkaitz Canoren “Fakirraren ahotsa” liburuan: «Keak, kearen usain lausoaren ordez, erretako gauza zehatzagoen aire trinkoa duen urteko egun bakarra». Gehiago irakurtzeko gogoz utzi ninduen.

Eta, behin baino gehiagotan irakurri dudan arren, Garbiñe Ubedaren «Hobe isilik» liburuaren « nork daki» amaierak hainbat bide hipotetikotara darama nire pentsamendua. Dotorezia itzeleko amaiera. •