Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Aireportu batean bizi naiz

Aireportu batean bizi naiz. Nirea ez da pelikuletako aireportu bat, ordea. Hemengo pilotuek ez dute musika-bandarik izaten atzean. Jendea elkarri begira geratzen ez den aireportu bat da nirea, bidaiariak bizkarrak karga-karga eginda dabiltzana, poliziek zaindua, bere denbora eta arnasak metalezkoak diren aireportu bat. Hesien gainean ukondoak bermatuta jendearen joan-etorri presatuei begira jarri naiz. Nora ote doazen galdetzen diot nire buruari, norabait ote doazen edo denbora errazago iragate aldera soilik dabiltzan oinez, hanken ibiliak ordulari digital erraldoien barruko zirkuituak azkarrago mugituko dituen esperantzaz. Badakizue, mundu honetan ez dago aulki batean eta bakarrik eserita egotea baino ekintza ezerosoagorik. Nora begiratu, besteak gure egoeraren erridikuluaz jabe ez daitezen? Eskerrak mugikorrak asmatu ziren ezer egiten ari ez garenean ere zerbait egiten ari garenaren itxurak egin ahal izateko.

Aireportu batean bizi naiz. Nire aireportuak etorbide zabalak eta kale estuak dauzka, etxeak eta parkeak, eskolak eta fabrikak, itsasoak eta mendiak. Urtaroak ere igarotzen omen dira bertatik, baina erotuta dabiltza aspaldion. Abuztuko azkeneko asteburua da hau, baina otsailez mozorrotuta iritsi da, euritsu eta ospel. Hesiaren atzean Arriaga ikusten dut, Udaltzaingoaren zintaz itxia. Gaur urtebete hemen ibiliko zen jendetza irudikatu dut, txosnen zarata Areatzan eta katxi edalontzi zanpatuak espaloi gainean. Egunsentia, ezezagunak ere kide bilakatzen ditugun gaupasaren osteko euforia une hori. Gaur bidaiariak baino ez ditut ikusten, bidaiariak eta estazio eta igogailuetako elkarrizketa hotsak, espazio eta denbora hutsak hitzez estaltzea beste helbururik ez duten jardun hiperaktibo horiek. Hegaldien panela erotu egin da; iraila baino ez da agertzen. Eta irailetik aurrera, ezer ez. Honek denak zentzurik ba ote daukan galdetzen diot nire buruari; hitz hauek, inguruan entzuten den musikak, ze zentzu daukan guztiak. Ba ote den hegalditik hegaldirako parentesi-arte honetan irauten duen ezer, eragiten digun zerbait. Edo hortxe jarraitzen dugun, Godoten esperoan.

Aireportu batean bizitzearen ajeak, badakizue. Inguruan dauzkadanen gorputz kargatuak arindu nahiko nituzke, orno eroriak zuzendu, ikaraz betetako zorroak hustu. Eta, halako batean, nire itzala ikusi dut lurrean, noragabe eta bizkarra makur-makur eginda. Martxotik hona entzun, irakurri eta esan ditudanak hezurren artean pilatu izan balitzaizkit bezala. Ez-uda, ez-festak. Dena mugitu didate. Eta ni ere hara-hona abiatu naiz, inguratzen nauten ez-leku eta ez-denborak ibiliaren ibiliz urtuko direlakoan. Hegazkin bat hartu nahiko nuke, Abu Dhabira edo iazko abuztura, adibidez. •