Iñaki Soto

Kezkagarriak diren joerak eta haien ifrentzuak

Pandemiak zenbait joera indartu eta azkartu ditu. Horietatik zenbait positiboak dira, zalantzarik gabe. Adibidez, gauza garrantzitsuek garrantzia hartu dute berriro –bizitza, osasuna, maitasuna, lana… Norberak egin dezala bere zerrenda eta jar ditzala gauza garrantzitsuak nahi duen ordenan–. Ez soilik plano pertsonalean, baita komunitarioan eta are planetarioan ere. Horren adibide da klima larrialdiak agenda publikoan hartu duen lekua. Jakina, alor horretan ez dira hartu beharreko neurriak hartu, baina piztu den kontzientzia gauzak aldatu ahal izateko baldintza da.

Bestalde, baina horrekin lotuta, jendarte mailan zientziak, baita ezagutzak ere, indarra hartu dute. Zenbaiten kasuan, teologia berri bat bihurtzeraino, oso modu ilustratuan. Hori eztabaidatzea, edonola ere, zientziaren aurkako jarrerarekin borrokatzea baino errazagoa da.

Okerrak diren joerak aipatzen hasita, indibidualismoak bereziki kezkatzen nau. Gure artean arrotza zen arrazoibidea nagusitzen ari ote den zalantza daukat. Norberaren egoera eta interes partikularretik abiatuta gauzak justifikatzea normala izan daiteke, puntu batera arte. Baina graduak daude. Zenbait pertsonak politika publikoak behar partikular horien arabera, eta horien arabera soilik, justifikatzen dituzte. Nire ardurapean pertsona zaurgarri bat baldin badago, baldintza jakin batzuekin, horien arabera diseinatu eta justifikatuko dut gobernuek egin beharko luketena, besterik kontuan hartu gabe. Kontrara, nire kargu umeak baldin badauzkat, horiek beharko lukete lehentasuna izan, ez niretzat, baizik eta jendartearentzat. Gauza guztien gainetik. Hemen eta orain. Nire baldintzak aldatzen baldin badira, nire jarrera aldatuko da, trantsiziorik gabe, interes partikular berrien mesedetan. Behar partikular horiek, ordea, ez dira agerikoak izango. Moralki gailentzen saiatuko naiz, sarri manipulazioaren bidez. Kolektibismo zorrotzaren ajeak utzi duen panorama ez da, ez, espero genuena izan.

Horrekin lotuta, kongruentziaren galerak kezkatzen nau. Kongruentziak marko bat eskaintzen digu, jokabidez aldatuta ere, gauzak ulergarri egiten dituen marko orokor bat. Ez hori soilik: kongruentziak gauzak ulertzeko aukera ematen du, baita gauzak zergatik ez ditugun ulertzen ulertzeko aukera ere. Pandemian, politika publikoak azaltzerakoan, balio horren faltak kalte handia eragin du. Besteak beste, jarrera indibidualistei hauspoa eman die. Adibidez, maskaren inguruan egin den eztabaida guztiz desitxuratu du, nire ustez.

Horrekin batera, kezkagarria da polarizazio joera, edonondik begiratuta. Aurrekoarekin lotuz, binarismo sinplifikatzaile horrek jendea teologiaren, edo interes partikularren, edo jokabide inkongruenteen alde lerratzera bultzatu du. Polarizazioak pluralismoaren eta konplexutasunaren kontra egiten du. Pandemia, bizitzaren gauza garrantzitsuak, klima, interes komunitarioak, politika publikoak, ideia eta estrategia aldaketak… gauza konplexuak dira, berez.

Hari horretatik tiraka, sinplekeria da joera beldurgarrienetako bat. Ondo pentsatzen, agian ez zuzen, baina ondo pentsatzen ikasi behar dugu. Horrek ahalbidetuko du eztabaida publiko sakon, serio eta konplexu bat izatea. Komunitateek horren beharra dute. Horretarako, joera eskasak identifikatzeaz gain, haien ifrentzu bertutetsuak indartzen asmatu behar dugu. Ez da erraza. •