Maite Ubiria Beaumont

Parisek uniformizazioaren errezeta berrasmatu du

Atzerapenarekin bada ere, covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko egitasmoa mahaigainean jarri du aste honetan frantziar Gobernuak. Ondoko bi urteotan 100 miliar inbertituko ditu Parisek ekonomiaren susperraldiari laguntzeko. Aurkezpenaren harira, osasun krisiak ezarritako erronkak gainditu ahal izateko «herrialdea birsortzeko beharra» hauspotu du Gobernuak. Berritasun-gaitasuna eta ezagutza-metaketa, horiek lirateke, Gobernuaren esanetan, ezinbesteko osagaiak behin pandemiak utzitako orbana xurgatuta berriro oparotasunaren itsasorantz abiatzeko. Izan ere, komunikazio-trikimailuetatik haratago, Macronek aspaldiko errezeta berotu du beste behin, horretarako termino uniformizatzaileetan aleturiko estatu izaera berreskuratuz. Hori bai, hainbat agintari liberalek egin duten bezala, digeritzeko zailak diren erabakiak aletu aitzin gizartearen oniritzia duten kontzeptuak usurpatzeari ekin dio buruzagiak, bere plana sinesgarriago bilakatzea xede.

Agintera heldu zenetik «ahal duena salbatu» doktrinari lehentasuna eman dio Macronek, besteak beste ekintzailetzaren babesle sutsu bilakatuz. Osasun krisiaren karietara indibidualismo liberalaren predikua hozkailuan sartu eta orube publikoa aldarrikatzeari ekin dio.

Burujabetza, jasangarritasuna, birlokalizazioa... «Inor atzean utziko ez duen plana» aurkezteko orduan, adostasun maila handia sortzen duten kontzeptuak hautatu zituen Jean Castex lehen ministroak. Izan ere, sukaldaritzan bezala, osagaiak ere batean edo bestean erabilita, oso bestelako platera sor daiteke amaitzerakoan. Hala, trantsizio ekologikoa bere presidentetzaren ikurretako bat bezala aurkeztu zuen Macronek udako oporraldia baliatu du glifosato pestizidaren erabilpenari ezarritako debekua bertan behera uzteko. Berriro ere laborantza intentsiboa eta farmazia-industriaren mesedetan jokatuz.

Osasungintzaren alorrean murrizketek sorturiko hutsuneak agerian utzi zituen Covid-19ak. Bigarren olatuaren zain, egiturazko aldaketak gerorako utzi eta berehalako iragarpenak hobetsi ditu Gobernuak. Soldata igoera murritza proposatu du udazkenerako aurreikusita ziren mobilizazioak saihestu nahian. Eskola-sartzeari dagokionez, baliabideak bermatu ordez, eskola mapa berriak sortutako arrakalak zuzendu baino, diru-sarien eskema jorratu du. Hartara, ikastetxetako zuzendariek pandemiaren itzalpean abiatu den ikasturtean bizkar gainean hartuko duten ardurari dimentsio ekonomiko soila emanez, bere planifikazioaren mugak erakutsi ditu Gobernuak.

Hiriburuko Baste-Quieta eskola publikoa neurri batean uniformizaziorako esperimentazio gune bilakatu du Parisek. Azkeneko hiru hamarkadotan euskarazko hezkuntza garatzeko zabalduriko bidean hesia jarri du Macronek. Inondik inora arriskuan ez den frantses hizkuntzaren defentsa argudiotzat hartuz, Ipar Euskal Herriko erakunde eta eragile gehienek sostengatzen duten murgiltze ereduaren garapena mugatu nahi du Macronek. Covid-19aren garaian aspaldiko izurritea berpiztu da. Herri susperraldia izanen da (ber)uniformizazioaren aurkako txertorik eraginkorrena. •