Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Infernu

Izena duena badela esaten zuten aspaldian. Zalantza daukat, ordea, izena den gurea edo gu ote garen jarri ziguten izenarenak. Hain zorizkoa dirudien erabaki batek zenbateraino baldintzatuko duen ondoren etorriko den guztia. Hemen, adibidez, pintura kraskatua ikusten dut hormetan, itsasoa urrun egon arren kolore-gose den kresala. Leiho hautsiak, eskeleto bilakatutako paretak; pipiak, hezetasunak eta denborak jandako egurrezko ateak; herdoila; porlana pitzatzeko gai diren belar txarrak; ospela; errepideko gasolina eta pneumatiko usaina; motor hotsa; zabalik dauden tailer apurretako ate eta leiho ondo itxiak. Eta izen bat, behe lainoaren gisan dena estaltzen duen izen bat. Infernu.

Ez dakienak ez luke sinetsiko hau ere Donostiaren zati dela; Maria Kristina hotelaren eta Kontxako barandaren eta Zinemaldiaren eta Airbnb-ren hiri izan nahi duen herriaren barruan dagoela pabiloi erdi erorien sail hau ere. Errotabururen eta Añorgaren artean, gasolindegi baten aldamenean eta errepidearen ondoan, parean eta azpian. Eta hemen ere jendea bizi dela. “Bizi” aditzaren konplexutasun guztiarekin, gainera. Batzuetan pentsatzen baitugu bizitza ere film bat dela; gu garela kamera, guk erabakitzen dugula enkuadrea, eta enkuadre horretatik kanpo dagoena ez dela existitzen. Woody Allenen betaurrekoak dauzkagula guk ere, Donostia, nahi dugunean, Mediterraneo ertzeko kolorez zipriztintzeko gai direnak. Dena kontrolpean daukagula. Horregatik, zineman eta zinematik kanpo, urduri jartzen gara irudietan ageri ez diren hotsak entzuten ditugunean, pausuak eta hizkuntza ezezagunak, ulertzen ez ditugun bizitzeko moldeak. Gure begiradak definitutako eremutik kanpo, kabitu ezinik. Eta izen bila hasiko gara, edo ezagutzen ditugun izenei izenondoak soldatuko dizkiegu.

“Etorkin” izenean sailkatuko ditugu multzo berean kabitzen ez direnak, edo “okupa” deituko diegu bizi proiektu ezberdin bat sortu nahian ari direnei. Eta izen hauen aldamenean jarriko ditugu “zarpail”, “lapur”, “gaizkile”, eta, esanaren esanez, azkenean ezingo dira bereizi izena eta izenondoa.

Eta sarekadak antolatuko ditugu, ikaraz begiratuko diogu aspaldi abandonatu genuen bazter honi, askoren bizitoki bilakatutako pabiloi hauek botatzeko proiektuak sortuko ditugu, ez hemen bizi direnek eta ez gutako gehienok erosi ezingo ditugun etxeak eraikitzeko.

«Donostia bakarra munduan» kantatuko dugu urtarrilaren 20a iristen denean, paparra ondo puztuta, Donostia bakarra balitz bezala, “marko inkonparable”-an bizi garen guztiok angulak janaz eta bost izarreko hoteletan xanpaina edanez bizi baikinan. Infernu ere Donostia ez balitz bezala. Donostia ere Infernu ez delakoan. Eta halaxe biziko gara, nor bere izenean konfinatuta. •