Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Zentzuz jokatzea, denon onura

A zer-nolako urte zail eta xelebrea daramagun… 2021a lasaiagoa etorriko ote da! Alabarekin konfinamendu garaian serieak ikusten hasi nintzen, une haiek bion artean konpartitzen genuen denbora bihurtuz. Eta ordutik hona, ohiturari jarraituz, tarteka serie berri bat ikusten dugu elkarrekin, bion arteko konplizitate une bihurtuz, bere nerabezaroaren eta nire menopausia-aurrearen arteko zubi. Serie horietan gudak, krisiak, jendarte aldaketak ikusten dira. Emakumeak, indarrak batuz, orduko matxismoari aurre egiten, emakume ausartak, oraingoak bezala…

Eta orain horrelako serie bat ikusten ariko banintz bezala sentitzen naiz martxoaren 14tik hona. Serie guztiz beldurgarria hirugarren adinekoentzat, eta gu, seme-alabok, nola jokatu jakin ezin. Haurrak beldurrez daude orain sei hilabete normalak ziren jolasekin; elkar ukitzea, mukiak eta kalenturak izuaren sortzaile dira egun.

Eta gurasoek haurrei une oro arau berriak erakutsi nahian, eztula ez egin, ez ukitu hura, «eske Martinen amari beldurra ematen dio zurekin jolasteak», ez dakigu ikastola irekiko ote den… Aitonari muxurik ez, eta amona zaindu behar dugu!

Gazteak flipatzen, noski. Beraien udaberria zoroan loratzen den bitartean, inguruko kutsatze askoren errua beraiei leporatzen zaie, «eske ez dituzue prebentzio neurriak errespetatzen, ezin zarete 1:00ak baino beranduago kalean ibili, maskara erabili mesedez eta kontuz ibili!».

Eta helduok, galduta. Batzuk pandemiarekin oso sinistuta, ezinegon eta beldurrez, eta beste batzuk, aldiz, askoz kritikoago, beste ahots esanguratsu batzuk entzun eta haien iritzi profesionalak zabaldu nahian sare sozialen medioz.

Mediku eta osasun langileen artean iritzi kontrajarriak daude eta herritar xumeak galduta ezjakintasunean, zeini sinistu ez dakitela! Eta tartean ekonomia, langabezia tasak gora, haurrak etxeetan azkenengo sei hilabeteetan… Egia esan, nahiko meritu badugu guztiok!

Jendarte sistema aldaketa baten aurrean gaude, sistema sozioekonomikoaren aldaketa baten aurrean. Lehenengo gauza, alderdi asko berrikusiz beste eredu jasangarriago bat eraiki behar dugu. Ekonomia feminista bat sortu beharko genuke. Nire ustez oraintxe da garaia hezkuntza aldatu eta buelta batzuk emateko, emozionalari eusteko.

Elikadura osasuntsua izan eta gertuko elikagaiak kontsumitu eta bertakoaz bizitzeko, landa eremuei indarra emateko, dirulaguntzen bidez. Oraintxe da garaia gure sistema immunologikoa indartzeko, naturarekin harremana piztu eta hura zaintzeko. Oraintxe da garaia krisi sozioekonomiko hau aprobetxatu eta beste bizimodu bat eraikitzeko. Kolektiboei indarra emateko, norbanakotik taldera joateko. Geure buruari galdetzeko nola bizi nahi dugun Euskal Herrian. Gure pandemiak, gure bizimoduak, geure erara gestionatu eta errepublika bat sortzeko. Politikoki ere egitura ezberdinak behar direlako, ausartak izan beharko ginateke, irakurri, informatu, dena ez sinistu eta hausnartu.

Mugimendu asko sortzen ari dira eta hori oso interesgarria da. Bitartean nire aukera zentzuz jokatzeko gomendioa da. Maskarak erabili behar dira, bai; orduan, erabil ditzagun sen ona baliatuta, bakarrik gune itxietan eta distantziari ezin zaionean eutsi. Nire gertuko jendeari, maite dudan hari, besarkatzeko baimena eskatu eta besarkatzen jarraitzea. Lanean protokolo guztiak betetzea, denok segurtasunez jardun ahal izateko.

Nire gertuko adineko pertsonei galdetzea beraiek nola sentitzen diren krisi egoera honetan, eta errespetatzea zer nahi duten, betiere bizitzen ari diren bakardadea samurtuz, zentzua erabiliz. Zentzua. Hori da egunerokotasunean lagundu dezakeena, seriearen kapitulu ezberdinak idazten goazen bitartean! •